Euskal musika lehen lerroan, Celtic Connections jaialdian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-01-25

- Kalakan, Korrontzi, Huntza eta Oreka Tx taldeek urtarrilaren 24tik 26ra eskainiko dituzte emanaldiak Glasgowko Celtic Connections jaialdian.

- Eskoziako eta Euskal Herriko musika arloko hainbat ordezkari bildu dira egunotan jardunaldi profesional batean, lankidetzarako aukerak aztertzea helburu.

- Kalakan, Korrontzi, Huntza eta Oreka Tx taldeek urtarrilaren 24tik 26ra eskainiko dituzte emanaldiak Glasgowko Celtic Connections jaialdian. 

- Eskoziako eta Euskal Herriko musika arloko hainbat ordezkari bildu dira egunotan jardunaldi profesional batean, lankidetzarako aukerak aztertzea helburu.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak hasiera eman zien atzo Eskoziako Glasgow hirian egiten ari diren Connecting Cultures jardunaldi profesionalei. Ekimen honek, bi lurraldeetako artista eta sektoreko profesionalen arteko harremana eta lankidetza sendotzea bilatzen du.

Jardunaldiok Celtic Connections jaialdiaren esparruan gauzatzen ari dira. Celtic Connections, World Music edo munduko musika izeneko generoaren nazioarteko jaialdi erreferenteetako bat da, eta arlo kulturala eta komertziala barnebiltzen ditu.

Ekimenak, alde batetik, Euskal Herriko World musikaren adibiderik aipagarrienak diren taldeak ezagutarazi nahi dizkie Eskoziako entzulegoari eta bertaratzen diren nazioarteko programatzaileei. Horretarako, jaialdiak berak hautatutako Kalakan, Korrontzi, Huntza eta Oreka Tx taldeen emanaldiak programatu dira Celtic Connections-en. Horiei Tosta Banda gehitu zaie: hainbat hizkuntza gutxitu balioan jartzeko helburua duen proiektu kulturanitza, Irlanda, Eskozia, Gales, Kornualles, Frisia, Galizia eta Euskadiko kideak biltzen dituena eta Igor Otxoak eta Mixel Ducauk zuzendua.

Bestalde, proiektuak bi lurraldeen arteko lankidetza harremanak sendotzea du helburu. Hori dela eta, hitzaldi, bilera eta networking jarduerez osatutako programa bat

antolatu da, eta bertan managerrez, jaialdietako eta disko-etxeetako ordezkariez, kultur programatzaileez eta erakundeetako kideez osatutako 40 laguneko taldea bildu da. Euskal Herritik joandako profesionalen artean LadyRed Management, Mauka Musikagintza, DJ Makala, Korrontzi, Aztarna, Txalap.Art, Bidasoa Folk, Maitakultura, Euskal Barrokensemble eta Bapo Bapo Produkzioak-eko ordezkariak bildu dira, baita Euskal Herriko Musika Bulegoko, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko eta Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak ere. Profesional britainiarrak ere badaude; horien artean aipagarria da Creative Scotland-en presentzia: Eskoziako sormen eta kultura industrien garapenerako Gobernuko agentzia. Horrez gain, bertako hainbat jaialdiren ordezkariak ere gonbidatu dira, hala nola Glasgowko jazz jaialdia, Fringe, HebCelt, Knockengorroch World Ceilidh, Skye Festival edota Manchester Folk, baita hainbat management enpresa, ekoizle, promotore eta arte-gune ere.

Irene Larrazaren hitzetan, ekimen honek “aukera bikaina eskaintzen du mundu-musikaren arloan euskal artistek duten talentua nazioartean erakusteko, baita bereziki topaketa honetara gonbidatutako Eskoziako promotore eta programatzaileak aurrez-aurre ezagutzeko ere”.

Era berean, jardunaldi hauetarako, World Music generoan aipagarriak diren euskal artisten katalogo bat argitaratu da, bertaratu diren guztiei banatu zaiena; baita CD bilduma bat ere, mundu-musikan erreferentea den Songlines aldizkariarekin batera urtarrila-otsaileko edizioan banatzen ari dena.

Korrontzi eta Kalakan izan dira taularatzen lehenengoak

Emanaldiei dagokienez, Glasgowko euskal musikaren erakusleihoa atzo bertan zabaldu zen Korrontziren kontzertuaren eskutik, Old Fruit Market izeneko areto bihurtutako antzinako fruta merkatu batean. Agus Barandiaranen trikitixak, bandako gainontzeko musikariek eta dantzariek lagunduta, zutik jarri zuen bertako ikus-entzulegoa.

Horren ostean Kalakan taldearen txanda izan zen, eta hauek emanaldi dotore, soil eta intimista eskaini zuten Glasgowko Royal Concert Hall aretoan. Bertan, euren euskal kantu tradizionalen moldaketa berezi eta mistikoak interpretatu zituzten, ahotsen soiltasuna txalaparta, danborra eta albokaren kutsu antzinakoarekin nahastuz.

Hirukoteak, gainera, Eskoziari omenaldi txiki bat egin zion, bertako Kim Carnie eta Innes White artisten laguntzaz, euren errepertorioko kantu batzuk gaelikoz eta euskaraz abestuz. Emozioz beteriko ikuskizuna izan zen.

Gaur arratsaldeko 19:30ean Huntzaren txanda izango da, eta Danu with Imar artista Irlandarrekin batera joko dute Queen Margaret Student Union aretoan. Tosta Bandak ere gaur eskainiko du emanaldia, Royal Concert Hall-en 20:50ean. Jaialdiko azken euskal kontzertua Oreka Tx bikoteak eskainiko du bihar, hilak 26, 19:30ean Royal Concert Hall-en baita ere.

Programazio kulturala Eskozian

Celtic Connections jaialdiko euskal partaidetza, Etxepare Euskal Institutuak aurten Eskozian antolatuko duen programazio kulturalaren ekintzetako bat da. Institutuak, beste hainbat euskal erakunderen laguntzaz, #ScotlandGoesBasque ekimena gauzatu du, Euskal Herriko kultura garaikidea Eskozian ezagutarazteko eta bertakoekin kulturaren, arteen eta hizkuntzaren bitartez harremanak estutzeko helburuarekin. Urtarriletik urrira bitarte, 100  inguru artista eta kultur eragilek bidaiatuko dute Eskoziara, bertako jaialdirik garrantzitsuenetako batzuetan parte hartuz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu