Euskal pilota
Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal Herriko herri-kirol izenez ezagun diren kirol-lehiaketak euskal gizarte tradizionalaren lan-munduan errotzen dira, nahiz eta izan badiren landa-eremutik kanpo garatu diren kirol diziplinak, euskal pilota kasu. Euskal pilota edo pilota jokoa Euskal Herriko pilotalekuetan jokatu ohi den kirola da. Jokoaren aldaerak bereizteko, bi alderdi hauek hartzen dira kontuan: pilotaleku mota (plaza hormagabea, horma bakarreko pilotalekua edo frontoia, trinketa...) eta pilota zerekin jo behar den (esku hutsa, xistera, pala, xarea...).
Historian zehar, belaunaldi andana pilota jokoan aritu da munduko hainbat lekutan, belardiak eta bestelako hainbat baliabide erabiliz. Jolas horiek, entretenimendua eta erronka pertsonala xede zutenak, unibertsalak bilakatu dira eta modu ezberdinetan eboluzionatu dute. Frantziako Jeu de Paume-a, danbolinaren jokoa, bahearena, denak ere antzinako pilota jokoen adierazpen biziak dira, eta euskal pilota eta tenisa, esaterako, joko haien ondorengo zuzenak dira. Nafarroan, XIV. mendean, pilota jokoa oso ezaguna zen, batez ere eskuzko pilota modalitatean. XVII. eta XIX. mendeetan, jokoa hobetu eta dibertsifikatu egin zen, eskuarekin, palarekin, erremontearekin eta zesta-puntarekin. Azken hori izan zen Amerikan gehien zabaldu zena, bereziki erbesteratutako euskaldunek sustatua. XX. mendean, kirola profesionalizatu egin zen, nazioarteko lehiaketei eta hainbat herrialdetako frontoien hedadurari esker. Besteak beste, 1952. urteaz geroztiko munduko txapelketak nabarmendu dira, kirol hori maite eta gurtzen duten herrialdeak biltzen baitituzte.
Esku pilota, esku-ahurretako abilezia
Eskuzko pilota, pilota jokoaren aldaera bat da eta esku hutsez jokatzen da. Horretarako, bi jokalari edo bina bikote lehiatzen dira, elkarren kontra. Banaka zein binaka, txandaka kolpez jaurtitzen dute pilota frontisaren kontra, harik eta bi aldeetako batek huts egin duelako besteak puntua lortzen duen arte. Euskal Herrian ez ezik, Errioxan, Aragoin eta Gaztela eta Leonen ere jokatzen da. Nazioartean ere, Irlandan antzerako kirola jokatzen da: irlandar pilota. Hainbat neurritako pilotalekuetan jokatzen da, hala ezker paretakoetan nola trinketetan.
Zesta punta, jai alai ikuskizun
Zesta punta xistera handia izeneko saskiarekin jokatzen da. Munduko joko bizkorrenetarikoa ei da, pilotak hartzen duen abiadura dela-eta. Ahuntz larruz forraturiko 125-140 gramoko pilotak 300 km/h baino azkarragoak diren jaurtiketak neurtu dira. Pilota jokoaren espezialitateetako bat da, Eusko Pilotaren Nazioarteko Federakuntzak bere munduko pilota txapelketetan sartua duena. Arintasun eta zehaztasun handiko ikuskizuna da gaur egun, eta ikusle ugari biltzen dituen txapelketa arrakastatsuen artean daude Gernikako Jai Alai Winter Series eta Donibane Lohitzuneko nazioarteko txapelketa.
Erremontea, kolpekako zesta
Erremontea pilota jokoaren aldaera bat da, xistera ez oso sakonarekin jokatzen dena. Pilota xisteraren behealdetik sartzen da eta puntatik irteten da etengabeko mugimendu batean. Zesta puntan aldiz, pilota hartzen da, eta gero, bultzada batekin frontisera jaurtitzen da; pilota une jakin batean geldi dago saski barruan. Xisterak zesta-puntako xisteraren antza du, baina konkordura txikiagoa du, ez baitauka zestak daukan sabel sakona; sendoagoa da.
Pala, aisialdi-jolas
Pala zurezko paleta bidez jokatzen den modalitatea da, eta normalean gomazko pilota batekin aritzen dira lehiakideak. Aisiarako hedatuena da, ez omen da-eta gainerako espezialitateak bezain gogorra. Hala ere, gomazko palaren antzera, pala motza ere ezaguna da, eta pagozko eta zur noblez eginiko palaren bitartez larruzko pilota bat astintzean datza.
Ondare bizia
Gaur egun, euskal pilotak toki nabarmena du gizartean, garai ezberdinetara egokitu baita bere izatea inolaz ere galdu gabe. Teknologiak eta globalizazioak kirola urrutiko txokoetara helaraztea ahalbidetu dute, hala lehia nola kirol-legearen grina zabalduz. Euskal pilota kirola baino askoz gehiago da, ezinbestean. Belaunaldiak eta belaunaldiak batzen dituen tradizioa eta indarra, teknika eta pasioa uztartzen dituen artea ere bada. Txapelketa bakoitzean txapela jartzea lurraldearen historia eta nortasunarekin bat egiten duen erritu bilakatu da.