Euskal sortzaileak 2019ko ARCO azokan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-02-26

Otsailaren 27an hasiko da Madrilgo Arte Garaikidearen nazioarteko azoka, ARCO, eta martxoaren 3ra bitarte iraungo du. Bertan, Euskal Herriko arte galeria bakarra izango da aurten: Bilboko Carreras Mugica. Horrez gain, hainbat euskal artistak ere euren lanak eramango dituzte bertara.

Otsailaren 27an hasiko da Madrilgo Arte Garaikidearen nazioarteko azoka, ARCO, eta martxoaren 3ra bitarte iraungo du. Bertan, Euskal Herriko arte galeria bakarra izango da aurten: Bilboko Carreras Mugica. Horrez gain, hainbat euskal artistak ere euren lanak eramango dituzte bertara.

Bigarren urtez, ARCOra joango den euskal galeria bakarra izango da Bilboko Carreras Mugica. Arte garaikidea jorratzen duen galeria honek, nazioarteko artisten obrak Espainiako Estatuan zehar zabaltzeaz gain, euskal artista berriei ere bidea ireki eta sustapena egiten die. Aurten azokan jarriko duen erakustokian artista hauen lanak aurkeztuko ditu galeriak: Bilboko June Crespo, Erlea Maneros Zabala,  Jon Mikel Euba eta Txomin Badiolarenak; Itziar Okariz eta Juan Perez Agirregoikoa donostiarrenak; Olaztiko Ángel Badosenak; Asier Mendizabal ordiziarrarenak; Pello Irazu andoaindarrarenak; Hondarribiako Sergio Pregorenak eta Barakaldoko Raul Dominguezenak, Euskal Herri mailan. Horrez gain, Angela de la Cruz coruñarrarenak, San Franciscon jaiotako Richard Serrarenak eta Armando Andrade Tudela artista perutarrarenak ere ikusgai egongo dira, baita Eduardo Chillidaren obraren bat ere.

Azokan, gainera, beste hainbat galerien eskutik, euskal sortzaile gehiagok ere euren lanak ikusgai izango dituzte: Kepa Garraza, Mari Puri Herrero edota Alain Urrutia bilbotarrek; Esther Ferrer, Maider Lopez eta Cristina Iglesias donostiarrek; edota Manu Muniategiandikoetxea bergararrak, besteak beste.

Espainiako hiriburuko IFEMA azoka-barrutian urtero antolatzen den ARCO azokaren aurtengo edizioan, 30 herrialdetako 203 galeriak hartuko dute parte. Horietatik batzuek, komisario batek gidatutako hiru gunetan banatuta egongo dira. Bata Diálogos da, eta haren helburua, bertara deitutako galeria bakoitzak, bere katalogoko bi artista ezberdinen lanetan oinarritutako belaunaldi-arteko elkarrizketa sustatzea izango da. Bigarren guneak Opening du izena, eta artista berrienei (gehienez merkatuan zazpi urte daramatzatenei) espazio bereizi bat emateko helburuarekin dago sortua. Hirugarrena, azkenik, Perú en ARCO deituko da; izan ere, hau izango da aurtengo ohorezko herrialde gonbidatua. Gonbidapen honen bidez, azokak Latinoamerikarekin duen harremana sendotu nahi izan du, bertako arte garaikidea Espainian gehiago zabaltzeko asmoz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu