Euskal zinea, indartsu Nantesko Zinemaldian
Euskara. Kultura. Mundura.
Duela bi aste iragarri genuen euskal zinemak partaidetza handia izango zuela 25. Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdian, eta berria are pozgarriagoa da gaurkoan: Mikel Ruedaren A escondidas filmak Opera Prima saria eskuratu du bertan!
Etxepare Euskal Institutuak babestutako eta euskal zineari eskainitako Fenêtre Basque atalak 15. urteurrena ospatu du aurten, eta ondo ospatu ere: Sail Ofizialean eta Opera Prima saialean lehiatu diren pelikulen %50 euskal produkzioak izan dira –orotara, zazpi-, metraje laburreko bi euskal pelikula Film Labur Onenaren Sarirako hautagai izan dira eta gazteentzat antolatu duten emanaldi berezia ere euskalduna izan da.
Euskal produkzioaz gain, bertako protagonistak ere izan dira jaialdian. Esaterako, Kimuak programako arduradun Txema Muñoz Dokumental Onenaren Sariko epaimahaikide izan da. Hain zuzen, Kimuak 2014 bildumako laburrak ere egon dira ikusgai jaialdian, besteak beste. Bestalde, zuzendari guztiek egin dute Nantesen parada, euren filmak aurkezteko. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea Nantesko zinemaldiko inaugurazioan izan zen; amaieran eta sari banaketan, berriz, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Euskal Institutuko zuzendaria.
Lehiatu diren pelikulen artean honakoak aurki ditzakegu: Loreak, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga; Los Tontos y Los Estúpidos, Roberto Castón; Negociador, Borja Cobeaga; A escondidas, Mikel Rueda; La noche del ratón, David Losada; Lasa eta Zabala, Pablo Malo; edota Mikel Artetaren 1980. Ikusi parte hartu duten film guztiak hemen.
Argazkietan: Mikel Rueda zuzendaria saria jasotzen; Txema Muñoz, Kimuakeko zuzendari eta Dokumental Onenaren Sariko epaimahaikidea Frantziako kultura ministro ohiarekin.