Euskal zinearen loraldia Eskozian
Euskara. Kultura. Mundura.
Aurten udaberria euskal zinearen urtaroa da Eskozian #ScotlandGoesBasque ekimenari esker. Azken berrogei urteotan euskal zinemagintzak izandako bilakaera hizpide hartuta, hiru belaunalditako zinegileek sortutako filmen aukeraketa ikusgai dago egunotan Glasgowen eta Edinburgon eta baita Erresuma Batuko beste zenbait hiritan.
Aurten udaberria euskal zinearen urtaroa da Eskozian #ScotlandGoesBasque ekimenari esker. Azken berrogei urteotan euskal zinemagintzak izandako bilakaera hizpide hartuta, Films from Basque Country atzera begirakoaren barnean, hiru belaunalditako zinegileek sortutako filmen aukeraketa ikusgai dago egunotan Glasgowen eta Edinburgon eta baita Erresuma Batuko beste zenbait hiritan, hala nola Londresen, Manchester-en eta Leeds-en. Gainera, hainbat jarduera osagarri burutzen ari dira zinea aitzakia harturik: maisu eskolak, zinea eta gastronomia uztartzen dituzten ekimenak, euskal dantza emanaldiak eta abar. Eta antolatzaileen aburuz, eskoziarrek ederki erantzun dute horietan guztietan. Hona hemen gaurdaino, Films from Basque Country zikloaren harira jazotakoaren kronika.
Atzera begirakoa apirilaren 25an abiatu zen Glasgowko Centre for Contemporary Arts delakoan Kimuak programaren 2018ko hautaketaren proiekzioarekin. Harrera ona egin zieten eskoziar ikusleek Maddi Barberren 592 metroz goiti, Josu Martinezen Ama, Mari Elorzaren Ancora Lucciole (Oraindik ipurtargiak), Miguel Angel Jimenezen Kafenio Kastello, Sara Fantovaren No me despertéis (Ez nazazue esnatu), Pello Gutierrezen Zain eta Iban del Camporen Espedizio handia film laburrei. Edinburgon, berriz, Telmo Esnalen Dantza pelikulak eman zion hasiera zikloari hilaren 26an; horren ostean, zera idatzi zuen Chris Dobson kritikoak Take One zine aldizkarian: “Dantza erabat liluragarria da, elkarrizketa bakar bat ere ez duen arren [...]. Ziur aski ez dago euskal kultura eta ohiturak ezagutzeko Dantza film bozkariotsua baino hoberik”.
Apirilaren 28an, Leith Pintxos & Films Crawl delakoa burutu zen. Films from Basque Country atzera begirakoan antolatzaile jardun duten Cinemaattic plataformako arduradunen hitzetan, helburua zen Edinburgoko Leith auzoan pintxo ibilaldi bat egitea, Donostiako edo Bilboko alde zaharretan ohitura den legez, euskal zinea ikusteko aukerarekin uztartuz. Berrehun pertsonek zenbait tabernatan geldialdia egin eta horietan Kimuak-eko film laburrak ikusteko aukera izan zuten, pintxoak dastatzen zituzten bitartean; iluntzean, Álex de la Iglesiaren El día de la bestia (Piztiaren eguna) filmaren emanaldiarekin amaitu zuten eguna.
Maiatzaren 1a, aldiz, Tasioren eguna izan zen Glasgowen. Miren Manias-Muñozek Montxo Armendarizen klasiko horren testuingurua azaldu zuen eta proiekzioaren ostean ikusleak harriturik eta pozarren zeuden Glasgow Film Theatre-ko pantaila handian 35 mm-tako formatuan film eder hori ikusteko aukera izanagatik.
Etenik gabe, hurrengo egunean Edinburgh College of Art arte ederren eskolan euskal zinegile emakumezkoek hartu zuten hitza: Izibene Oñederra eta Begoña Vicario animazio sortzaileek euren hastapenak azaldu eta talde-lanak aurkeztu zizkieten animazioaren alorreko ikasle zein profesionalei. Eta ia aldi berean, handik gertu, Ana Schulz zuzendariak Mudar la piel, zine dokumentala eta fikzioa uztartzen dituen lana aurkeztu zuen.
Maiatzaren 4ean, euskal gastronomian tradizioak eta berrikuntzak duten garrantzia aztertzen duen Bihar dok 13 dokumentala afari batek lagunduta ematearen proposamena oso erakargarri gertatu zitzaion publikoari eta berehala agortu ziren eskuragarri jarritako hogeita hamar lekuak.
Eta biharamunean euskal zinearen beste klasiko bat proiektatu zuten Glasgow Film Theatre-en: Julio Medemen Vacas, hain zuzen.
Orain arte emandako filmek eta horien inguruko jarduerek izandako harreraren inguruan zein iritzi duten galdetuta, Cinemaattic-eko arduradunek esan dute bai ikusleen eta baita Glasgow Film Theatre bezalako erakundeen arduradunen erantzuna ezin hobea izan dela; euskal zinearen eskaintza espero zutenetik haratago joan dela eta, are gehiago, euskal zinemagintzan sakontzeko gogoz geratu direla.
Baina euskal udaberria ez da amaitu oraindik: datozen asteotan gure zinearen inguruan izango da zer esanik #ScotlandGoesBasque programaren baitan: Glasgowen Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak, Víctor Ericeren El espíritu de la colmena (Erlauntzaren espiritua), Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados (Ez da bakerik izango maltzurrentzako) eta Montxo Armendarizen Obaba ikusteko aukera izango da; bestalde, Londresen, Manchester-en eta Leeds-en Kimuak programako filmak proiektatuko dituzte. Ekainean, Edinburgh International Film Festival jaialdian, Koldo Almandozen Oreina aurkeztuko da (estreinako aldiz Erresuma Batuan) eta ikusgai izango da, halaber, Iban del Camporen Espedizio Handia film laburra; eta horrekin batera, zinearen industriaren alorreko eskoziar zein euskal profesionalei elkarlanerako topagunea ere izango da nazioarteko jaialdi nabarmen horretan.