Euskal zinemak presentzia nabarmena izango du Donostiako 71. Zinemaldian

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-09-22

Donostia Zinemaldiaren 71. edizioak 19 euskal film hartuko ditu, 14 euskaraz emango dira.  Nazioarteko zinemaren hitzordu handia irailaren 22tik 30era bitartean gauzatuko da, eta agerian utziko du euskal sektorearen indarra.

Aipatzekoa da, aurten lehen aldiz, Zinemaldiko Sail Ofizialeko proiekzio guztiek euskarazko azpitituluak izango dituztela. Film bakoitza jatorrizko bertsioan proiektatuko da eta, behar izanez gero, azpitituluak jasoko ditu.

Sail ofiziala

Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren filmen artean Isabel Herguerak zuzendutako ‘El Sueño de la sultana’ dago. Uniko, Sultana Films, El Gatoverde Producciones, Abano Producións eta Fabian & Fred dira filmaren ekoizleak.

1905ean, Rokeya Hossein idazle bengaliarrak Ladylandekin egiten zuen amets, emakumeek gobernatutako lurralde utopikoarekin. Handik mende batera, Inés zuzendari espainiar gazteak autoaurkikuntza-bidaia bati ekitea erabaki du, Rokeyaren aztarnei jarraituz eta Ladyland-en bila.

Bestalde, lehian egongo da ere Jaione Cambordaren ‘O corno / The Rye Horn’; filmak Ikusmira Berriak programan hartu zuen parte 2020an, proiektu-fasean zegoela, eta Donostian eman aurretik Toronton erakutsi da. Esnatu Zinemak filmaren produkzioan parte hartu du.

Donostia Saria

Donostia Zinemaldiak 1986an sortu zuen Donostia Saria, eta Zinemaldiaren historian betiko oroitu nahi diren figura handiek zinemaren munduari egindako ekarpena aitortzea du helburu.

Víctor Ericek aurtengo Donostia Sarietako bat jasoko du du. Sari hori beretuko duen lehen euskal zinemagilea da. eta ‘Cerrar los ojos’  filma aurkeztuko du jaialdian, bakarka zuzendutako lehen filmak, ‘El espíritu de la colmena’, Urrezko Maskorra eraman eta 50 urte beranduago.

Zabaltegi

Zabaltegi-Tabakalera da Donostia Zinemaldiko lehiazko sailen artean irekiena, ez baitu, estiloari edo denborari dagokionez, inolako arau edo mugarik: laburrak, ertainak, luzeak, fikziozkoak, ez-fikziozkoak, animazioak, serieak, ikus-entzunezko instalazioak, etorkizuneko aurkikuntzak eta klasiko garaikideak, Espainian erakutsi gabeak. Begirada eta molde berriak bilatzen dituen zinemari leku egiten dion saila da; eremu ireki eta arriskatua zinez.

Alde batetik, Irati Gorostidiren ‘Contadores’ film laburra lehiatuko da, Apellaniz y De Sosa, Tractora eta Pirenaika ekoitzita, eta Kimuak 2022 katalogoan parte hartu duena.

Bestalde, Ion de Sosaren ‘Mamántula’ lan berriak mundu mailako estreinaldia izango du sail honetan. Apellaniz y de Sosa, Señor y Señora, Paola Á. Filmproduktion, Tasio eta UMMM enpresek ekoizten dute.

Zinemira

Zinemira atalean ere euskal lan nabarmenak izango dira ikusgai. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak, Irizar eta EITBren babesarekin, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APVren, IBAIAren eta Zineuskadiren laguntzarekin euskal zinemari eskainitako atala da, hain zuzen ere.

20.000 erle-espezie’ bertan izango da, Estatuko zein nazioartean egindako ibilbide arrakastatsuaren ondoren. Estibaliz Urresola Solagurenen opera prima Gariza Films, Inicia Films eta Sirimiri Films enpresek ekoiztu dute, eta hainbat aintzatespen jaso ditu izen handiko jaialdietan, hala nola, Berlinalen, Malagako Zinema Jaialdian, Hong Kong International Film Festivan edo Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko jaso duen aurre-hautaketa.

Atal honetan Paul Urkijoren ‘Irati’ filma ere lehiatuko da. Kataluniako Fantasiazko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian mundu mailako estreinaldia izan ondoren, azpimarratzekoa da historiako euskarazko filmik arrakastatsuena dela. Izan ere, nazioarteko 15 jaialdi ingurutan parte hartu du, Seattle IFF, Macabro México eta Glasgow Film Festival, besteak beste. Gainera, hainbat aintzatespen jaso ditu, hala nola Zuzendari Onenaren Saria Brasilgo Fastaspoa Jaialdian, Film Onenaren eta Argazki Onenaren sariak Murtziako Europar Zinema Fantastikoan, Publikoaren Saria Sitgeseko Zinemaldi ospetsuan eta Goya sarietarako bost izendapen ere izan zituen.

Amat Vallmajor del Pozoren lehen film luzea ere ikusgai izango da, ‘Misión a Marte’ Berlingo Kritikaren bederatzigarren Astean nazioarteko estreinaldia izan zuena.

‘Tetuán’ filmaz ere gozatu ahal izango dugu. Bizitza errealeko esperientzia pertsonaletan oinarritua, Iratxe Fresnedak bidaia pertsonal batean sartzen gaitu.

Era berean, Félix Viscarret zuzendariaren ‘Una vida no tan simple’ filmaren proiekzioa ere izango dugu, Lamia Producciones, Klingsor Films, AIE eta A Contracorriente Films ekoiztetxeek ekoiztutako lana.

Euskal Zinemaren Irizar Saria

Berariazko epaimahai batek Euskal Zinemaren Irizar Saria emango dio Donostia Zinemaldiko edozein sailetan mundu osorako estreinatutako euskal ekoizpenik onenari.

Saria irabazteko lehiatuko den  filmetako bat ‘Las buenas compañías’ izango da. Silvia Muntek zuzendutako eta Irusoinek ekoitzitako filmak Ikusleen Saria lortu zuen Giza Eskubideen 20. Zinemaldian.

Fermin Muguruzak ere bere azken proiektua aurkeztuko du, ‘Bidasoa 2018-2023’, Talka Records & Films eta Barton Films ekoiztetxeen eskutik.

Azkenik, Josu Martinezen azken bi lanak ezagutzeko aukera izango dugu: ‘Mirande, film bat egiteko zirriborroa’ eta ‘Bizkarsoro’.

Made in Spain

Lehiaketaz kanpoko sail honetan, urte barruan Espainian egindako zinemaren isla diren filmen aukeraketa bat eskaintzen da. Espainian estreinaturiko zein estreinatu gabeko lanak izan daitezke, eta Zinemaldiak nazioartean hedatzeko plataforma bat eskaintzen die film horiei.

Sail honetan  ‘Upon Entry’ lanak parte hartuko du. Alejandro Rojasen eta Juan Sebastian Vasquezen opera prima, Basque Films, Zabriskie Films, Sygnatia eta Upon Entry AIE konpainiek ekoiztu dute. Malagako Zinemaldian Gizonezko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Biznaga saria eta Estoniako Tallinn Black Nights Film Festival jaialdiko FIPRESCI saria jaso zituen filmak.

Euskal Zinemaren Gala

Bestalde, Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien eta La tentación producciones ekoiztetxearen ‘Arnasa Betean’ dokumentala izango da aurtengo Euskal Zinemaren Galaren protagonista. Belaunaldi ezberdinetako euskal zinemagileek parte hartu dute lan honetan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu