Euskal zinemaren presentzia nabaria izango da Nantesko Zinemaldian
Euskara. Kultura. Mundura.
Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiak 28. edizioa izango du aurtengoa eta, beste behin, euskal zinemagintzak ordezkaritza zabala izango du urtero 27.000tik gora ikusle biltzen dituen zinemaldi honetan. Zinemagile euskaldunek zuzendutako zein Euskal Herrian ekoiztutako pelikulak eta film laburrak ikusi ahal izango dira martxoaren 28tik apirilaren 8ra Nantesen.
Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, babesten duen Fenêtre Basque-k (Euskal Leihoa) adin txikiko izateari utziko dio aurten: 18 urte beteko ditu euskal zinemagileek zuzendutako zein Euskal Herrian ekoiztutako zinemagintzaren hautaketa bat eskaintzen duen atal honek. Zortzi film luze eta 14 film labur eskainiko ditu aurten Fenêtre Basque-ek, jaialdiko sail ezberdinetan banatuta, jatorrizko bertsioan, frantsesezko azpitituluekin. 2001ean sortutako atal honek Euskal Herritik kanpo aurki daiteken euskal zine programazio zabalenetarikoa eskaintzen du eta gure zine-sortzaileen lana Frantziako ikusle, kritika eta zinema industriarengana helarazteko plataforma garrantzitsua da.
Jaialdiak dituen sailetan zehar izango du parte-hartzea euskal zineak. Euskal Leihoaren baitan honako film luzeak eskainiko dira: Arizmendiarrieta, el hombre cooperativo (Gaizka Urresti, 2017) Mondragon fundazioaren sortzailearen inguruko dokumentala; Olivier Van der Zeerek zuzendutakoArte al agua. Los bacaladeros de Terranova (2017) eta Teresa eta Galtzagorri (Agurtzane Intxaurraga, 2017) animaziozko filma.
Sail lehiakorrean ere izango dira euskal zinemagintzaren ordezkariak. Donostiako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eta Goya Sarietan 10 garaikur irabazitako Handia filmak (Jon Garaño, Aitor Arregi, 2017) bere ibilbide oparoarekin jarraitu eta sail ofizialean lehiatuko da, baita Borja Kobeagaren Fe de etarras (2017) ere. Paul Urkijoren Errementari (2017) Opera Prima sailean ikusiko da.
Komedia generoari leku berezia eman, eta jaialdiak Rires et delirès izeneko zikloa antolatu du aurtengoan, eta euskal pelikulak izango dira bertan ere: Airbag (Juanma Bajo Ulloa, 1997), Abracadabra (Pablo Berger, 2017) eta Pagafantas (Borja Cobeaga, 2009).
Euskal laburmetraien urtea
Euskal laburmetraiek leku berezia izango dute Nantesko zinemaldiaren programazioan. Alde batetik, eta urtero bezala, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak film laburrak sustatu eta nazioartekotzeko bultzatzen duten Kimuak plataformaren hautaketa eskainiko da. Zazpi lan izango dira orotara, guztiak 2017ko ediziokoak.
Bestalde, Kimuak-ek 20 urte bete dituela ospatzeko, edizio guztien artean sarituenetakoak izan diren lanen hautaketa bat egin da, eta Nantesen ikusi ahal izango dira zazpi film labur horiek.
Euskal sortzaileak Nantesen
Euskal zinemagintza sortzaile zein erakundeetako ordezkariek lagunduta aurkeztuko da Nantesen. 28. edizio honetan Miren Arzalluz izango da Sail Ofizialeko epaimahai burua. Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaritzan urtebete eman ondoren, Parisko Palais Galliera moda museoko zuzendari da egun Arzalluz, eta Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemagintzaren Irizar sariko epaimahai ere izan zen 2017an.
Euskal Leihoko hainbat filmen lan taldeetako sortzaileak ere gonbidatu dituzte jaialdira. Bertan izango dira Juanma Bajo Ulloa (Airbag); Paul Urkijo (Errementari); Borja Cobeaga eta Diego San Jose (Fe de etarras); Eneko Sagardoi (Handia); Agurtzane Intxaurraga (Teresa eta Galtzagorri), Pablo Berger (Abracadabra) Gaizka Urresti (Arizmendiarreta) edota Olivier Van der Zee (Arte al agua).
Erakundeetako ordezkarien babesa ere izango dute jaialdian zehar: Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza, Donostiako Zinemaldiako Jose Luis Rebordinos eta Euskadiko Filmategiko Kimuak programako arduradun Txema Muñoz bertan izango dira.
Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) filmak:
8 film luze: dokumentalak eta fikzio lanak
• Airbag (1996), Juanma Bajo Ulloa (Komedia zikloa)
• Arizmendiarrieta, el hombre cooperativo (2017), Gaizka Urresti
• Arte al agua. Los bacaladeros de Terranova (2017), Olivier van der Zee
• Errementari (2017), Paul Urkijo (Opera Prima)
• Fe de etarras (2017), Borja Cobeaga (Sail Ofiziala)
• Handia (2017), Jon Garaño eta Aitor Arregi (Sail Ofiziala)
• Pagafantas (2009), Borja Cobeaga (Komedia zikloa)
• Teresa eta Galtzagorri (2016), Agurtzane Intxaurraga
14 film labur
Kimuak 2017 :
• Ab alio (2017),Iñigo Royo Etxezarreta eta Iñigo Fernández Ostolaza
• Aprieta pero raramente ahoga (2017), David Pérez Sañudo
• Areka (2017), Atxur Animazio Taldea
• Euritan (2017), Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi
• For the good times (2017), Andrés Daniel Sainz
• La fiebre del oro (2017), Raúl de la Fuente
• Plágan (2017), Koldo Almandoz
Kimuak – 20 urte:
• 7:35 de la mañana (2003), Nacho Vigalondo
• Democracia (2013), Borja Cobeaga
• Éramos pocos (2005), Borja Cobeaga
• La gran carrera (2010), Kote Camacho
• On the line (2008), Jon Garaño
• Sintonía (2005), Jose Mari Goenaga
• Voice over (2012), Martín Rosete
Programazio osoa esteka honetan:
http://es.calameo.com/read/00021238718c1904f9a5a