100 pertsonatik gora euskara maila egiaztatzeko azterketak egingo dituzte Buenos Airesen, Madrilen eta Bartzelonan

Euskara. Kultura. Mundura.

2024-07-18

Euskara sustatzeko Etxepare Euskal Institutuak egiten duen lanen artean dago euskararen eremutik kanpo euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzea, HABErekin elkarlanean. Etxepare Euskal Institutuak euskal etxeetan euskara ikasten ari diren ikasleen euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo; urtero Madril eta Bartzelonan egiten dira, eta lau urtean behin, baita Argentinan ere.  Aurten, hiru tokietan egingo dira probak.

Guztira, 104 ikaslek egingo dute euskara maila egiaztatzeko azterketa Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo, B1 mailatik C2ra. B1 mailako azterketarako 15 ikaslek eman dute izena, B2 mailarako 28k, C1 mailarako 51k eta C2 mailarako 10ek.

Buenos Airesen, uztailaren 20an, larunbatean, eta 21ean, igandean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B1, B2 eta C1 euskara mailak egiaztatzeko idatzizko eta ahozko azterketak egingo dira Laurak Bat Euskal Etxean. Mahai aztertzailea Irene López de Vicuñak, Sabrina Oteguik eta Kinku Zinkunegik (Euskara Munduan programaren koordinatzailea) osatuko dute, eta 23 ikaslek egingo dute azkeketa: B1 mailako 8 ikasle, B2ko 8; eta C1 mailako 7.

Aurten azterketa egingo duten ikasleek gehiengoak duela lau urte hasi ziren euskara ikasten, Euskara Munduan programaren bitartez. Urtarrilean eta Otsailean Lazkaoko Maizpide barnetegian Argentina eta Txileko irakaslegai talde batek egonaldia egin zuen, eta orain, haien maila egiaztatzeko proba egingo dute.  Azterketa hau, edozein dela emaitza, lau urtetako formakuntzaren fruitua da, eta inoiz baino ikasle gehiago matrikulatu dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo azterketa egiteko.

Aurtengo urtarrilean, Hego Amerikako 15 ikaslek San Nicolasen (Argentina) zerotik hasi dute haien formakuntza, neguko barnetegian.

Madrilen 61 ikaslek maiatzean hasi zituzten maila egiaztatzeko azterketak, eta Bartzelonan 20 ikaslek. Idazmen proba eta mintzamenekoa udazkenean egingo dituzte.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programak mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea du helburu. Euskal Etxeetan ematen diren eskolak diruz lagundu eta materialez hornitzeaz gain, euskara irakasleen trebakuntza sustatzen da programa honen bidez. Izan ere, giza baliabideei dagokionez, Euskal Etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu beharra dute eta hori erronka handia da. 

Euskarari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu