Euskara Munduan
Euskara Munduan
Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean dago mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea, eta horretarako dugu Euskara Munduan programa.
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuaren eginkizunen artean dago mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea, eta horretarako dugu Euskara Munduan programa. Gaur egun mundu osoko 70etik gora euskal etxetan ematen dira euskara eskolak Institutuaren laguntzarekin.
Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena.
2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa eta ondoren aipatzen diren eginkizunak garatzen ditugu.
Ikusi hemen euskara eta euskal ikasketen mapa interaktiboa.
Munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak diruz lagundu
Urtero, deialdi publiko baten bidez, mundu osoko euskal etxeek euskara eskolak emateko dituzten gastuei aurre egiteko dirulaguntzak ematen ditugu.
Horrekin batera, ikasleentzat barnetegiak ere antolatzen dira urtean garai eta herrialde jakinetan.
Irakasleen trebakuntza sustatu
Giza baliabideei dagokionez, euskal etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu beharra dute eta hori erronka handia da. Horretarako eta, oro har, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko euskal etxeetako euskara irakasle topaketak antolatzen ditugu.
Euskal etxe batean euskara irakasle izan nahi duzu? Jarri gurekin harremanetan.
Euskal etxeak euskara eskolak bideratzeko materialez hornitu
HABEk nahiz beste erakundeek argitara eman eta euskararen irakaskuntzarako baliagarri diren materialak ere bidaltzen dira Euskal Etxeetara. Azken urteotan teknologia berrien bidezko irakaskuntzan ematen ari den aurrerapausoa kontuan izanik, berariazko ikas-materialak garatzen dihardugu, bai ikasgeletan aurrez-aurre erabiltzeko, baita urrutiko irakaskuntza eskaintzeko ere. Material berriak ezagutarazten eta erabiltzeko irakasten ahalegin handia egiten du Etxepare Euskal Institutuak, esaterako, urteroko irakasle topaketetan.
Euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatu
Etxepare Euskal Institutuak euskal etxeetan euskara ikasten ari diren ikasleen euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo. Urtero Madril eta Bartzelonan egiten dira, eta ziklikoki, orain arte, Argentina eta Parisen. Informazio gehiago HABEren webgunean.