Euskaraldia eta Euskararen Nazioarteko Eguna: hainbat jarduera

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskaraldia eta Euskararen Nazioarteko Eguna: hainbat jarduera
  • 28
    Aza 2022
    03
    Abe 2022
    Nazioartean

Etxepare Euskal Institutuak bat egin du Euskaraldiarekin, arigune bilakatuta, eta baita Euskararen Nazioarteko Egunarekin ere, irakurletza sareko hainbat unibertsitatetan jarduera desberdinak antolatuta.

Euskaraldiaren edizio berria abiatu da, azaroaren 18tik abenduaren 2ra burutuko dena. Belarriprest eta ahobiziek aukera berriak izan ditzagun ibiliko dira txapak jantzita, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune euskararen erabilera sustatuz. Etxepare Euskal Institutuak ere modu aktiboan hartuko du parte ekimenean, ariguneak sortuz eta bertako langileen parte hartzearen bidez. Euskararen Nazioarteko Eguna, bestalde, abenduaren 3an egiten da, eta Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen irakurletza sarearen baitan bat egingo da bai egun horrekin eta baita Euskaraldiarekin ere. Denera 13 nazioarteko unibertsitatetan antolatu dira ekintzak irakurleen eskutik, eta gehien gehienak aurrez aurrekoak izango dira.

AEBetan, Chicagoko Unibertsitatean, Chicagoko bideo turistikoak, euskaraz, eta euskal dantzen tailerra egingo dituzte. Whasington hiriko Georgetown University-k antolatuta, gainera, ‘Examining Basque Varieties and Conflicts of Authenticity Among Basque Speakers’ hitzaldia egingo dute 14:00etan.

Hego Ameriketan, La Platako Unibertsitatean, Argentinan, ‘Entre tradición y performance: ejemplos del ciclo festivo en Euskal Herria’ hitzaldia egingo du Aitzpea Leizaolak abenduaren 2an; Uruguay-ko Universidad de la Republica-n, Montevideon, aldiz, Euskaraldiaren berri emateko elkartuko dira azaroaren 5ean.

Txilen, abenduaren 3an, Santiagoko Euzko Etxean, egun osoko egitaraua egingo dute mintzo saio, jolas eta bazkaria barne izango dituena.

Bartzelonan, Universitat Autonoma de Barcelonak, ‘Els petits secrets de l’euskara’ tailerra antolatu du Beatriz Chivite poetarekin azaroaren 17rako, eta abenduaren 2an mintzodromoa egingo dute Euskal Etxean. Universitat de Barcelonan, bestalde, Ibon Sarasolaren ekarpenen inguruko ‘Celebrem l’euskara’ jardunaldia egingo da azaroaren 17an, eta Kimuak katalogoko filma izango da ikusgai. 

Alemanian, Leipzigen eta Berlinen egingo dituzte jarduera desberdinak. Leipzigeko Unibertsitateak antolatuta, azaroaren 28an ‘Bertsolari’ filma izango da ikusgai; abenduaren 2an, euskararen inguruko ikastaro azkarra egingo dute, eta urtarrilaren 12an, Euskaraldiaren inguruko saioa, ‘What is Euskaraldia? Is it possible to change the linguistic behavior of a diglossic society within eleven days?’ izenburukoa.

Freie Universität zu Berlinen, bestalde, Euskaraldia eta Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko beste bi jarduera antolatu dituzte, azaroaren 18rako eta abenduaren 3rako, hurrenez hurren. Lehenengoan, Euskaraldiaren eta mintzalagunaren aurkezpen saioak egingo dituzte, eta Ekolingua jokoa aurkeztuko dute. Abenduaren 3an, Ekolinguatxapelketa eta Rikardo Arregiren olerkien irakurketa egingo dituzte.

Irlandan, Corkeko Unibertsitatean, ‘Euskara plazara’ stand-a jarriko dute campusean, euskara eta Euskaraldia ikusgai egiteko, azaroaren 24ean.

Poloniako Poznango Unibertsitatean, jarduera ugari egingo dituzte azaroaren 29a eta abenduaren 3ra bitartean. Besteak beste egingo dituzte Mari jainkosaren inguruko aurkezpena, ‘Dantza’ filmaren proiekzioa, Katarzyna Mirgos antropologoarekin aurrez aurreko elkarrizketa, Oier Araolazarekin dantza ikastaro laburra, euskal kulturari buruzko erakusketa, Harkaitz Canoren ‘Malgua da gaua’ olerki liburuko ‘Oizen gauez’ poemaren irakurketa hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) eta talde bazkaria.

Helsinkiko Unibertsitaeak tailerra antolatu du poesiaren, diasporaren eta hizkuntzen inguruan aritzeko Beatriz Chiviterekin. Azaroaren 23an izango da, unibertsitatean bertan.

Veneziako eta Boloniako Unibertsitateetan, aldiz, Karmele Jaiorekin egingo dituzte topaketak, ‘Aitaren etxea’ liburuaren ingurukoak. Abenduaren 5ean Bolonian eta 6an Venezian egingo dira.

Gainera, irakurletza guztietan Euskaraldia eta euskararen eguna ospatzeko lehiaketak egingo dira Instagramen: ikasleei zuzendutako bideo lehiaketa izango da, eta leku baten deskribapena egin beharko dute.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu