Euskaraldiaren sona nazioartera ere iritsi da

2018/12/13

Euskara. Kultura. Mundura.

Aurten lehenbiziko aldiz egin da Euskaraldia, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte. Ekimen honek, 11 egunez euskararen erabilerari bultzada ematea zuen helburu, 12. egunetik aurrera gizartean aldaketa bat eragin zezan. Horretarako, izena ematerakoan bi rolen artean aukeratu behar zuen jendeak; ahobizi (11 egun horietan euskaraz ulertzen zuten guztiei euskaraz egin, eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egingo zietenak) ala belarriprest (11 egun horietan euskaraz zekitenei beraiekin euskaraz egitea eskatuko zietenak, nahiz eta hauek erdaraz erantzun).

Etxepare Euskal Institutuak, bere helburua euskara munduan zabaltzea den artean, nazioartean Euskaraldia sustatu eta ekimen honen berri emateko ekintzak antolatu ditu 11 egun hauetan, hainbat herrialdetako unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kultura Irakurleen bitartez. Tokian tokiko egoeretara egokituz, nazioarteko leku ezberdin horietan euskararen erabileran eragiteko helburua izan dute jarduera horiek.

Besteak beste, Alemanian (Berlin, Frankfurt, Leipzig, Konstanz), Japonian (Tokio), Txekiar Errepublikan (Brno), Polonian (Varsovia, Poznan), Frantzian (Pau), Eskozian (Edinburgo), Italian (Bolonia, Venezia), Argentinan (La Plata, Buenos Aires), Mexikon (Mexiko hiria), Txilen (Santiago), Uruguain (Montevideo), Estatu Batuetan (Boise), Kuban (Habana) edota Bartzelonan egin dira Euskaraldiarekin loturiko ekintzak. Jarduera horien artean hitzaldiak, euskara ikastaroak, mintzodromoak, kontzertuak, topaketa gastronomikoak, irratsaioak edota pelikulen proiekzioak egin dira.

Gonbidatu batzuk aipatzearren, Mikel Peruarena Idazlea, Ingo Niebel aditua, Ugarte Anaiak txalapartariak, Hedoi Etxarte idazlea, Amaia Elizagoin ipuin-kontalaria, Asier Serrano idazle eta abeslaria edota Alejandro Pulido historialaria izan dira. Bestalde, antolatu diren film-proiekzioetarako, Handia, Loreak edota Kimuak-eko hainbat film labur hautatu dituzte bertako antolatzaileek.

Oro har, Euskaraldiak sona izan du nazioartean, lekuan lekuko egoera kontuan hartuta. Munduko unibertsitate eta Euskal Etxeetan ikasten ari diren euskaldun berriek ilusioz aplikatu dute ekimena, lehenagotik ikasitakoa 11 egunez proaktiboki praktikan jarriz eta munduko euskaldun hiztun berri gisa areago saretzeko gogoa erakutsiz. Euskara, egunero bakoitzak ahal duen neurrian hitz eginez ikasten dela argi geratu da Etxepare Euskal Institutuko euskara-ikasle sarean.

Euskal gizartean, bestalde, nazioartean egindako esfortzua asko baloratu da, batez ere sare sozialetan. Hainbat ekintzaren argazki edota bideoak biral bihurtu dira; horien artean, adibidez, aipagarriak dira Tokioko bi Unibertsitatetatik jasotako bideoak, non ikasle japoniar batzuk euskaraz hitz egiten azaltzen diren.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu