Euskararen historia eta bilakaerari errepasoa

2022/05/11

Euskara. Kultura. Mundura.

Iván Igartua eta Xabier Zabaltzak osatu dute Basque. bildumako ‘Euskara’ liburua, hizkuntzari eskainia, hain zuzen. Hizkuntzaren ezaugarri zein bilakaera, euskal liburugintza, euskal alfabetizazioa zein azken mendeotako gaztelania eta frantsesarekin izandako harremana aztertzen ditu liburuak, besteak beste. ‘Euskal Kultura saila’ liburu bildumaren baitan berreditatu dena. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen bildumaren lehen edizio hura duela 8 urte egin zen, eta eguneratuta ari da izaten sorta guztia.

Euskararen lurraldeaz hitz egiten dute, lehenengo, idazleek. “Euskara Pirinioen mendebaleko bazterrean hitz egiten da, Espainia eta Frantziaren arteko mugaz bi aldeetan. Espainian, Euskadiko Autonomia Erkidegoan (hots, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko probintzietan) eta Nafarroako Foru Komunitatean (probintzia ere baden horretan) mintzatzen da, eskualdeen arabera hizkuntzaren zabalpenean diferentzia handiak daudela. Frantzian, bere aldetik, Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako antzinako probintziak biltzen dituen Euskal Hirigune Elkargoan eta Zuberoaren ondoko Biarnoko haran batzuetan hitz egiten da. Zazpi probintzia edo herrialde horiei Euskal Herria deritze euskaraz”. Azken datuen arabera, Azken datuen arabera, hiru milioi ingurutik, ia 900.000 pertsona gai dira euskaraz mintzatzeko Euskal Herri osoan.

Hizkuntzaren egituran sakontzen dute autoreek, egitura morfologiko, fonetiko, lexiko eta sintaktikoetan. Hizkuntzaren bilakaera eta euskalkien aniztasuna ere aztertzen dituzte. Baita hizkuntzaren jatorriaren inguruko teoriak eta haren ahaideen inguruko ideiak ere.

Euskara genetikoki isolaturiko hizkuntza bat da, alegia, ez da hizkuntza familia ezagun bateko kidea. Laburbildurik, ez dago arrazoi enpiriko sendorik pentsatzeko euskarak ahaidetasun-harremanak dituela beste sistema batzuekin.

Hala ere, Koldo Mitxelenak zioenez, euskararen historiak ezkutatzen duen egiazko misterioa ez da haren jatorria, gaurdaino iraun izana baizik. Salbuespenak salbuespen, XVI. mendea arte euskara ez zen idatzi eta ez dirudi erakundeek eta eliteek inoiz aparteko maitasuna izan diotenik.

UNESCOren arabera, euskara egoera ahulean dago Euskadin eta, bereziki, Nafarroan, eta arrisku handian Ipar Euskal Herrian.

Euskal sorkuntzari buruzko bilduma

Berredizio honen sorburura heltzeko, 2012. urtera joan behar dugu, orduan plazaratu baitzen, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, ‘Euskal Kultura saila’ izenburuko bilduma, euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzeko asmoz, jakin nahi duten horiengana erraz iristeko moduan aurkeztuta.

Zehazki, hurrengoak izan ziren liburuen izenburu zein egileak: ‘Euskararen historia laburra’, Ivan Igartua eta Xabier Zabaltzak idatzita; ‘XX. Mendeko euskal literatura’, Estibalitz Ezkerrarena; ‘Euskal Musika klasikoa’, Karlos Sanchez Ekizak osatutakoa; ‘Euskal kantagintza: pop, rock, folk’, Jon Eskisabelek ondua; ‘Estanpa bilduma’, ikusizko arteei eskainia eta Miren Jaiok idatzitakoa; ‘Euskal zinema’, Joxean Fernandezena; ‘Arkitektura eta diseinua’ Pello Agirrek egina; ‘Euskal dantza’, Oier Araolazarena; ‘Bertsolaritza’, Joxerra Garziarena; ‘Tradizioak’, Joseba Zulaikak idatzita; eta ‘Euskal sukaldaritzaz’, Hasier Etxeberriarena.

2021 eta 2022an zehar egin da liburuen eguneratzea, elebidunak diren hiru bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eta euskaraz eta frantsesez. Liburuak eskuragarri daude, doan, formatu digitalean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu