Euskararen Nazioarteko Eguneko egitaraua 10 herrialdetara helduko da

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-11-30

Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunarekin egingo du bat, aurten ere, Etxepare Euskal Institutuak. Askotariko ekitaldi, ikastaro eta hitzaldiren bidez, diasporako lagunek eta euskara ikasleek aukera izango dute hizkuntzaren eta euskal kulturaren berri izateko. Europa eta Ameriketako zenbait txokotara iritsiko da Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen baitan antolatutako kultur programen bidez.  Aurten, 10 herrialdetan garatuko dira jarduera hauek, eta horietako asko online jarraitu ahalko dira.

Besteak beste, Chicagon, Santiago de Txilen, Moskun, Pragan, Bolonian, Bartzelonan eta Renon egingo dira hitzaldiak, mintzodromoa eta filmen proiekzioak. Jardueren zerrenda guztia kontsultatu daiteke hemen.

Irakurleak Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, gradu edota graduondokoa ikasten ari diren ikasleei euskara eta euskal kultur ikastaroak eskaintzen dizkieten irakasleak dira. Etxepare Euskal Institututik abiatutako eta kudeatutako programa bat da, atzerriko unibertsitateekin elkarlanean; eta irakasle guzti horiek eta euren ikasleek osatzen dute irakurletza sarea. Euskara eta euskal kultura klaseak emateaz haratago doan lana egiten dute: euskal bizimodu eta tradizioen eredu eta sustatzaile dira atzerrian. Irakurleek, Etxepare Euskal Institutuaren sustapen eta laguntzarekin, euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatu ohi dituzte urtean zehar, Euskal Herrian garrantzitsuak diren efemerideak, pertsonaiak edota ohiturak ezagutarazteko helburuarekin.

Euskararen Nazioarteko eguna 1949an egin zuten lehenengo aldiz, Eusko Ikaskuntzak sustatuta. Ofizialki, hala ere, 1995an hasi ziren Euskararen Nazioarteko Eguneko jai, bilera eta bestelako ekintzak, euskal diasporak mundu osoko lehen kongresuaren karietara egin zuen garaian. Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak egoki ikusi zuten abenduaren 3a Euskararen Mundu Eguna izendatzea.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu