Euskararen suspertzea eta hizkuntza indigenak William Douglass Katedran
Euskara. Kultura. Mundura.
William Douglass Katedraren edizio berri bat egingo da urriaren 28 eta 29an Massachusetts-Amhersteko Unibertsitatean. Aurtengo irakasle gonbidatua Ane Ortega Etcheverry hizkuntzalari aditua izango da, eta Katedraren edukia bi hitzalditan egituratuko da, bata 28an eta bestea 29an. Hitzaldiok, hurrenez hurren, euskararen erabileraren suspertze-estrategiak eta hizkuntza indigenekin egindako elkarlana izango dituzte hizketagai.

Ane Ortega Etcheverry Begoñako Andra Mari Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasle da. Espainiar filologian graduduna, Itzulpengintzan masterra eta Soziolinguistikan doktoradutza ere baditu, eta hizkuntza gutxituen arloan espezializatu da batik bat. Euskararen elebitasuna aztertzen duen UPV/EHUko ELEBILAB ikerketa taldeko kide da eta, horrez gain, Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren parte da, eta bertako hainbat proiektu garatu ditu.
Aurtengo William Douglass Katedraren edukia bi ekintzatan egituratuko da. Lehenik, urriaren 28an, astelehena, hitzaldi ireki bat emango du Ortegak Unibertsitatean: Promoting New Speakers of Basque: Design, Benefits and Challenges of an Action Research Approach (Euskararen erabilera sustatzen: akzio ikerketa ikuspegi baten diseinua, abantailak eta erronkak). Bertan, unibertsitateko hainbat ikaslek euskararen erabilera suspertzeko asmoz egindako ikerketa kolektibo bat aurkeztuko du, erabili zuten metodologia, egin zituzten behaketak eta jarritako erronkak azalduz.
Urriaren 29an, ostera, Ortegak master eta doktoradutza ikasleei zuzendutako mintegi itxi bat eskainiko du, gehienez 20 pertsonakoa. Aurten Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea dela probestuz, seminarioan hizkuntza indigenek bizirauteko dituzten zailtasunei buruz hitz egingo du, eta Kolonbiako Nasa komunitate indigenarekin haien Yuwe hizkuntza berpizteko zortzi urtez egin duen lana azalduko du.