Ezagutu Aquitaine.eus egitasmoaren udazkeneko programa
Euskara. Kultura. Mundura.
Urte eta erdi bete du jada Aquitaine.eus programak. Hari esker, Akitania eta Euskadiko kultur sortzaileen arteko harremana eta mugaz gaindiko elkarlana sustatzen dira. Horretarako euskal sortzaileen lanak Akitaniako kultur esparru ezberdinetan programatzen dira, eta dagoeneko ikus daiteke udazken honetan antolatu diren ekitaldiak.
Azaroaren 8 eta 9an, Juan Mari Beltran eta Mixel Etxekopar musikariek musika tradizionaleko ikastaro-tailerrak eskainiko dituzte Bordeleko hainbat eskolatan.
Azaroaren 9an, bi musikariak Bordeleko Le Rocher de Palmer aretoan estreinatuko den Zuhainpeko Soinuak ikuskizunean egongo dira. Zuberoako musikei buruzko ikuskizuna da Zuhainpeko soinuak, eta ahozko transmisioa du ardatz. Mireia Gabilondok zuzenduta (Tanttaka Teatroa), Zuberoako musiken adierazgarri nagusi den Jean Mixel Bedaxagar euskal herri musikako erreferenteetako batekin ikusi ahal izango da agertokia partekatzen: Juan Mari Beltran. Mixel Etxekopar, Sacha Standen, Mathieu Mendizabal, Pierre Vissler eta Ander Barrenetxearekin batera, doinu berriak sortuko dituzte, beren sustrai tradizionalenak abiapuntu hartuta.
Ikuskizun honen aurretik inauguratuko dute, hain zuzen, aretoan azaoraren 3tik 28ra bitartean ikusgai egongo den Titika Rekalt pastoralgile eta argazkilari xiberotarraren erakusketa: Zeihar Soak. Inaugurazio ekitaldian EKE (Euskal Kultur Erakundea) zein Etxepare Euskal Institutuko ordezkariak izango dira. Bi erakunde horiek dira, Eusko Jaurlaritzak eta Nouvelle Aquitaine Eskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdearekin batera Aquitaine.eus proiektua abian jarri zutenak.
Azkenik, abenduaren 2tik urtarrilaren 31ra, Bordeleko Bordeleko Quartier Meriadeck auzoko mediatekara gerturatzen diren horiek euskal dantza tradizionala jorratzen duen SOKA erakusketa ikusi ahal izango dute.