Fe26 Residensy: Miriam Isasi
Euskara. Kultura. Mundura.
-
30Api 202315Mai 2023Tinos
Miriam Isasi euskal artistak egonaldi artistikoa egingo du Tinos hirian, Grezian, Fe26 Residensy proiektuaren baitan, Etxepare Euskal Institutuaren eta Chillida Lekuren eskutik. Apirilaren 30etik maiatzaren 14ra izango da bertan, eta bertako zein nazioarteko sortzaileekin ariko da lanean.
Fe26ko programaren helburuen artean daude tradizioaren, teknologiaren, diseinuaren, historiaren edota dokumentazioaren arteko elkarrizketa sustatzea, tokiko identitatea indartzeko. Sorlekuaren eta eskualdearen nortasunaren arteko lotura da abegi-programaren funtsezko elementu bat.
Aurten, programa honek nazioarteko 15 artista hartuko ditu, arte forma asko ordezkatzen dituztenak. Artistek proiektu berritzaileak garatuko dituzte arte, diseinu, arkitektura edota literaturaren esparruetan. Parte hartzaileek artisauekin, material desberdin eta askotariko erremintekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, nahi izanez gero, eta horrela ikerketa praktikoa eta aplikatua egiteko aukera izango dute. Programa amaitzean, emaitzak jendaurrean jarriko dira erakusketa bidez.
Miriam Isasi Arce Arte Ederretan doktorea da EHUn eta Mexikoko UNAMen. Honako egonaldietan parte hartu du: Espainiako Akademia Erroman (Italia), Artista x Artista (Kuba), Bilbaoarte Fundazioa, Kunsthaus Bregenzen (Austria), EAS-EZE Bitamine Faktoria (Irun-Buenos Aires), MA Studio Pekinen, Nekatoenea Hendaian (Frantzia), Centre d ́ Art i Natura Farrera (Espainia) eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa. Posizionamendu garaikide batetik, antropologiari, historiari, aktibismoari, alkimiari, paisaiari eta memoriari egindako keinuak oinarri hartuta eraikitzen den diskurtsoa sortzen du. Hainbat erakusketatan parte hartu du: ARTIUM, Erromako Espainiako Akademia, San Fernando Akademia, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Rekalde Aretoa, MUSAC, HUARTE, CAB, BilbaoArte Fundazioa, Bilboko Azkuna Zentroa Alondegia, San Telmo Museoa, Gasteizko Montehermoso Kultura edo Lleidako La Panera Arte Zentroa.