«Antzezlana euskaraz egiteak Egunkariaren errealitatera gehiago hurbiltzen du kontakizuna»
Euskara. Kultura. Mundura.
Madrilen ´Sisiforen Paperak´ antzezlana euskarazko bertsioan aurkeztuko dute apirilaren 29an. Horren harira, elkarrizketa laburra egin diogu Fernando Bernués antzezlanaren zuzendariari. ‘Sisiforen paperak’ antzezlanak, ‘Egunkaria’ kasua gogoratzera eramango du ikuslea, baita justiziaz, botere-banaketaz eta kazetaritzaren lanbideaz hausnartzera ere. Lana Centro Dramático Nacional (CDN) eta Antzerkiz (Bilboko Arriaga Antzokia, Gasteizko Principal Antzokia eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokia) taldeen arteko koprodukzioa da eta Madrilgo María Guerrero antzokian ikusi ahal izango da maiatzaren 2ra arte. Datorren ostegun eta ostiralean, apirilaren 29 eta 30ean, euskarazko bertsioa izango da ikusgai gaztelaniazko goitituluekin.
- Zein izan zen obraren sorrera?
- Gure demokraziaren pasarte ilunenetako batean, Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran, arakatzeko gogotik sortu zen obra. Beti izan dut gogoan gertaera hura, eta zarratzetik urte batzuk igaro ondoren, begirada sosegatua eskatzen zuela iruditzen zitzaidan. Harkaitz Canori antzerki-emanaldi bat sortzeko aukera aurkeztu nion, eta, zazpi urtez, lanaren ondoz ondoko bertsioak lantzen aritu gara, hona iritsi arte. Egia da beti kontatzen dudala badela gertaera zehatz bat, nigan ere lan hau egiteko gogoa apur bat piztu zuena: Egunkaria itxi zuten urte berean Fermin Muguruzari txistu egin zioten euskal kanturik onenaren saria jasotzean. Nik neuk zuzendu nuen gala hura (Musikaren Sarien VII. edizioa), eta orduan, haserrearekin eta malkoekin, egunen batean horretaz hitz egin beharko zela pentsatu nuen. Hortik sortu zen gaiari heltzeko ideia.
- Idazlearen lehen lan dramatiko honetan, Canok Sisiforen mitoa erabiltzen du metafora gisa; Sisifok mendi puntara egunero harri erraldoia igo behar zuen, jainkoek horretara kondenatu zutelako heriotza kateatu eta munduan jendea hiltzea eragotzi izanagatik
- Bai, izan ere, Sisifo behin eta berriz harria mendi puntara igotzera zigortuta zegoen. Mito hori, egunkari bat berriro altxatzearen metafora gisa erabili dugu. Gainera, Harkaitzek dio, egunkari bat nolabait mito horrekin identifikatu daitekeela, egunero zerotik hasten delako, Sisifo harriarekin berriro hasten den bezala, mendian gora.
- Zergatik eskatu diozu proiektua Canori?
- Lehenik eta behin, asko gustatzen zaidalako bere obra, eta baita aspaldi elkarrekin lan egiteko gogoa genuelako ere. Asko interesatzen zitzaidan pieza horrek Egunkariaren itxiera kontatzea, baina ez izatea gertaeren kontaketa soil bat, baizik eta zerbait gehiago izatea. Harkaitzek ‘Twist’ eleberrian Lasa eta Zabalaren kasua hartu, eta gertaeretatik harago doan narrazio bat eraikitzen du. Haren trebetasunak presente zeuden, gertaeretatik abiatutako kontakizuna sortzeko bere gaitasuna interesatzen zitzaidan eta horregatik luzatu nion proposamena. Lehen antzezlana badu ere, gertaera ezagun batetik abiatutako istorioak sortzen aditua da; horregatik zen pertsona ideala.
- Ikerneren musika ere garrantzitsua da.
- Niri asko gustatzen zait zuzeneko musikarekin lan egitea hasieratik, musika, nolabait, lehen irakurketetan ere presente egotea, musika funtzioarekin batera sortu da. Lehen irakurketetatik ibili nintzen Ikernerekin testurak bilatzen, in situ inprobisatzen eta pixkanaka partitura ateratzen. Funtzio honek hobesten zuen instrumentua zein izan zitekeen pentsatuz, iruditu zitzaidan gitarra elektriko baten pultsioa egokiena zela, oso momentu bizi eta konpultsatuetatik balada momentuetara ere joan zitekeelako. Gainera, Ikerne eszenografia lantzen ari zen gurekin, eta gitarra-jotzaile gisa nahikoa eskarmentu du. Proposatu nion eta onartu egin zuen.
- Zein izan da publikoaren erreakzioa orain arte egindako funtzioetan?
- Oro har, oso ona, konplizitate eta hurbiltasun handiz betea. Gasteizko estreinaldiak, adibidez, zerbait katartikoa izan zuen. Antzezlana baino zerbait gehiago txalotu zuten ustea dut. Euskal gizartearentzat oso mingarria den une bat gogora ekartzen du obrak, Euskadin hurbiltasunaren kutsu hori du. Madrilen, ordea, ez dugu pertsonaiekiko hurbiltasun hori sentitu, asko ezezagunak baitira gehienentzat. Sentitu duguna aitorpen handia izan da, eta jendea oso pozik dagoela ezagutzen ez zuen eta arrotz zitzaion errealitatera hurbiltzeaz.
- Datorren ostegunekoa, hilaren 29koa, lan hau Euskal Herritik kanpo euskaraz aurkeztuko den lehen aldia izango da.
- Gaztelaniazko obrak konbentzioz funtzionatzen du, hau da, mundu guztiak gazteleraz dakiela onartzen dugulako du arrakasta. Euskara Egunkariaren nortasunaren parte den heinean erabaki genuen euskaraz taularatzea ezinbestekoa zela. Antzezlana euskaraz egiteak errealitatera gehiago hurbiltzen du.
- Nolakoa izan zen aktoreak hautatzeko prozesua eta nolakoa izaten ari da parte hartzen duten aktoreekin egindako lana?
- Euskal aktore asko ezagutzen ditudanez, ez nuen casting-ik egin behar izan, paper bakoitzerako pertsona egokiengan pentsatu baizik. Aktoreen ezaugarriei erreparatzea izan zen gakoa. Horregatik, kasu batzuetan aktore ezberdinek interpretatzen dute pertsonaia bera euskaraz eta gaztelaniaz. Bestalde, denboran luzatuko den proiektua izanik, zaila da aktore talde iraunkor bat aukeratzea. Niri aktorearen arabera lan egitea gustatzen zait. Ez dut hasieratik aurrez zehaztutako emaitzarik bilatzen, eta interprete bakoitzaren bertuteetan oinarrituta lan egin ohi dut. Alde horretatik zortea izan dut nahiko ondo ezagutzen dudan jendearekin lan egiteko aukera izan dudalako.
- Entseguetara, hedabidea ixtearen prozesua bizi izan zuten pertsonak joan dira, Martxelo Otamendi zuzendaria izandakoa eta Egunkariaren sortzailetako bat izandako Joan Mari Torrealdairen alarguna eta alaba, besteak beste.
- Elementu hori oso garrantzitsua izan da guretzat. Hasieratik dugu Martxelo Otamendiren konplizitatea eta laguntza, funtzio hori egin nahi genuela azaldu genionetik. Ordutik etengabeko konplizea izan da eta bere laguntza estimaezina da. Auziak kaltetutakoak eta haien senitartekoak lehen entsegu irekia ikustera etorri digu eguna guretzat oso garrantzitsua izan zen. Uste dut lortu genuela eroso sentitzea sozialki erabat itxita ez dagoen zauri bati buruz aritu ginen arren. Lasaitasun handia eman zigun prozesua bizi izan zutenen esker oneko hitzak entzuteak. Antzezlanak errealitate mingarri horrekin topo egitea dakar, baina uste dut denontzat zirraragarria izaten ari dela.