Flandria-Euskadi: Dance and Community
Euskara. Kultura. Mundura.
-
01Aza 202330Aza 2023Molenbeek / Errenteria
Molenbeek eta Errenteria, Errenteria eta Molenbeek. Bata Bruselako eskualdean, bestea Gipuzkoan. 1000 kilometrok banatzen dituzten arren asko dute komunean: kultura aniztasuna, gizarte multietnikoa, errealitate sozioekonomiko postindustriala. Eta horrekin batera, komunitatean sustraitutako tokiko eta sektore arteko ekimen ugari. Are gehiago, biek dute zentro koreografikoa: Ultima Vez Molenbeek-en eta Dantzaz Errenterian. Bi hirien arteko antzekotasunak oinarri hartuta ‘Dance and Community’ (Dantza eta Komunitatea) proiektua sortu dute, praktika parte hartzaileetan oinarritutako elkartruke proiektua. Molenbeeken eta Errenterian metodologiak landu ostean, argitalpen bat egingo dute prozesu hauek eta lortutako emaitzak beste kultur- eta gizarte- erakundeekin partekatzeko. Wim Vandekeybus koreografo, zuzendari eta zinemagileak sortua, Ultima Vez Sint-JansMolenbeek-en egoitza duen nazioarteko dantza konpainia da. Bestalde, Errenterian egoitza duen Dantzazek Euskal Herriko dantza-sektorearen profesionalizazioaren alde egiten du lan, baita bitartekaritzan eta proiektu parte-hartzaile eta berritzaileetan ere.
Dantzaz
Dantzaz Gipuzkoako Dantzagunearen instalazioetan dagoen zentro bat da. Bertan ekintza, bitartekaritza, komunitatearekin topaketa eta prozesu artistikoen laguntza eskutik doaz. Dantzazek sektorean enplegua eta profesionalizazioa sustatzeaz gain, sorkuntza eta ikerketa bultzatzen ditu, mundu osoko interpreteei eta koreografoei aukerak emanez. Egoitza artistikoak eta kontratu eta beka mota ezberdinak eskaintzen ditu, eta bitartekaritza- eta berrikuntza-proiektuak babesten ditu publiko berriak sortzeko.
Ultima vez
Ultima Vez dantza garaikidearen etxea da. Sint-Jans-Molenbeek-en (Brusela) dago kokatua eta Wim Vandekeybus koreografoak sortu zuen. Ekoizpena eta banaketa baldintza onenetan egiten dira bertan, eta sortzaileek euren praktika artistikoak elkarren artean eta publiko zabalarekin partekatzen dituzte. Zentroaren jardunak Wim Vandekeybusen sorkuntza artistikoak, sortzaile berrien programa (Ulti ´Mates) eta jarduera parte hartzaileak biltzen ditu.