Gernikari buruzko mintegia egingo dute Liverpooleko Unibertsitateko Iberian and Latin American Week astean
2018/10/31
Euskara. Kultura. Mundura.
Liverpooleko Unibertsitateak Iberian and Latin American Week izeneko astea antolatu du urriaren 29tik azaroaren 4ra bitartean. Sei egunez Iberiar Penintsulako eta Latinoamerikako herrialde ezberdinetako kultura, tradizioak, memoria, hizkuntzak, musikak eta zinea gertuagotik ezagutzeko aukera izango dute ikasleek hainbat profesional, ekoizle eta sortzaileren eskutik.

Mexikoko ‘Día de Muertos’ tradizio ezagunari buruzko hitzaldia, Guiem Soldevila musikari kataluniarraren kontzertua, salsa klasea, hizkuntzei buruzko tailerrak eta hainbat film emanaldi jasotzen ditu programak, besteak beste.
Euskara eta euskal kultura ere irakasten dira Liverpooleko Unibertsitatean eta euskal gaiek ere izango dute lekua programazio berezi honetan. Azaroaren 2an Lobak: Gernikako bonbardaketaren memoria bi belaunaldi geroago mintegia burutuko dute eta Hannot Mintegiak zuzendutako Gernika. Markak (2016) pelikula ikusteko aukera egongo da.
Lobak Gernikako bonbardaketa bizi eta pairatu zuten herritarren bilobek sorturiko ekimen kulturala da. 2012an sortu zen, bonbardaketaren 75. urteurrenean hain zuzen ere. Ekimen honek sortze-arlo ezberdinetan lan egitea du helburu, betiere bonbardaketa ardatz nagusitzat hartuz.
Lobak-eko partaideak 1937ko apirilaren 26an gertaturikoaren zuzeneko testigantza jaso duten azken belaunaldia dira. Gazte hauei aiton-amonek bizitako bizipenak kontatu zizkieten eta orain haien, Lobak-en, txanda da aiton-amonen historia gogoratu eta kontatzeko. Lobak ekimenaren mezua zehatza da: ez dugu Gernikan gertaturikoa berriro errepikatzerik nahi. 1937ko Gernikarren bilobek artea, musika, kultura eta sormena erabiliko dituzte historia egiteko, armak eta bonbak alde batera utziz.
Ekitaldi honetan, Maitane Uriarte eta Itxaso Amunategik, 1937ko bonbardaketa bizi izan zutenen bilobek, Lobakekimena eta bere helburuak aurkeztuko dizkigute. Horretaz gain, ekitaldian zehar, Gernika.Markak (2016) dokumentala proiektatuko da.