Hainbat euskal artistaren obrak erosi ditu Reina Sofia Museoak
Euskara. Kultura. Mundura.
Otsailaren 27tik martxoaren 3ra bitarte Madrilen egin den ARCO azokaren testuinguruan, Espainiako arte garaikidearen ikur den Reina Sofia Museoak hiru euskal artistaren lanak erosi ditu: June Crespo, Azucena Vieites eta Nestor Basterretxearenak.
Otsailaren 27tik martxoaren 3ra bitarte Madrilen egin den ARCO azokaren testuinguruan, Espainiako arte garaikidearen ikur den Reina Sofia Museoak hiru euskal artistaren lanak erosi ditu: June Crespo, Azucena Vieites eta Nestor Basterretxearenak.
Lehenbiziko aldia da Reina Sofiak June Cresporen lan bat erosten duela. Helmets (2019) du izena bere lanak, eta egungo arte garaikidearen adibide gisa eskuratu du galeriak. Denboran atzera eginez, 90. hamarkadan zabaldu zen lengoaia artistikoa publikoari helarazteko asmoz, Azucena Vieites hernaniarraren Juguemos a Prisioneras (1993-1996) obra erosi dute; feminismo queer-a islatzen duten 36 marrazkiz egindako bilduma. Amaitzeko, XX. mendeko arte garaikidearen izen garrantzitsuen bilduma handitze aldera, Nestor Basterretxearen Composición de Grises (1957) koadroa eskuratu du museoak.
ARCO edo Madrilgo Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokako antolakuntzak esan duenez, aurtengoa “azken hamarkadako azokarik onena” izan da. Arrakasta bera izan du euskal arteak IFEMA azoka-barrutian ere; bertan izan den euskal galeria bakarrak, Carreras Mugicak, egunotan bizitakoaren balorazio baikorra egin du.
Orotara, hainbat euskal artista izan dira ARCOn aurten. Carreras Mugica galeriak June Crespo, Erlea Maneros Zabala, Jon Mikel Euba, Txomin Badiola, Itziar Okariz, Juan Perez Agirregoikoa, Ángel Bados, Asier Mendizabal, Pello Irazu, Sergio Prego eta Raul Dominguezen lanak bildu ditu. Baina beste galeria batzuetan ere izan da euskal ordezkaritzarik; egun Madrilen dagoen Moises Perez de Albeniz galeria iruindarrak, adibidez, Itziar Okariz, Miren Doiz eta Ana Laura Alaezen lanak erakutsi ditu.
Etxepare Euskal Institutuak, ARCOn ikusgai dagoen euskal artearen sustapena egiten lagundu du beste behin.