Hamaika euskal izen Goya Sarietan

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-01-21

Espainiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiak urtero ematen dituen Goya Sariak gertu dira eta, aurten ere, hainbat euskal filmek eta zinemagintzako profesionalek izendapenak jaso dituzte kategoria ezberdinetan. Aurtengo sari banaketa Malagan egingo da, historian lehenbiziko aldiz, urtarrilaren 25ean.

Espainiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiak urtero ematen dituen Goya Sariak gertu dira eta, aurten ere, hainbat euskal filmek eta zinemagintzako profesionalek izendapenak jaso dituzte kategoria ezberdinetan. Aurtengo sari banaketa Malagan egingo da, historian lehenbiziko aldiz, urtarrilaren 25ean.

Izendapen gehien jaso dituen euskal filma Moriarti ekoiztetxearen La Trinchera Infinita izan da. 2018ko sari banaketan Handia filmari esker 10 Goya jaso zituen lantalde berak 15 izendapen ditu aurtengoan; besteak beste, gizonezko eta emakumezko aktore protagonistei dagozkionak, Andaluziatik datozen Belen Cuesta eta Antonio de la Torre alegia. Horien artean, ordea, euskal profesionalak biltzen dituzten izendapenak asko dira: Film onena, Zuzendari onena (Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarentzat), Gidoi onena (Jose Mari Goenaga eta Luiso Berdejorentzat), Soinu banda onena (Pascal Gaignerentzat), Ekoizpen zuzendaritza onena (Ander Sistiagarentzat), Argazki onena (Javi Agirrerentzat), Muntaketa onena (Laurent Dufreche eta Raul Lopezentzat), Jantzi diseinu onena (Lourdes Fuentes eta Saioa Lararentzat), Soinu onena (Iñaki Díez, Alazne Ameztoy, Xanti Salvador eta Nacho Royo-Villanovarentzat) eta Efektu berezi onenak (Jon Serrano eta David Herasentzat).

Euskal filma izan ez arren, bada beste lan bat izendapen asko dituena eta, tartean, euskal izenak biltzen dituena: Alejandro Amenabarren Mientras dure la Guerra. Miguel de Unamuno idazle eta intelektualaren paperan aritu den Karra Elejalde aktoreak Gizonezko aktore onenaren saria jaso lezake film horrengatik; eta Ainhoa Santamariak, bestalde, Emakumezko bigarren mailako aktore onenaren saria.

Aurtengoan, bi euskal zuzendarik irabaz dezakete Zuzendari berri onenaren saria. Bata Galder Gaztelu-Urrutia da, El Hoyo filmarengatik izendatua; film honek ere, artean, Efektu berezi onena kategorian saria eskura lezake, Mario Campoy eta Iñaki Madariaga euskaldunen lanari esker. Bigarren zuzendaria Aritz Moreno da, Ventajas de viajar en tren lanarengatik izendatua. Film honek ere, euskal eskuetatik igarotako beste bi izendapen ditu: Arte zuzendaritza onena (Mikel Serranorentzat) eta Ile apainketa eta makillaje onena (Karmele Soler eta Olga Cruzentzat).

Sari banaketara doan lan gogokoenetariko bat da Pedro Almodóvarren Dolor y Gloria lana, eta honek ere baditu hainbat euskal izen bere hautagaitzen artean. Alberto Iglesiasek berriz ere saria eraman lezake Soinu banda onenaren kategorian; Asier Etxeandia bilbotarra Gizonezko bigarren mailako aktore onenaren postuan lehiatzen da; eta, azkenik, Arte zuzendaritza onenaren postuan, Antxon Sanchezek lor dezake garaikurra.

Amaitzeko, beste euskal lan batzuek ere kategoria ezberdinetako sariak jaso ditzakete: Elkano, lehen mundu bira lanak Animaziozko film onenaren saria jaso dezake; Gaizka Urrutia zuzendariak egindako Aute Retrato filmak Dokumental onenaren saria; eta, azkenik, Raul de la Fuente iruindarraren El infierno lanak, Film labur dokumental onenaren saria.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu