Hasi dira argitara ematen iaz diruz lagundutako itzulpenak
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal literaturak jarraitu du nazioartekotzeko lanetan 2021ean zehar. Eleberria, saiakera, poesia, komikiak, haur, gazte eta helduentzako literatura… Askotariko lanak plazaratu zituzten euskal idazleek iaz. Eta liburu ugariren itzulpenean lagundu zuen Etxepare Euskal Institutuak. Institutuaren ardatzetako bat baita, hain zuzen, euskal literaturaren itzulpengintza sustatzea. Argitaratzen hasi dira horietako batzuk, bost zehazki. Batzuk, gainera, bi edo hiru hizkuntzatara. Denera, 21 libururen itzulpena lagundu zuen diruz Institutuak iaz, 64.000 euroko zuzkidurarekin.
Itzulitako liburuen jatorrizko hizkuntza euskara izan da 20 kasutan, eta bestean, gaztelania. Gaztelaniazko itzulpenak 5 izan dira, ingelesera eginak bi, eta gainerakoak, armeniera, bulgariera, greziera, daniera, italiera edota alemanera itzuli dira, besteak beste. Guztiak 2022an zehar argitaratuko dira.
Argitara eman diren liburuen artean dago, adibidez, ‘Muga’ antologia poetikoa. Katalanezko itzulpena Pruna Llibres eta Edicions del Buc argitaletxeek plazaratu dute. Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategiren olerkiak jaso eta itzuli ditu Manel Rodríguez-Castellók bertan.
Katalanera itzuli dute baita ere, Ibrahima Balde eta Amets Arzallusen ‘Miñan’ liburua. Pau Joan Hernàndezek egin du itzulpen lana eta ‘Germanet’ izenburupean argitaratu du Blackie Books-ek. Gainera, gaztelaniaz ere irakurri daiteke ‘Hermanito’ liburua, Ander Izagirrek itzulia.
Komiki baten itzulpena ere sustatu da. Asisko Urmenetaren ‘Aztihitza: Xahoren Biografikoa’ Idoia Noblek ekarri du gaztelaniara: ‘Viaje a la rebelión’. Frantsesezko bertsioa Antton Harignordoquyk itzui du: ‘Voyage vers la rébellion’. Pol·len edicions etxeak plazaratu ditu. Gainera, ‘Asisko: viatge a la rebellió’ katalanezko bertsioa ere eskuragarri dute euren katalogoan.
‘La historia de Euskal Herria a través de sus mujeres’ saiakera liburua ere itzuli zen gaztelaniara iaz. Txalaparta argitaletxeak jaso du Cira crespo eta Elena Ciordiaren lana.
Bernardo Atxagaren beste lan bat ere argitaratu da. Oraingoan, ‘Kuće i grobnice’ edo ‘Etxeak eta hilobiak’, Biljana Isalović-ek serbierara itzuli du. Buka&Bes argitaletxeak plazaratu du.
Urtero eskaintzen ditu Etxepare Euskal Institutuak euskal autoreen lanak atzerriko hizkuntzetara itzul daitezen dirulaguntzak. Lan ildo nagusienetakoa euskal itzulpengintza sustatzea izan du bere hastapenetatik Institutuak.