Hiromi Yoshida, Euskal Herria ezagutu gabe euskara ikastea erabaki zuen japoniarra
Euskara. Kultura. Mundura.
Japonen sortua, Euskal Herria ezagutu gabe euskara ikasten hasi zen, eta geroztik makina bat aldiz izan dugu gurean. Euskararen inguruko ikasketak egin ditu eta euskara batua menperatzeaz gain, azpeitiarrez mintzatzeko ere gai da. Besteak beste, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskarazko lehen liburua japonierara itzuli du, eta euskara irakaslea da Tokion. Orain, Japonian euskara ikasteko metodo berri bat argitaratu du. Horren inguruan eta askoz gehiagoz hitz egiteko, Etxepareko bulegoan jaso dugu. Zuekin... Hiromi Yoshida.
Japonen sortua, Euskal Herria ezagutu gabe euskara ikasten hasi zen, eta geroztik makina bat aldiz izan dugu gurean. Euskararen inguruko ikasketak egin ditu eta euskara batua menperatzeaz gain, azpeitiarrez mintzatzeko ere gai da. Besteak beste, Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskarazko lehen liburua japonierara itzuli du, eta euskara irakaslea da Tokion. Orain, Japonian euskara ikasteko metodo berri bat argitaratu du. Horren inguruan eta askoz gehiagoz hitz egiteko, Etxepareko bulegoan jaso dugu. Zuekin... Hiromi Yoshida.
Hilabete eskas eman duzu Euskal Herrian....
Bai, normalean garai honetan (otsaila) eta irailan etortzen naiz beti. Japonian nahiko egutegi aldrebesa daukagu, apirilan hasten da ikasturtea eta udako oporretan mozten da. Urrian jarraitzen dugu eta unibertsitateetan otsailan izaten dute selektibitate garaia. Beraz, hona etortzen naiz urtero libre nagoenean.
Japoniarrek euskara ikasteko metodo berri bat argitarazu berri duzu. Nola sortu zen ideia? Zerk bultzatu zintuen metodologia berri hau sortzera?
Hakusui-sha argitaletxeak egin zidan enkargua. Haiek hizkuntzen ikaskuntzarako ia 60 aleko bilduma dute ("New Express Series"), eta euskara ere sartu nahi zuten liburuxka sorta horretan. Horrela, duela urtebete baino gehiago proposatu zidaten lan hau. Lan astuna izan da, baina oso editore ona izan nuen, eta hari esker abenduaren bukaerarako argitaratzea lortu nuen.
Nori zuzenduta dago metodoa?
Euskara ikasi nahi duen japoniako jendeari zuzenduta dago, azalpen guztiak japoniarrez daude eta printzipioz autoikasketa modura planteatuta dago, nahiz eta klaseetan ere erabili daitekeen. Liburuxkaz gain, grabazioak ere baditu.
Bitxia dirudi japoniar batek euskara ikastea. Ba al daude loturak bi hizkuntzen artean?
Bai. Euskara hizkuntza isolatua da, senitartekorik gabekoa. Japoniera ere horrelakoa da. Euskara oso ezberdina da europako beste hizkuntzekiko, eta antzekotasun handiagoak ditu japoniarekiko. Esaterako, hitzen ordena: “Ni Hiromi naiz”, japonieraz ere ordena berean esaten dugu (私はひろみです).
Dena den, antzekotasun gehiegi aipatzea ere ez da zuzena, izan ere, ezberdintasun nabariak ere badaude. Adibidez, euskaraz ezezko esaldiek buelta izugarria ematen dute, japonieraz kontrakoa.
Aspalditik dator zure lotura euskalgintzarekiko. Urteak eman dituzu euskara ikasten zein irakasten, besteak beste Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae japonierara itzuli duzu, eta egun Etxepare Institutuko irakurlea zara Tokyon. Zein ikasle mota duzu bertan?
Nik Tokyoko bi unibertsitatean ematen dut klase. Etxepare Institutuaren irakurletza kanpo hizkuntza eta kulturari eskainitako fakultate batean dago kokatuta. Bertan hamar hizkuntzatik gorako departamentuak daude, eta euskara ikasteko izena ematen duten ikasle gehienak Espainiar Filologiako ikasleak dira. Dena den, bestelakoak ere izan ditut: turkierakoak, arabierakoak edota alemanierakoak esaterako. Euskal Herriaren berri badute gehienek, haien ikasktengatik. Linguistika interesatzen zaienentzan oso interesgarria da euskara.
Aipatzekoa da ere unibertsitate horretan nire klasea herritarrei irekita ere dagoela, eta aurten lau adineko pertsona etorri dira. Horietako bat flauta-jolea da, eta Xuberoako musikak erakarria iritsi zen gugana. Beste bat argazkilari profesionala da eta Atlhetic de Bilbao futbol taldeko zale amorratua. Fermin Muguruzaren musikak erakarriak etorri direnak ere izan ditugu.
Bitxia dirudien arren lau pizgarri nagusi dituzte ikasleek euskarara gerturatzeko:futbola , sukaldaritza , musika; eta jakina, linguistika bera.
Nondik abiatzen zarete euskara ikasten?
Zerotik hasten gara. Lehen eskolan Euskal Herria eta euskararen inguruko informazio orokorra ematen diet (biztanle kopurua, lurralde ezberdinak, historia laburra...). Eta bigarren eskolan pronunziazioarekin hasten gara. Hirugarrenean, agurrak (Kaixo agur...) eta hortik abiatuta egitura sinpleak (“ni japoniarra naiz”).
Astean ordu eta erdiko eskolak ditugu, eta denbora gutxi den arren, ikasleek maila ona erakusten dute.
Noizbait zu ere zerotik hasi zinen. Zerk bultzatu zintuen euskara ikastera?
Karrera bezala ingeles filologia egin nuen eta ezohikoa den beste hizkuntza bat iksteko grina sortu zitzaidan, ezohikoa zen ezer. Aukera nuen Ainu hizkuntza ikasteko, Japoniako iparraldeko hizkuntza, desagertzen ari dena (hiztun natiborik ez da geratzen), baina nire inguruan bazeuden batzuk hori ikasten eta nik beste zerbait nahi nuen.
Kasualitatez, Suzuko Tamura irakasleak proposatu zuen euskara irakasteko eskola bat antolatzea. Berak zazpi hilabete eman zituen euskara ikasten eta ez zuen ikasitakoa ahaztu nahi. Bost lagun elkartu ginen eskola horietan, eta aurretik zerbait ikasia banuen ere, horrela izan nuen lehen hartu-emana euskararekin.
Karrerako azken urtea zen hura, eta ondoren lanean hasi nintzen. Bost urteren ondoren erabaki nuen Euskal Herrira joatea, euskara hobeto ikastera eta Lazkaoko Maizpide Barnetegira etorri nintzen. Hilabete eman nuen han eta bueltatzerakoan erabaki nuen linguistika departamentuko masterreko kurtsoan sartzea, euskarari buruzko lan bat egiteko. Ikergai bezala euskalki bat hautatu nahi nuen, baina horretarako Euskal Herrrara etorri behar nuen. Dirudik ez nuenez, bere euskalkian hitz egiten zuten euskaldunak bilatu behar izan nituen Japonian. Zestoako moja batekin harremana nuen, Maite Garaizabal, eta haren bitartez mutil azpeitiar bat ezagutu nuen. Hari esker, masterreko tesia egin nuen azpetiako euskarari buruz.
Geroztik maizago hasi nintzan Euskal Herrira etortzen, eta geroztik euskarari louta egon izan naiz beti.
Hemen bizi ez zaren arren euskararen bilakaera ikusteko aukera izan duzu hamarkadetan. Nolakoa izan da zure begietatik?
Asko aldatu da. Hiztun kopuruari dagokionez egoera asko hobetu da, nire ustez ikastolei eta hezkuntzari esker. Orain dela 30 urte Donostiako Parte Zaharrean euskaraz ardo bat eskatzen nuen, praktikatu nahian, eta ez zuten ulertzen eskatzen nuena. Baina gaur egun taberna gehienetan egiten du norbaitek euskaraz. Barnetegiren batera bazoaz ere, nabar da ikasle gazte gutxiago dagoela.
Oso garrantzitsua iruditzen zait hiztun kopuruak gora egin izana. Baina adituek diotenez, erabilera beste kontu bat da, kalitatea. Horretan zalantzan nago.
Etorkizunera begira, zein proiektu duzu eskuhartean euskalgintzari lotuta?
Baditut batzuk, bai. Orain bi lan euskaratzen ari naiz. Bata Japoniako poeta baten poesia bilduma da eta bestea nobela motz bat. Dena den, bien itzulpenak zuzentzeko dut euskal idazleen laguntza.
Bestalde, japoniako Rakugoarekin egiten dut lana. Ipuin tradizional laburrak dira Rakugoak, umorezkoak, eta nik euskaratu egiten ditut. Hiru lagun euskaldunekin batera errezitatzen ditugu ondoren; Azpeitiko Rakugo Ekipoa osatzen dugu: Axen Escalada, Arantzazu Maiz eta Maider Ibarguren. Emanaldiak eskaintzen ditugu, esaterako euskaltegietan, euskara ikasle berriak animatzeko. Gonbidatuta zaudete!