Diasporako hiru ikaslek hasi dute bi hilabeteko ikasketa-egonaldia Maizpiden
Euskara. Kultura. Mundura.
Urtarrilean etortzekoak ziren hiru ikasle argentinarrek orain hasi dute Lazkaoko Maizpide euskaltegian barnetegia. Urrian eta Azaroan izango dira Gipuzkoan bizitzen. Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren eskutik, 2013an hasi ziren zerotik euskara ikasten eta urte hauetako prestakuntza eta, orain, lehen aldiz testuinguru euskaldunean murgilduta egingo duten ikastaro trinkoa amaitu eta gero, euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Beatriz Etchegaray, Elisabeth Etchegaray eta Beatriz Poume dira iksleok.
Azul udalerriko euskal etxeko Elisabeth Etchegaray B2.2 mailako ikasketak ari da burutzen; Viedmako Beatriz Etchegarauyk B2.1 mailakoak; eta Tandil-ko Beatriz Poumek, B1-ekoak. Urtarrilean etorri zirenen talde berekoak dira. Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako 11 lagun horiek euskara maila hobetzeko bi hilabeteko egonaldia egin zuten euskaltegi-barnetegian.
Taldearen ikasketa ibilbidea 20 pertsonak osatzen dute denera. Duela 8 urte hasi zirenetik, online prestakuntza eta aurrez-aurrekoa tartekatu dituzte. Ikasleek urtero 36 saio burutu dituzte, beren kabuz, HABEren Ikasten online plataformaren bidez. Halaber, urtero aurrez-aurreko bi barnetegitan hartu dute parte Argentinan, 52 ordukoa bakoitza. Orotara, 1200 eta 1600 ordu artean eskaini dizkiote euskara ikasteari eta, 2019an Buenos Airesen, euskara maila egiaztatzeko frogak egin eta gero B1 eta B2 mailak eskuratu dituzte. Lazkaon hasi berri duten egonaldian euskalduntzearen maila bat egitea da helburua: B2 dutenek C1a egitea; eta B1 dutenek B2a.
Euskara Munduan
Euskara Munduan programaren bitartez mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza sustatzen du Etxepare Euskal Institutuak. Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena. 2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa eta, honen bidez, munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak diruz lagundu, euskal etxeak euskara eskolak emateko materialez hornitu, euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatu eta euskara irakasleen trebakuntza sustatzen dira, izan ere, giza baliabideei dagokionez, euskal etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu behar izaten baitute. Egun, 2.000 inguru dira urtero munduko euskal etxeetan euskara ikasten duten pertsonak eta Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko 35 unibertsitatetan dituen irakurletza-programetan beste 1.900 ikasle inguruk hartuko dituzte euskara eskolak aurten.
FEVA (Federación de Entidades Vasco Argentinas) federakuntzan biltzen diren euskal etxeen aspaldiko eskakizuna da trebakuntza prozesu hori Euskal Herrian amaitzeko aukera eskaintzea eta hala helarazi zion Lehendakariari, honek 2018an Argentinara egindako bidaian. Covid-19aren pandemiak egitasmoa urtebete atzeratu ostean, 2021ean burutuko da egonaldia.