“Txilera bueltan, dakiten euskara erabiltzearen garrantzia erakutsiko diet ikasleei”

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-02-11

Bidaia luzea egin dute, eta laster amaitzera doa. Bidean ikasitakoak asko dira. “Ez da erraza izaten ari, baina hemengo giroa eraman nahi nuke nirekin”. Pozik dago Lautaro Pincheira Maizpide euskaltegian egiten ari den egonaldiarekin. Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako beste 10 lagunekin ari da euskara maila hobetzeko bi hilabeteko egonaldia burutzen Lazkaoko euskaltegi-barnetegian, Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren eskutik. Euskal diasporan euskararen ezagutza sustatzeko helburua du egitasmoak.

Taldea 2013an hasi zen zerotik euskara ikasten, prestaketa lanean jarraitu dute eta, orain, lehen aldiz testuinguru euskaldunean murgilduta egingo duten ikastaro trinkoa amaitu eta gero, euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Buenos Aires, Mendoza, Necochea, San Nicolas, Tres Arroyos eta Villa Marían, Argentinatik etorritakoen kasuan, eta Santiago eta Montevideon, Txile eta Uruguaitik etorritakoak.

Mendozako Denak Bat euskal etxean egiten du lan Pincheirak. Besteak beste, euskara eta euskal kultura erakusten ditu bertan. Orain dela bi urte hasi zen han lanean. Euskara ikasten, “kasualitatez”, 2004an. Tolosarra zuen birraitona, eta amonak egiten omen zituen hitz batzuk euskaraz.

Ezustekoz baita ere, lagun euskaldunak egin zituen Mendozako Unibertsitatean. Iparraldeko jendeak ikasten zuen han, eta “haiek gaztelaniaz ez zekiten, nik frantsesez ere ez nekien bezala. Euskara genuen komunean”.

Ez da arrunta, baina jende euskalduna izan du inguruan Pincheirak Argentinan. Hala ere, berria ari da izaten Lazkaoko egonaldia. Osasun egoerak baldintzatuta mugikortasun aukera handirik ez den arren, euskaraz bizi dira udalerrian barrena. Saltoki eta zerbitzu desberdinetan euskara erabiltzen du: “akatsak egitean gaztelaniaz erantzuten didate batzuetan, baina argentinarra naizela jakitean, euskara hutsean egiten didate”.

Modu naturalean

Christian Echeverría txiletarrari ere murgiltze hori ari zaio gustatzen gehien. “Maleta berandu iritsi zitzaidan, eta arropa erosi behar izan nuen; herriko dendetan euskaraz egiten hastean, nire gaitasunaz jabetu nintzen”.

Mintzalaguna du Txilen, eta berarekin egiten du euskaraz, ikasgelan ere erabiltzeaz gain. Hala ere, “artifizialtasun sentimendu batek” inguratzen zuen giro hori, Echeverríak adierazi digunez, ikasgelatik ateratzean hizkuntza aldatzen baitzen ikasleen artean.

“Gehien gustatzen ari zaidana da akatsak egiteko aukera izatea, zuzenketak jaso eta ondo ez ulertutakoaren inguruan galdetzea”. Horregatik, argi dauka Txilera eraman nahi duela, hain zuzen, “erabileraren garrantzia. Ikasgela euskara hutsean aritzeko espazioa izatea funtsezkoa da. Hori sustatuko dut: ikasleak, maila apala edukita ere, ezagutzen duena erabil dezan”.

Bere kabuz burutu zuen euskararekin topo egiterainoko bidea Echeverríak, abizena aldatzea erabaki ostean. Amonak hezi zuen, eta haren deitura hartzean hasi zen abizenaren iturburuaren bila.

“Emakume isila zen amona. Inoiz ez digu ezer esan bere jatorriaren inguruan, ez zuen bere arbasoez hitz egiten. Hura hil eta gero egin nuen topo euskararekin”, azaldu du.

Begoña Tiserak etxean entzuten zituen hitz batzuk euskaraz -“aginduak batez ere”, azaltzen du barre eginez-. Ama Bilbon jaiotakoa du, baina debekuen ondorioz inoiz ezin izan zuen ikasi hizkuntza. Aitona-amonek egiten zuten, eta jakin-mina piztu zitzaion, ondorioz, Tiserari.

Bere bidea ari da egiten orain, Rosarioko Unibertsitatean eta San Nicolaseko euskal etxean ikasiz eta irakatsiz. Han izandako lehen irakasleak ere Maizpiden egin zuen egonaldia euskara ikasteko. Zirkulua ixten ari da, beraz, nolabait. Edo sentsazio hori du.

Lazkaoko giro euskalduna etxera eramaten saiatuko da. “Ikasleak motibatzeko erabili nahi dut nire esperientzia, eta hemen ikasitakoa motibazio hori mantentzeko baliatu. Naturaltasunez egin dezaten euskaraz”. Hori omen da gakoa.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu