Hizkuntzaren irakaskuntza, plangintza eta erabilera hizpide McGill Unibertsitateko Elbira Zipitria katedraren irekieran

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-09-10

Euskal ikasketen katedra berria jarri dute abian Montrealen McGill Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak, elkarlanean. Elbira Zipitria pedagogo, ikastolen sortzaile eta andereño berritzailearen izena darama katedrak, eta gizarte eta kultur berrikuntza izango ditu ardatz.

Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak adierazi duenez, “euskal ikasketak eta gizarte berrikuntza harremanetan jarriko dituen proiektua izango da katedra berri hau, bi aldeak sinestuta baigaude, esparru horretan, Quebeceko errealitatean eta euskal errealitatean zer pentsatu eta trukatu badagoela”. Elbira Zipitria katedrak gizarte eta kultura mailan sortu diren mugimendu eta eman diren pauso berritzaileak, eta hauek hizkuntzari egindako ekarpena izango ditu ikerketa gai.

Katedra abian jartzeko hitzarmena sinatzearekin batera, egun oso irekiera egitarau akademikoa egin zuten atzo Quebec eta Euskal Herriko adituren eta ikerlarien parte hartzearekin. Bi errealitate horietan, hizkuntza ez hegemonikoen garapenean Kultur berrikuntza estrategiek izan dezaketen rola izan zuten hizpide hizlariek, horien artean, Euskal Herritik joandako hiru aditu: Idoia Fernandez, UPV/EHUko irakaslea; Miren Azkarate, UPV/EHUko irakaslea, eta Pablo Suberbiola, Sozioliguistika Klusterreko ikerlaria.

Fernandez Elbira Zipitriaren soslaiaz mintzatu zen. Adierazi zuenez, “oso ahulduta dauden jatorrizko komunitateetan –kolonizazioa jasan zutenak- emakumeak dira hizkuntzaren transmisioaren aldeko lana egiten dutenak, eta Elbira Zipitriaren pertsona eta Euskal Herrian duela mende erdi gertatu zena esperantza iturri bat da beraientzat bide horretan ez etsitzeko”.

Azkaratek berriz, azaldu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan, hizkuntza plangintzaren ikuspuntutik, administrazio publikoan, hezkuntzan eta eremu sozioekonomikoan egin den bidea, eta esparru horietan guztietan ezagutzatik erabilerara pasatzeko dauden erronkak azpimarratu zituen.

Amaitzeko, Suberbiolak ekitaldian bertaratu ziren ikerlari, irakasle eta adituei, Euskaraldia zer den eta zertan oinarritzen den azaldu zien, hizkuntza ohiturak aldatzeko izan ditzakeen gaitasun eta mugen ikuspuntutik. Halaber, egitasmoak gizarte berrikuntzaren aldetik dituen gako nagusiak aurkeztu zituen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu