Irakurle izateko ikastaroa hasi dute 23 ikaslek

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-10-14

Denera, 23 ikasle ari dira parte hartzen Etxepare Euskal Institutuak EHUrekin antolatzen duen  irakurle izateko ikastaroan. 2021eko urriaren 1etik azaroaren 27ra ari dira egiten, ostiral eta larunbatetan, Gasteizko UPV/EHUren campusean. Aurtengoan, ikastaroko saio batzuk modu presentzialean emango dira eta beste batzuk telematikoan. Euskal Ikasketak, Filosofia, Kazetaritza, Itzulpengintza eta Interpretazioa, Hezkuntza, Soziologia, Filologia eta tankerako ikasketak burututakoak dira ikasle gehienak.

Giza eta Gizarte Zientzietako goi-mailako graduatuei eta lizentziadunei bideratutako ikastaro honen helburua da euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea, edo Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuak prestatzea lan horretarako.

Bi erakundeon artean sinatu den lankidetza-hitzarmenari esker, prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango da. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu