Irakurletzetako irakasle izan nahi? Eman izena ´Excellence in Basque Studies V´ Udako Ikastaroetan!

Euskara. Kultura. Mundura.

2015-05-05

 

Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Excellence in Basque Studies ikastaroaren bostgarren edizioa izango da aurten EHUko Udako Ikastaroetan. Ikastaro honek egungo atzerriko unibertsitateetako irakurleen zein etorkizunekoen formazioa sendotu nahi du, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo ezberdinetako adituak izango dira hizlari. Aurtengo edizioak Mariasun Landa idazleari egingo dio omen.

Ikastaroa irekita egongo da matrikulatu nahi duen edonorentzat. Uztailaren 8-10 bitartean burutuko da, Udako Ikastaroen egoitza nagusi den Donostiako Miramar Jauregian.

Haur eta gazte literatura,  genero ikasketak, irakurzaletasuna garai digitalean edo gizarte eleanitzek idazleari sortzen dizkioten erronkak izango ditu aipagai ikastaroak; besteak beste, Mariasun Landak urtetan jorratu dituen atalak.

Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 34 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko  unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 27 irakasle ditu. Horiez gain, 5 katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan (Chicago, NY, Frankfurt, Reno eta  Liverpool hirietan). Excellence in Basque Studies ikastaroak 5 urte daramatza unibertsitate horietan irakurle izango direnen formazioa ahalbidetzen.  

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu