Iratxe Ansa: "Nazioartekotzea zerbait naturala izan da nire bizitza eta ibilbide profesionalean"
Euskara. Kultura. Mundura.
Nazioarteko ibilbide esanguratsua du atzetik Iratxe Ansa euskal dantzariak. Dantzari, koreografo eta irakasle, duela 9 urtetik bere plataforma propioaren buru da, ´Metamosphosis´, eta bertan biltzen ditu izaera anitzeko proiektuak. Horien artean dago ´Metamorphosis International Residency´ nazioarteko erresidentzien programa ibiltaria. Horren hirugarren edizioa Donostian garatu zuten 2016an, eta egindako lana biltzen duen dokumentala aurkeztu berri dute Torontoko New Blue Dance jaialdian. Proiektuaren inguruan gehiago jakiteko asmoz, dantzariarekin hizketan egon gara.
Nazioarteko ibilbide esanguratsua du atzetik Iratxe Ansa euskal dantzariak. Dantzari, koreografo eta irakasle, duela 9 urtetik bere plataforma propioaren buru da, ´Metamosphosis´, eta bertan biltzen ditu izaera anitzeko proiektuak. Horien artean dago ´Metamorphosis International Residency´ nazioarteko erresidentzien programa ibiltaria. Horren hirugarren edizioa Donostian garatu zuten 2016an, eta egindako lana biltzen duen dokumentala aurkeztu berri dute Torontoko New Blue Dance jaialdian. Proiektuaren inguruan gehiago jakiteko asmoz, dantzariarekin hizketan egon gara.
Aste honetan bertan aurkeztu duzue METAMORPHOSIS INTERNATIONAL RESIDENCY - SAN SEBASTIÁN 2016 dokumentala Toronton, izen bereko proiektua erakusten duen lana. Zer ikusiko du publikoak?
Publikoak dantza asko ikusi ahal izango du; dokumentalak modu kronologikoan kontatzen du hilabeteko proiektua nolakoa izan zen... Dantza Victoria Eugenia Antzokiko ensaio aretoan, Tabakaleran, San Telmo Museoan, Chillida-Lekun, Guggenheim Museoan eta eszenatokian.
Dokumentala sortu eta ekoizteko ideia kamararekin jolasean urteak eman ondoren jaio zen. Eta batez ere, ezinhobeto moldatzen zaren artistak ezagutzen dituzunean, hala nola Johnatan Molina eta Jorge Pellices dantzari Mexikarrak, gurekin maiz egin dutenak lan eta Metamorphosis proiektuaren kolaboratzaile direnak. Oso ideia erakargarria eta beharrezkoa iruditu zitzaigun proiektua irudiz jasotzea; hasieran guretzat eta parte-hartzaileentzat soilik zen, baina garatzen joan heinean potentzial nahikoa ikusi genion eta beste bide bat hartu du.
Nola jaio zen Metamosphosis International Residency sortzearen ideia? Zertan datza?
Ideia ez zen jaio, oso modu natural eta bat-batekoan sortu zen. Lehen edizioa hasiera batean Pekinen antolatutako dantza ikastaro intentsiboa izan zen, 2014an. Australia, Espainia, Estatu Batuak eta Txinako ikasleak etorri ziren. Konturatu nintzenean dantzariek horren urrutitik bidaiatu zutela aste horietan lan egin eta dena emateko, ahal nuen guztia eskaintzeko beharra sentitu nuen, estudio kanpoan zein barruan. Beraz, kurtsoaz gain txinatarrak bertako hainbat dantza konpainiatan sartu nituen, eta inprobisazio ekitaldiak antolatu genituen bertako artistekin, hiriko espazio kultural ezberdinetan, bideo-dantza obrak ere sortuaz. Proiektua elementu asko dira batera: dantza ikastaro intentsiboa da, sorkuntza koreografiko bat, artisten plataforma bat, eta orokorrean, dantza eta hiriko gainontzeko arteen topalekua.
Lehenik hiria aukeratzen dugu eta ondoren, dantzariak. Behin elementu guztiak ditugula, guk “Encounter”-ak deritzogunak egiten ditugu: esku-hartzeak espazio kulturaletan. Espazio horiek tokiko kulturaren adierazle izatea interesatzen zaigu. Prozesuak 3-4 aste irauten du eta bertako zein nazioarteko artista askorekin egituen dugu lan: orain arte 40 artistatik gora izan ditugu elkarlanean.
Zalantza gabe nazioarteko proiektu ibiltaria da: Pekin, Mexiko, Donostia... edizio bakoitza hiri ezberdinean antolatzen duzue mundu osoko dantzariekin. Zer eskaintzen dio nazioartekotze honek proiektuari? Nola lotzen da edizio bat bestearekin?
Niretzat nazioartekotzea zerbait naturala da, nire mapa 14 urterekin etxetik irten nintzenetik; munduan egin dut lan eta bertan hazi eta hezi izan naiz dantzari eta pertsona modura. Mundu osoko dantzari bikainekin lan egiteko aukera izatean, txoko guztietara bidaiatu dut haien konpainiak ezagutu ahal izateko; hortik sare bat sortzen joan naiz.
Proiektuaren izenak “international” hitza izateak bi arrazoi ditu: guk mundu osotik egiten dugu lan, eta gure dantzariak mundu osotik datoz. Kultura eta jatorri ezberdineko artistak elkartzearen handitasun eta onurengan sinisten dut. Orain arte 16 nazionalitate ezberdineko artistek hartu dute parte.
Hirugarren edizio hau zure sorterrian izan zen, Donostian, 2016 europako kultur hiriburutzaren testuinguruan. Urteak mundu osoan zehar lanean eman ondoren, nolakoa da etxera itzultzea?
Egia esan nire ibilbidean zehar behin baino gehiagotan itzuli naiz Donostiara, baina oso ezberdina da konpainia batekin etortzea edota zeuk gidatu eta sortutako proiektuarekin. Ardura, harrotasuna, zoriontasuna... dantzariek nire sorterria ezagutzea gustatzen zait, munduan ere izan dezaten gure berri.
Oso interesgarria izan zen eta asko ikasi nuen. Anbizio handiko egitasmoa izan zen, erakunde askorekin elkarlanean eta oso intentsoa.
Dokumentalak proiektuaren hirugarren edizioa erakusten du, bana zuek dagoeneko Shanghaira bidean zaudete laugarrena prestatzeko...
Hori da, 2016ko edizioaren dokumentala aurkezten ari gara, baina laugarren edizioan burubelarri lanean Igor Bacovich eta biok. Apirilean dantzari moduan hartu genuen parte Shanghaiko Fashion Weekean, eta egoera baliatu genuen elkarlanerako museo eta erakundeak bilatzeko, bilerak lotzeko eta proiektuari forma emateko. Oso pozik gaude eta erakundeek interes handia adierazi dute.
Shanghai International Dance Centre izango dugu egoitza 2017an, bertako zein atzerriko dantzariekin. Bertakoak Shanghai Dance Theatre konpainiako 60 dantzarien artean hautatuko ditugu, eta atzerrikoen hautaketa egina dago jada: 18 dantzari, 13 herrialdetatik. Gainera, dagoeneko baieztatu ditugu esku-hartzeak eta elkarlanak Power Station of Art eta Long Museum erakundeekin, hiriko arte garaikidearen erreferente direnak. Bertako artistekin ere egingo dugu lan.
Proiektu hau Metamosphosis-en baitan kokatzen da, beste hainbat proiekturen edukiontzia. Zuen web orriari begirada bat ematea nahikoa da dantzari lotutako proiektu ezberdiak aurkitzeko: zuen metodo propioa, arropa marka bat... Zer diozu honen inguruan?
Jakinmin handiko pertsonak gara Igor eta biok, eta ezezagunak ditugun eremuetan sartzea gustatzen zaigu. Asko bidaiatzen dugu mundu osotik zehar, eta artista asko ezagutzeko aukera dugu. Horrela, haiekin elkarlanak sortzen ditugu.
Metamorphosis gure marka da, eta bertan sartzen ditugu izaera ezberdineko proiektuak. Modu espontaneoan eta gutxinaka gure irakaskuntza metodoa sortu dugu mantzarientzat: METAMORPHOSIS METHOD. Erresidentzia artistikoetan aurkezten genituen sorkuntza koreografikoek erantzun ona zutela ikusita, dantzari kolektibo bat sortu genuen piezak antzokietara eraman ahal izateko: METAMORPHOSIS DANCE COLLECTIVE. Moda arloko nazioarteko artistak ezagutzean, gure dantza arropa kolekzio propioa sortzea erabaki genuen: METAMORPHOSIS DANCE WEAR.
Sortzeko gogo handia dugu, eta gure lankideekin zubiak eraikitzekoa... horrela, etorkizunean ere aurreikusten ditugu proiektu ezberdinak.
Europako erakunde eta konpainia entzutetsuetan izan zara lanean, baina 2009an zure kabuz dantzari, koreografo eta irakasle moduan ekitea erabaki zenuen. Zerk bultzatu zuen aldaketa hau? Nola ikusten duzu bidea etorkizunera begira?
Uste dut dantzari izatetik freelance izaterako pausua oso naturala izan zela. Nire ibilbidean zehar talentu handiko artista bikainekin lan egiteko aukera izan dut, baina ez dut inoiz ikusi nire burua koreografo batekin lan egiten duen dantzari moduan, baizik eta Iratxe moduan.
2010ean, konpainietan 20 urte eman ondoren NDT utzi nuenean nire kabuz ekitea erabaki nuen. Freelance moduan hasi nintzenean askatasun handia izan nuen nire proiektuak sortzeko eta pertsona eta dantzari modura aurrera egiteko. Aukera bikaina izan zen, eta ez estabilitate falta.
Oso pozik nago nire ibilbidearekin eta bide beretik jarraitu nahiko nuke, eta arteari eta kulturari ekarpenak egin. Beharbada noizbait leku batean egonaldi luzeagoak egitea planteatuko dut, dantzariekin denbora luzeagoz lan egin ahal izateko.