Itziar Okariz eta Sergio Prego euskal artistak Veneziako 58. Bienalean izango dira

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-05-09

Veneziako 58. Nazioarteko Arte Erakusketak, Veneziako Bienala izenez ezagunagoa denak, maiatzaren 11n irekiko ditu ateak. Nazioarteko arte erakusketarik ezagunenetariko honetan, aurten, Espainiako pabiloia euskal artisten lanek ordezkatuko dute: Itziar Okariz eta Sergio Pregorenek, hain zuzen.

58. Veneziako Nazioarteko Arte ErakusketakVeneziako Bienala izenez ezagunagoa denak, maiatzaren 11n irekiko ditu ateak. Nazioarteko arte erakusketarik ezagunenetariko honetan, aurten, Espainiako pabiloia euskal artisten lanek ordezkatuko dute: Itziar Okariz eta Sergio Pregorenek, hain zuzen.

Perforado por izango da Peio Agirre komisariak Italiako hirira eramango duen erakusketaren izena, eta Okariz eta Pregoren lanak bilduko ditu.  Izenburua Susan Sontag idazle eta filosofoaren La Estética del Silencio laneko ideia batetik hartu du Agirrek, eta artearen bitartez pabilioiaren espazioa eta bertako gorputzak hustutzea, horietan zulo metaforiko bat egitea, du helburu. Euren hitzetan, “okupazio desokupatu” bat egingo dute bertan. Artista bakoitzak bere lan propioa aurkeztuko du proiektu honetan, baina biek duela hainbat urtetatik ezagutzen dute elkar, eta artea modu berean ulertu eta erabiltzen dute, Agirrek dioenez.

Itziar Okarizek (Donostia, 1965) performancean oinarritutako bi lan eramango ditu bienalera. Horietatik batek, Respiración oceánica (Arnasketa ozeanikoa), Espainiako pabilioian inoiz izan den soinu instalaziorik handiena izango du. Lan honetan, Okarizek mikrofono baten aurrean arnas ariketak egin eta pabilioi guztira zabalduko dira soinu instalazioaren bitartez. Arnasketa ariketa horiek itsasoko soinuarekin alderatzen ditu, eta, era berean, pertsona bakoitzaren izatearekin, arnasa baita bizirik mantentzen gaituen lehen gauza. Bere bigarren lanak, Las Estatuas izenekoa, artistak hainbat artelanekin mantenduko dituen bideo-elkarrizketetan datza. Pieza bakoitzaren ondoan jarri eta, eurekin hitz eginez, bizigabeko artelan horri bizia eta subjektibitatea emango die; elkarrizketaren alde bat, Okarizena, entzun egingo du publikoak, eta beste erdia imajinatu egin beharko du. Jarduera honetarako, beste batzuen artean, Sergio Pregoren eskultura bat erabiliko du, keinu horrekin bere kidearen lanari zubia eginez.

Sergio Pregok (Hondarribia, 1969), bestetik, Espainiako pabiloiaren kanpoaldea erabiliko du bere lana aurkezteko. Eskultorikoa da bere proposamena, eta material ezohikoekin egindako iturriak izango dira pieza nagusi. Lan honekin uraren jariotasun ahalmena frogatu nahi izan du Pregok, baita plastizitatearen printzipioak formarekin duen erlazioa ere, ideia hori muturreraino eramanez. Proiektu honekin, halaber, espazioaren eta arkitekturaren erabilera berriak proposatu nahi ditu, lorategi berezi bat irudikatuz: izan ere, iturri horiek izaki botanikoen, gorputz organoen eta bestelako forma biologiko eta sexualen irudiekin osatuko ditu.

Veneziako Bienala bi urtean behin egiten da, 1895az geroztik. Espainiak 1950. urtetik hartzen du parte erakusketa honetan, eta Garapenerako Nazioarteko Kooperazioaren Espainiako Agentzia (AECID) eta Espainiako Ekintza Kulturala (AC/E) arduratzen dira hura antolatu eta Estatuko artistak bertara eramateaz. Sergio Prego eta Itziar Okariz ez dira bienal ospetsu honetan parte hartu duten euskal artista bakarrak; aurreko edizioetan, besteak beste, Pepo Salazar gasteiztarrak, edota Javier Pérez eta Ana Laura Aláez bilbotarrek ere euren lanak aurkeztu dituzte bertan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.