Euskara eredu nazioartean hezkuntza eleanitzaren ikaste prozesuetan
2023/06/20
Euskara. Kultura. Mundura.
Jasone Cenoz Hezkuntzako Ikerketa eta Diagnosi Metodoetako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, eta Estatuko Ikerketa Agentziako (AEI) Hezkuntza Batzordeko lehendakaria izan da. Bere ikerketak hezkuntza eleanitza eta bigarren eta hirugarren hizkuntzen jabekuntza ditu ardatz eta nazioartean onespena jaso du.
Hezkuntza eleaniztunean, elebitasunean eta eleaniztasunean oinarritzen da bere ikerketa. Beste hainbat gai ere ikertu ditu: translanguaging pedagogikoa, hizkuntza-paisaiak, hizkuntza gutxituak eta edukien eta hizkuntzen ikaskuntza integratua (CLIL).
Aurten, Etxepare Euskal Institutuak Chicagoko Unibertsitatean sustatzen duen Koldo Mitxelena Katedran, irakasle eta ikertzailea gonbidatua izan da. Bertan, eleaniztasunaren inguruan hiru hilabeteko programazioa aurrera eraman du.
Nondik dator ikerketa gai honetan murgiltzearen jatorria?
80ko hamarkadan Donostiako institutu batean ingelesezko irakaslea nintzen, A ereduan eta D ereduan. Bertan, oso interesgarria egin zitzaidan maila bereko elebidunak ziren ikasleen eta ez zirenen ikasleen artean zer desberdintasunak zeuden bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikasteko orduan, kasu honetan ingelesa. Gaia modu zientifikoan ikertu nahi nuenez, doktoretza eta tesia egin nituen gaiaren inguruan. Nire doktoretza tesitik atera nuen ondorio nagusiena izan zen hainbat faktore zehatzak kontrolpean daudenean (maila sozioekonomikoa, eskolaz kanpoko laguntza, adimena…) D ereduko ikasleek emaitza hobeak ateratzen dituztela hirugarren hizkuntza ikastean. Alor asko landu ditut gairekin lotuta, baina beti eleaniztasunari eta hezkuntzari lotuta.
Zertan datza gaur egun esku artean duzun ikerketa?
Gaur egun Translanguaging delakoan zentratuta nago. Eta zer da Translaguaging-a? Normalean, hizkuntzak (euskara, ingelesa…) isolatzeko joera izan dugu horiek ikasterako orduan. Hitz hau ezin da esan beste hizkuntza honetan, ahaztu zure hizkuntza berri hau hobeto ikasteko… Halako ideiak ohikoak izan dira.
Gaur egun, ordea, badaude nazioarteko mugimendu batzuk hizkuntzen integrazioa defendatzen dutenak eta hizkuntzen arteko mugak bigundu behar direla aldarrikatzen dutenak. Honekin zerikusia du Translanguaging-ak. Kontzeptuaren sorkuntza Galeseko hizkuntza elebitasunean dago. Galeseko hezkuntza egoera euskal egoeraren oso antzekoa da. Nahiz eta testuinguru bakoitzak bere aldeak dituen, hurbilena da. Bertan eskola berean bi hizkuntza erabiltzen hasi ziren estrategia pedagogiko gisa. Adibidez, testu bat hizkuntza batean irakurtzea eta laburpena beste hizkintza betean edo dokumental bat hizkuntza batean ikusi eta beste batean eztabaida egitea bezalako ariketek osatzen dute estrategia pedagogiko hau.
Uste dugu hizkuntzen arteko loturak egiten badirela, hobeto ikasiko dela. Pedagogical translanguaging delakoan irakasgaiaren ardatza den hizkuntzan (adibidez, euskaraz) edukiak lantzea, eta gero irakasgai berean ariketak gaztelaniaz edota ingelesez egitea proposatzen dugu. ‘Atera zukua eleaniztasunari!’ bideoan proposamen hau ongi azalduta jasotzen dugu.
Chicagon, Koldo Mitxelena Katedran eskolak eman eta hainbat hitzaldi eskaini dituzu. Zer landu duzu eskola horietan?
Ikastaroaren izena ‘Multilingualism and muntilingual education’ izan zen. Ikastaroaren gaia eleaniztasuna izan da, linguistika sailean kokatuta baitzegoen, eta horren baitan hezkuntza eleanitza ere landu dugu. Euskara eredu gisa erabili dugu hezkuntza eleanitza eta Translanguaging-a bezalako gaiak lantzeko.
Translanguaging-a lantzeko hizkuntza gutxituak asko landu ditugu, eta horretan sakontzeko askotan erabili dugu euskara adibide bezala. Gaur egungo akademiako hizkuntzari eta hizkuntzaren estandarizazioari buruz ere eztabaidatu dugu, eta horren harira euskara batuaren sorrera ikasi dugu, esate baterako.
Esango zenuke euskarak bertako ikasleen interesa piztu duela?
Baietz esango nuke. Batzuk ez zekiten euskara zer den eta ikastaroaren bidez ezagutu dute. Ikastaroaz gain, hitzaldi bat ere eman nuen, eta jende asko bertaratu zen, aretoa bete betea zegoen. Bertan Translagunaging-aren inguruan hitz egin nuen, hizkuntza gutxituetan oinarrituta. Euskararen egoeraren eta euskararen eredu asko erabili nituen hitzaldian. Galdera asko egon ziren gaiaren inguruan, oso giro aktiboa izan genuen. Egoera linguistiko ezberdinetan aplikatzeko prozesu ezberdinak ikasi genituen, eta entzuleek asko eskertu zuten gaiaren lanketa.
Nire ikerketa batez ere Euskal Herriko egoeran eta kasuistikan dago oinarrituta, hau delako bizi eta hobeki ezagutzen dudana. Gai hauek nazioartean aurkeztu ditudaneko esperientziatik abiatuta, esango nuke bi interes foko daudela. Alde batetik, zuzenean euskararekin interesa dutenak (hizkuntza berarekin, lotura emozionalarengatik…) eta bestalde, eleaniztasunaren prozesuekin interesatuta dagoen jendea eta bertan euskararen eredua ezagutzen dutenak.
Zeintzuk dira zure hurrengo pausoak?
Translanguaging gaia lantzen jarraituko dut. Liburu bat egiten ari gara, hizkuntza gutxituak bigarren hizkuntza bezala ikasteko prozesuaren inguruan. Bertan, Euskal Herriaren inguruko egoera linguistikoaren inguruan badago artikulu bat, baina baita ere beste kasu batzuenak, hala nola, Peruko, Hawaiiko eta Galeseko egoerari buruzkoak. Nazioartean hizkuntza gutxituak ikastearen inguruko ikerketak geroz eta interes gehiago pizten dutela esango nuke.
Etxepare Euskal Institutua eta Koldo Mitxelena katedra
Koldo Mitxelena Katedra Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea du xede 2012 urtetik martxan den eta Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen katedrak honek. Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities delakoan txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat joaten da bertara, lauhileko batez euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi eta hitzaldiak ematera.