Katedrak

Katedrak

Euskara eta euskal ikasketen onespena eta ikusgarritasuna indartzeko Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedrak bultzatzen ditu nazioarteko hainbat unibertsitate entzutetsutan.

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskara eta euskal kulturako katedrak, euskal ikasketei buruzko irakaskuntza espezializatua (bereziki, graduondoko mailakoa) eta ikerketa akademikoak sustatzeko tresnak dira eta irakasle espezializatuek edo artista eta sortzaileek unibertsitate batean egindako egonaldien bitartez gauzatzen dira. Etxepare Euskal Institutuak honako hamabi katedrak sustatzen ditu munduan zehar gaur egun.

Bernardo Atxaga Katedra

CUNY (New York , AEB)

Katedra horren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Bernardo Atxagak berak eman zion hasiera 2011ko irailean City University of New York-eko The Graduate Center-en. Bernardo Atxaga Katedrak euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak.

Koldo Mitxelena Katedra

University of Chicago (Chicago, AEB)

Ipar Ameriketako unibertsitate-esparruan euskal ikasketak zabaltzea du xede 2012 urtetik martxan den katedrak honek. Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities delakoan txertatua dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat joaten da bertara, lauhileko batez euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi eta hitzaldiak ematera.

Eduardo Chillida Katedra

Johann Wolfgang Goethe Universität (Frankfurt, Alemania)

2012. urtetik dago martxan eta oro har XX. eta XXI. mendeko euskal artea nazioarteko testuinguruan aztertzeko irakaskuntza espezializatua eta ikerketak sustatzea du helburu.

Katedrak Frankfurteko Unibertsitateko Artearen Historiaren Institutuan du egoitza, eta hark kudeatutako Curatorial Studies direlakoetan ematen dira eskolak. Frankfurteko Arteetako Liburutegiak berariazko atal batean bildu du Chillidari buruzko bibliografia osoa, artistaren obra ikertuko dutenentzat erreferente bilakatuz. Urtero nazioartean garrantzia duen ikertzaile bat gonbidatzen du, bi ikasgai eta mintegi edo hitzaldien ziklo osagarria eman dezan.

Manuel Irujo Katedra

The University of Liverpool (Liverpool, Erresuma Batua)

Manuel Irujo Katedra, 2014-2015 ikasturtean jarri zen abian, eta ikasturtero egiten da. Katedrak aztergai duen gai nagusia euskal erbestea da, honen gaineko ikerketak eta irakaskuntza sustatzea baita bere helburua. Liverpooeko Unibertsitateko Department of Cultures, Languages and Area Studies delakoan kokatzen da.

Jon Bilbao Katedra

The University of Nevada-Reno (Reno, AEB)

2014an sortua, katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka sortu du, Jon Bilbao Visiting Research Fellow deiturikoa, urtero edo bi urtean behin berritzen dena. Onuradunak Nevada-Renoko Unibertsitateko Center For Basque Studies-en izango du egoitza, hori baita Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren gaineko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia. Egonaldiari lotuta ikertzaile gonbidatuak ikerketa lanaz gain, zeregin nagusietakoa du ikerketa emaitzen zabalkunde lana egitea nazioartean.

Eloise Garmendia Katedra

Boise State University (Boise, AEB)

2015an abiatutako Eloise Garmendia Bieter Katedrak euskara eta euskal kulturarekin harremana duten gaien irakaskuntza eta ikerkuntza bultzatzen du. Katedrak Boiseko alkatearen David H. Bieterren -euskal lurraldetik kanpo euskara dakien alkate bakarra- amaren izena darama, euskal kulturarekiko izandako konpromisoagatik eta komunitatean jokatutako rolarengatik.

William A. Douglass Katedra

University of Massachusetts Amherst (Amherst, AEB)

2016 urtean abiatutako katedra honek, euskal antropologiari buruzko ikasketak sustatzea du xede. Katedraren baitan mintegi eta hitzaldi bana ematen dira urtero, euskal antropologia zein euskal kulturgintzako gaiak jorratuz.

Jean Haritschelhar Katedra

Université Bordeaux Montaigne (Bordele, Frantzia)

2016an sortutako katedra honen bidez, euskal ikasketak, bereziki literatura eta linguistika, eta iberiar ikasketak sustatzen dira. Jean Haritschelharren beraren izpiritu izan ziren nazioarteko eta mugaz gaindiko harremanak bereziki zaintzen dira urteroko programa akademikoetan.

Amale Artetxe Katedra

CONICET (Buenos Aires, Argentina)

2019. urtean jarri zen abian Amale Artetxe Katedra, humanitateen arloan, jarduera akademiko eta ikerketa jardueren bidez euskal ikasketak sustatzeko. Amale Artetxek Argentinako euskal diasporan eginiko ekarpenari lotuta, euskal kultura humanitateen eremuan eta berdintasunaren ardatzari erreparatuz dira aztergai katedra honetan. Urtero doktorego ikasgai bat eta hainbat hitzaldi ireki eskaintzen ditu irakasle gonbidatuak.

Elbira Zipitria Katedra

McGill University (Montreal, Kanada)

Euskal ikasketen irakaskuntza kultur berrikuntzari lotuta, irakaskuntzan eta gizartean euskararen sustapena lantzen du katedrak, 2022tik. Urteroko egitaraua bideratzeko McGill Unibertsitateko Letren Fakultatea eta Ingeniaritza Fakultateaz gain, Center for Interdisciplinary Research on Montreal ikerketa zentroak ere egiten du lan.

Frank Bidart Katedra

California State University Bakersfield (Bakersfield, AEB)

2022tik, arlo akademikoa eta/edo artistikoa lantzen dira CSUB unibertsitateko Euskal Ikasketen Institutuan. Egonaldia bai ikerketako eta baita sorkuntzako proiektua garatzeko da. Hautatutako aditu edo sortzaileak ikerketarako edo sorkuntzarako hilabeteko egonaldia egingo du, Euskal Ikasketen Institutuan.

Alan R. King Katedra

University of Wales Trinity Saint David (Aberystwith, Erresuma Batua)

Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS) dago kokatuta eta euskal eta galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatzen ditu 2022tik. Urtero, irakasle edo ikertzaile gonbidatu batek sei asteko egonaldia egingo ikerketa mintegia burutu eta hitzaldi ireki bat eskaintzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu