Joan etorriak programak nazioarteko zortzi artistaren erakusketa zabalduko du

Euskara. Kultura. Mundura.

2016-12-07

Aurten Joan Etorriak nazioarteko proiektuan parte hartu duten artisten lanak eta lan prozesuak erakusgai izango dira abenduaren 9tik urtarrilaren 9ra Tabakaleran (Donostia), Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroan. Joan Etorriak Europako artisten elkartruke programa da eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute mugikortasuna eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzeko xedearekin.

(...)

Aurten Joan Etorriak nazioarteko proiektuan parte hartu duten artisten lanak eta lan prozesuak erakusgai izango dira abenduaren 9tik urtarrilaren 9ra Tabakaleran (Donostia), Nazioarteko Kultura Garaikidearen Zentroan. Joan Etorriak Europako artisten elkartruke programa da eta Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak, Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute mugikortasuna eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzeko xedearekin.

Programaren hirugarren edizioa da aurtengoa eta eskaini diren egonaldi artistikoetan hamar artistek parte hartu dute: lau izan dira atzerrian egon diren euskal artistak eta sei Euskal Herrian beren proiektuak gauzatu dituzten atzerritarrak. Ostiralean, abenduaren 9an, horietako zortzi artisten lanen emaitzak eta prozesuak jasoko dituen erakusketaren inaugurazioa egingo da arratsaldeko 19.00etan Tabakalerako 2.solairuan.

Artistek beren sorterrian formulatu dituzte proiektuak, eta gero, harrera egin dion hiriko errealitate ezezagunarekin egin dute topo. Sorkuntza-prozesuan, funtsezkoa izan da bitartekaritza, lagungarria eta erraztailea izan baita ikerketa-lanean, herritarrekin izandako harremanean, bai eta artisten arteko topaketetan ere, jatorrizko proposamenak aberasteari begira. Donostian lanean aritu diren artistek inguruko kultur eragile ezberdinekin harremanean eraiki dituzte proiektuok, besteak beste, Espacio Reflex, Undermount, Bertsozale Elkartea, ESCIVI, etab.

Euskal Herritik atzerrira joan direnak Elssie Ansareo, Aitor Gametxo, Mario Paniego eta Diego Vivanco izan dira. Ansareok Arhemeko (Herbehereak) Locatie Spatie artista komunitatean egon den bitartean “Spoon” izeneko ekimenean elkartzen zirenen arteko elkarrizketak aztertu ditu. Gametxok, berriz, mugimenduaren bidezko komunikazioari buruzko entsegua egin du Wroclawen (Polonia) pertsona gorren unibertso isilean murgilduz, eta Vivancok hiri berean eguneroko esperientzia jaso du: tapizatzaile eta elektrikari-lanetan aritu da trukean dirurik eskatu gabe. Azkenik, Paniego Rijekan (Kroazia) “Common Places” izeneko proiektua garatzeko migrazioan oinarritu da, guztiok migratzaileak garela jabetu gaitezen. Rijekako portuan burututako proiektuaren itxiera gisa, ostiral honetan, hilak 9, eguerdiko 12:00etan Paniegok esku-hartzea burutuko du Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktorian publikoari irekia izango den ekintza batean.

Euskal Herrian egonaldi artistikoak egin dituzten artistak Hanna Ilczyszy (Polonia), Gabriela Kowalska (Polonia) , Jakub Szafranski (Polonia), Nika Rukavina (Kroazia) eta Turbo&Diesel (Herbehereak) kolektiboa izan dira. Ilczyszyn-ek, euskal eta eslaviar mitologia ispirazio-iturri izanik, zazpi margolaneko segida bat egin du, hala nola tailer ezberdinak haur eta helduekin . Kowalskak diseinua eta soziologia nahastu ditu Donostiako auzo, adin eta testuinguru ezberdineko biztanleei egindako galdeketetatik abiatuz; gerora, pieza batekin erantzuna ematen saiatzeko. Rukavinak, bere aldetik ekimen kulturalek europar hiritarren elkarbizitzarako eta elkar-ulertzea bideratzeko benetan balio ote duten galdetzea izan ditu abiaburu. Amaitzeko, Szafranski bertsolaritzan murgildu da eta euskaraz hitz bakar bat ere ulertu gabe bertsolaritzarekin izandako esperientzia jaso eta adierazi nahi izan du. Turbo&Diesel kolektiboaren lana erakusketatik kanpo gelditu da epe kontuak direla eta. Herberehetako bi artistek “norena da hiria” kontzeptuaren menpe, hainbat interbentzio egin dituzte.

Orain arte, Joan Etorriak programan 22 artistek izan dute aukera parte hartu eta egonaldi artistikoa egiteko.

 

JOAN ETORRIAK ERAKUSKETA- EGONALDI ARTISIKOAK


JOAN

Diego Vivanco
Egonaldia Wroclawen (2016/05/24 – 2016/07/08)
Y mañana ¿qué?

Egoitza-beken helburua zein den badakigu: artistei, denboraldi jakin baterako, beren obran buru-belarri aritzeko aukera ematea, diru-sarrerez kezkatu beharrik izan gabe eta artearekin zerikusirik ez duten bestelako lanetan aritu beharrik izan gabe.
Proiektu honen helburua egoera hau buruz behera ipintzea zen: Poloniako Wroclaw hirian lanean aritzea, baina artearekin zerikusirik ez daukan zeregin batean, eta trukean dirurik eskatu gabe; izan ere, Vivancok bekaren bidez jasotzen zuen dirua. Wroclaw hirian eman dituen bi hilabeteetan, tapizatzaile-lanetan aritu da Vivanco, eta iaz elektrikari-lanetan aritu zen Istanbulen. Proiektuak aurrera darrai.

Aitor Gametxo
Egonaldia Wroclaw-en (2016/05/24 – 2016/07/08)
Sinfonia isil bat

Sinfonia isil bat Wrocław hiria eta bertako gor-komunitatea irudikatzea helburu duen saiakera filmikoa da. Aurreko mendeko hiri-sinfonietan «hiria» motibo errepikakorren bitartez irudikatu zuten; besteak beste, Vigo, Ruttman, Ivens eta Vertov zinemagileek. Pauso, makina eta isladak muntaketa neurtu baten bitartez uztartuz zinemaren aukerak esploratu nahi zituzten, mugimendua izanik filmon muina. Era berean, mugimendua da munduko zeinu-hizkuntza ororen esentzia. Zeinuez gain, espazioa, aurpegiko espresioa edo keinuak erabiltzen dira mezua sortzerakoan, eta, beste edozein hizkuntzatan lez, identitate kolektiboaren sorrera- eta sendotze-prozesuetan elementu gako bezala. Hirian gertatutako itzala, isla, iluntasun eta keinuek lengoaia filmikoaren inguruko gogoetara bultzatu nahi dute ikuslea, isilean, bai zinemaren, eta bai zeinu-hizkuntzaren muina den mugimenduari buruzko entsegu honetan.

Elssie Ansareo
Egonaldian Arnhem-en (2016/10/18 – 2016/12/03)
How You Look At It?

Spatie artista komunitate bat da, hitzaren zentzurik zabalenean. Auzoko jendearekin zerikusia daukaten proposamen ugari biltzen ditu, eta subjektibotasunetik eta banakotasunetik abiatuta taldearen aldeko lana egiten dute. Familia-zentzua ere sortzen da, nolabait.

How You Look At It? Spatie-ren proiektu nagusietako batean txertatu da, Spoon izenekoan. Astero egiten duten afarian datza; Spatie familia osatzen duten guztiak elkartzen dira bertan eta ateak zabalik daude gerturatu nahi duen edonorentzat. Taldearekin bat egitean, Ansareoren begiradak elkarrizketan parte hartu du lehenengo pertsonan; hala, How you look at it & How I look at it (Nola ikusten duzu zuk eta nola ikusten dut nik) arteko elkarrizketa eraginez.

Mario Paniego
Egonaldia Rijeka-n (2016/10/18 – 2016/12/02)
Common Places

Mario Paniegok migrazioarekin lotura duten bi proiektu oso ezberdin landu ditu. Hau da, hain zuzen, Rijeka 2020, Europako Kultur Hiriburuaren kultur programaren gai nagusia.
Common Places izeneko proiektuak oroimen kolektiboa aktibatu nahi izan du, guztiok migratzaileak garela jabetu gaitezen. Horretarako, elkarrizketa ugari egin dizkie Rijekako hiriarekin eta aldiriekin lotutako emigratzaileei zein immigratzaileei. Hasteko, Miljenko izeneko kroaziar euskaldun berriari, Donostian 1970etik bizi denari. Horrekin batera, lan bisualago bat ere garatu du. Bigarren proiektuak ez du izenbururik, eta lurbira-globo eta bideo banak osatuta dago; interpretazio askorako ematen duen lan kriptikoagoa da.


ETORRIAK

Gabriela Kowalska, Gabukow
Egonaldia Donostian (2016/10/15 – 2016/12/10)
What Can I Make For You?

Gabukowek artearen eta diseinuaren arteko mugan egiten du lan maiz. Bere proiektu esperimental honetan artea, diseinua eta soziologia nahastu ditu, eta Donostiako biztanleei egindako elkarrizketetan oinarritu da, honelako galderei emandako erantzunetatik abiatuz «Zer behar duzu?, Zer duzu faltan?, Zer egin dezaket zuregatik -artista egoiliar moduan-?». Galdeketak egunero egin dira, hiriko hainbat tokitan, eta jatorri eta adin ezberdineko pertsonekin. Proiektuaren bigarren zatian erantzunak aztertu dira Donostiako jendearen benetako premia eta desio nagusientzat erantzun bat diseinatu eta sortu ahal izateko.

Jakub Szafrański
Egonaldia Donostian (2016/10/15 – 2016/12/10)
Wersy

Jakub Szafranskik lau urte eman ditu euskal gizartearen eta kulturaren hainbat alderdi aztertzen eta dokumentatzen. Wersy (Bertsoak) izeneko proiektuak bertsolaritzaren ahozko tradizioa lantzen du. Teoria ikasiz, ikuskizunetara eta topaketetara joanez, eskoletan parte hartuz eta bertsolariekin hitz eginez, Jakub ikuspegi orokorra hartzen eta material dokumentala biltzen saiatu da, bai eta muturreko komunikazio-egoera horrekin lotutako esperientzia jasotzen ere. Zein eragin dauka, hitz bakar bat ere ulertzeko ezintasunak ahoskotasunean oinarritutako jarduera bat hartzeko orduan? Jarduera horrek ehunka pertsona erakarri eta parte senti daitezen ahalbidetzen du, eta batzuen munduaren ikuspegirako erabakigarri bihurtzen da. Nola borrokatzen dira gainerako zentzumenak hizkuntzaren ulermena eta entzumena ordezkatzeko?

Hanna Ilczyszyn, Fajnahanna
Egonaldia Donostian (2016/10/18 – 2016/12/10)
Forest People

Hanna Ilczyszynen erresidentziaren gai nagusia mitologia izan da. San Telmo Museoa eta Aranzadi Institutuko Etnografia Departamentua bisitatu eta ipuin-kontalari batekin egon ondoren, Forest People sortzeari ekin zion. Zazpi margolaneko segida bat da (zazpi zenbaki magikoa da zenbait mitologia eta erlijiotan), bere eguneroko lanaren jarraipena delarik aldi berean. Euskal eta eslaviar mitologia izan du inspirazio-iturri, eta margolan bakoitzak Euskal Herriko sinesmen eta istorioetako sinbolo bat hartu du, erretratu surrealistetan bilakatuz. Proiektuaren bigarren atala haurrekin eta helduekin lantegiak egitea izan da. Parte-hartzaileek euskal kondairetan nahiz Wroclaw inguruko eslaviar mitoetan oinarritutako pertsonaiak sortu dituzte.

Nika Rukavina
Egonaldia Donostian (2016/11/14 – 2016/11/29)
In The End It Is All About Money

Nika Rukavina performer kroaziarrak kultur eta ekimen kulturalek europar hiritarren elkarbizitzarako eta elkar-ulertzea bideratzeko duten benetako gaitasunaren inguruan galdegiten du. Ala, azkenean, ez al da dena diru kontu huts bat? Rukavinak irudian ikusi daiteken performancea burutu zuen pasa den azaroaren 24an, Donostia 2016ko egoitzan. Horretarako euro bateko hamabi txanpon moztu zituen esku-zerra batez, Europako bandera osartzen duten hamabi izar bihurtuz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu