Joaquin de Eguiaren bizitza aztergai Manuel Irujo Katedran
2019/03/18
Euskara. Kultura. Mundura.
Liverpooleko Unibertsitateko Manuel Irujo Katedrak 1903an Bilbon jaio zen gizon honen bizitza izango du hizpide aurten. Martxoaren 20an emango du Miren de Eguiak hitzaldia, ‘From Bilbao to Liverpool: A Basque sea captain’s journey through times of peace, conflict and exile’ izenburupean.
1936-1939ko Gerra Zibilak ondorio lazgarriak ekarri zizkion Euskal Herriari; bertan borrokatu zuten askok erbestera ihes egin behar izan zuten gerra galdu ostean. Batzuk, euren bizitza berreraiki zuten atzerrian eta ez ziren atzera ere sorterrira itzuli. Joaquin de Eguiarena da kasu hauetako bat.
Liverpooleko Unibertsitateko Manuel Irujo Katedrak 1903an Bilbon jaio zen gizon honen bizitza izango du hizpide aurten. Martxoaren 20an emango du Miren de Eguiak hitzaldia, ‘From Bilbao to Liverpool: A Basque sea captain’s journey through times of peace, conflict and exile’ izenburupean.
Izatez itsasgizona, Espainiako Gerra Zibila piztu zenean Euskal Itsas armadaren buru bilakatu zen Eguia Kapitaina, eta goitik behera aldatu zen bere bizitza. 1937ko ekainean Bilbo erori zen arte, Euzko Gudarostean borrokan jardun zuen, Frantzian, Irlandan eta, azkenik, Ingalaterran erbesteratua izan aurretik; azken herrialde honetan, Bigarren Mundu Gerran ere borrokatu zuen Royal Air Force-eko kide bezala. Ondorioz, hitzaldi honetan zenbait gai jorratzeko bidea ematen du Eguiaren bizitzak: Gerra Zibila, lehen euskal gobernuaren eta armadaren sorkuntza, euskal identitatea, erbestea, euskal diaspora…
Katedrari izena ematen dion Manuel Irujoren bizitzarekin zenbait ezaugarri ditu komunean Joaquin de Eguiarenak. 1891an Lizarran jaioa, Ingalaterran exiliatu zen politikari euskalzalea zen Irujo, baina Eguia ez bezala, Euskal Herrian igaro zituen bere azken urteak eta bertan zendu zen.
Katedra hau 2014-2015 ikasturtean jarri zen abian Liverpooleko Unibertsitatean. Aurtengoan bezala, erbestea, politika eta euskal artea dira urtez urte lantzen diren gaiak.