Josune Arakistain: “Eskoziako publikoak harrera oso ona egin zigun Celtic Connections jaialdian”

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-02-13

Etxepare Euskal Institutuak sustatutako 2019 Scotland Goes Basque programaren lehen mugarria izan da Celtic Connections. Urtarrila amaieran Huntza taldeak Eskoziara bidaiatu zuen, beste hainbat euskal talderekin batera, jaialdian kontzertuak eskaintzeko xedearekin. Josune Arakistain taldeko abeslariaren hitzetan, “esperientzia oso ona izan da Eskozian bizitakoa”.

 

Etxepare Euskal Institutuak sustatutako 2019 Scotland Goes Basque programaren lehen mugarria izan da Celtic Connections. Urtarrila amaieran Huntza taldeak Eskoziara bidaiatu zuen, beste hainbat euskal talderekin batera, jaialdian kontzertuak eskaintzeko xedearekin. Josune Arakistain taldeko abeslariaren hitzetan, “esperientzia oso ona izan da Eskozian bizitakoa”.

Nola baloratzen duzu Celtic Connections jaialdian bizitakoa?

Talde bezala oso aberasgarria izan da esperientzia, eta maila pertsonalean ere bai. Eskozian aurretik jo gabeak ginen, eta bidaia honi esker, gure musika atzerrian erakusteaz gain hango kultura ezagutzeko aukera ere izan dugu. 

Eskoziako zerbaitek piztu al dizu arreta bereziki? 

Kontzertuetan musikarien eta publikoaren artean sortzen den giroak; ikaragarria da, eta zorteduna sentitzen naiz giro hori bizitzeko aukera izanagatik. Taldekideek ere gauza bera komentatzen zuten. Eskoziako publikoak asko eman zigun, eta dagoeneko hara itzultzeko gogo bizia dugu.

Harrera ona izan al zuten zuen kontzertuek? 

Bai, oso ona, batez ere bigarrenak. Gazte jende asko juntatu zen emanaldian, eta momentu batean, Euskal Herrian geundela ematen zuen, hura giroa! Eskoziarrek ez zituzten letrak ulertuko, baina nola pasatu zuten ikusita, zerbait transmitituko genien… Lehen kontzertua ere kuriosoa izan zen, publikoaren gehiengoa heldua zelako; guretzat berria izan zen hori, esperientzia benetan ona.  

Jendeak ezagutzen al zituen zuen kantak?

Ezetz esango nuke, gehienek Celtic Connections jaialdiko kontzertuetan entzun gintuzten lehen aldiz. 

Zein izan zen jaialdiko momenturik bereziena? 

Bigarren kontzertua. Berez Eskozian kontzertu bakarra ematea zen asmoa, eta egunean bertan suertatu zitzaigun berriz jotzeko aukera. Ikaragarria izan zen sortu zen giroa, publikora jaitsi ginen jotzen ari ginen bitartean, jende artera… 

Zuekin batera beste hainbat euskal musikari ere izan dira Eskozian. Bidaiak balio izan al du elkarren arteko harremanak indartzeko? 

Batzuk ezagutzen genituen aurretik, baina beste batzuk ez, eta Eskozian harreman onak egin ditugu. 

Antzekotasunik ba al da euskal kulturaren eta Eskoziakoaren artean? 

Hemen trikitilariok ohitura handia dugu mahai inguruan eseri eta jotzeko, lagun artean edo familia giroan. Haiek ere sarri egiten dute hori beste instrumentu batzuekin, orduak eta orduak pasatzen dituzte mahai bueltan kantu-kantari. 

Sortzaileontzat lagungarriak al dira Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Scotland Goes Basque bezalako ekimenak? 

Bai. Gu bestela ere ibili izan gara atzerrian, zorte hori dugu, baina egitasmo honengatik ez balitz, ez genuen Eskoziara bidaiatzeko aukerarik izango. 

Bete al dira Eskoziara joan aurretik zenituzten espektatibak? 

Bai, eta are garrantzitsuagoa dena, Eskoziara itzultzeko gogo handia laga digu bidaiak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.