Juan Kruz Igerabide: “Bizitasun izugarria du FIL Guadalajara azokak”

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-12-17

Juan Kruz Igerabide idazlea Mexikon izan zen azaroaren 23tik 27ra bitarte, Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokak (FIL Guadalajara) gonbidatuta eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Ez lemaio. Arrasateren erreketa azken liburua aurkeztu zuen bertan, besteak beste. Jada bueltan da idazle adunarra, eta elkarrizketa bat egin diogu esperientziaren balorazioa egin dezan.

Juan Kruz Igerabide idazlea Mexikon izan zen azaroaren 23tik 27ra bitarte, Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokak (FIL Guadalajara) gonbidatuta eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Ez lemaio. Arrasateren erreketa azken liburua aurkeztu zuen bertan, besteak beste. Jada bueltan da idazle adunarra, eta elkarrizketa bat egin diogu esperientziaren balorazioa egin dezan.

Guadalajarako liburu azoka baino lehenago Mexiko hiria bisitatu zenuen, ezta?

Hala da; azaroaren 23an izan zen hori. Bertan, UNAM unibertsitateko euskara arloko arduradun eta ikasleekin hitzaldi bat egin nuen. Ez lemaio. Arrasateren erreketa liburua ondo irakurrita zeukaten eta oso elkarrizketa sakona sortu zuen horrek. Gainera, egun hartan bertan hasi zen Euskaraldiarekin lotu zen ekintza. Kazetariekin elkarrizketak ere egin genituen bertan.

Ondoren, FIL Guadalajaran, zein ekintzatan parte hartu zenuen?

Lehen egunean unibertsitateko irakurleekin topaketa bat egin nuen azokan, Ez lemaio liburuaren inguruan. Gazte eta irakasle batzuek liburua aztertu eta galderak egin zizkidaten. Eztabaida mamitsua sortu genuen denon artean. Bigarren egunean, Reforma izeneko ikastetxe batera joan nintzen, bertako bigarren hezkuntzako ikasleekin topaketa bat egitera. Azken liburuaz gain, nire beste lan batzuk ere irakurriak zituzten. Oso ondo antolatua zegoen. Azken egunean, poesia errezitaldia egin nuen azokako Salón de la Poesía gunean. Aretoa beteta zegoen, eta aurkezleak oso ondo egin zuen bere lana. Jendea badirudi gustura geratu zela, batek eta bestek adierazitakoaren arabera. Horrez gain, hogeitik gora elkarrizketa egin nituen guztira, egunkari, irrati eta telebistetan.

Zein harrera izan duzu FIL Guadalajaran, orokorrean?

Harrera beroa izan dut. Antolakuntzakoek interes eta arreta handiz jaso ninduten. Kazetarien harrera ere, ezin hobea izan zen: kasu pare bat kenduta, denek liburua irakurrita zuten, oharrak hartuta, eta kasu batzuetan beste liburu batzuk ere bai. Euskara eta Euskal Herriari buruzko galderak ere gehitzen zituzten, gainera. Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak, Ibon Mendibelzuak, eta Sandra Villanueva kazetariak asko lagundu ninduten, eta denbora librean bazterrak ezagutzera eraman ninduten. Zaila da hobeto irtetea.

Nola deskribatuko zenuke azokan topatu duzuna? Nolakoa da FIL Guadalajara eta zerk ezberdintzen du txikiagoak diren beste hainbat azokarengandik?

Bizitasun izugarria du azoka horrek eta gaztelaniazko literaturaren mundu osoa biltzen du; nahiz eta beste hizkuntzak ere hor egon, indar gutxiagorekin bada ere. Oro har, bertako guneak oso dinamikoak dira eta harreman komertzial eta literario etengabeak ikusten dira. Jendea erraz eta interes handiz gerturatzen zaizu, eta ordutegiak zorrotz betetzen dira.

Akats txikiren bat ikusi badiot, hauxe izan da: hor ere nagusitzen ari dela munduan nagusitzen ari den kontsumo-literatura bera; hau da, gizarte-izarrek sortutako produktuena, eta ez literatura-izarrek sortutakoa.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu