Juan Kruz Igerabide Guadalajarako Liburu Azokan izango da
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal literaturak ahotsa izango du beste behin azaroaren 24tik abenduaren 2ra egingo den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL). Urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatura jaialdi handienean eta lehen lerroko hainbat izenekin batera, Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) bertan izango da, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, euskal literaturari ikusgaitasuna emateko.
Euskal literaturak ahotsa izango du beste behin azaroaren 24tik abenduaren 2ra egingo den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL). Urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatura jaialdi handienean eta lehen lerroko hainbat izenekin batera, Juan Kruz Igerabide (Aduna, 1956) bertan izango da, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, euskal literaturari ikusgaitasuna emateko.
Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria jaso berri duen idazleak jarraipena emango dio euskal egileen presentziari Guadalajaran. Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe, eta Anjel Lertxundi izan dira azken zortzi urteetan, Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, FIL-era bertaratu diren idazleak. Halaber, urtero legez, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak dozena bat argitaletxe bilduko dituzte stand batean.
Igerabidek Ez Lemaio. Arrasateren erreketa eleberria aurkeztuko du Guadalajaran, eta programa ofizialeko zenbait jardueratan hartuko du parte. Istorioa erdi aroan dago girotuta eta gertakizun historiko bat du oinarri: Arrasateren erreketa Oinaztarren eta Ganboatarren arteko borroka latzaren testuinguruan. Horrekin batera, euskal literaturari ahalik eta oihartzun handiena emateko helburuz Etxepare Euskal Institutuak agenda mediatiko sendoa antolatu du.
Azaoaren 25ean, igandea, ‘Los lectores presentan’ atalaren baitan, lau irakurle anonimok, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, Ez Lemaio. Arrasateren erreketa aurkeztuko dute. Segidan solasaldi bat egingo da idazlea eta publikoaren artean. Atal hau 2003. urtean sortu zuten irakurleei ahotsa eman eta liburu zaletasuna sustatzeko. Ordutik 70etik gora idazlek hartu dute parte programan.
Azaroaren 26an, astelehena, ‘Ecos de la FIL’ atalaren baitan, Colegio Reforma bigarren hezkuntzako eskolara bisita egingo du bertako ikasleekin solasean aritzeko. Egileekin testuinguru informalean gauzatzen diren elkarrizketen bidez irakur zaletasuna sustatzea du helburu programak. Aurrerago, ikasle horiek lan horretara hurbiltzeko aukera izango dute idazlea ezagutu izanaren motibazio gehigarriarekin.
Amaitzeko, azaroaren 27an, asteartea, Igerabide Salon de la Poesía delakoan arituko da. Bere poema gogokoenak irakurriko ditu bertan.
Hori guztia baino lehen, azaroaren 23an, Euskaraldiaren hasierarekin bat eginez, Mexiko Hirian izango da idazlea. UNAM-en (Universidad Nacional Autónoma de México) bertako euskara eta euskal kultura irakurleak antolatutako literatura solasaldian hartuko du parte.
Iberoamerikako literatura jaialdi nagusia
Munduko literatura jaialdi garrantzitsuenetakoa da FIL eta Iberoamerikako liburugintza profesionalentzat urteko hitzordu nagusia. 32. edizio honetan 800dik gora egile bertaratuko dira, 20.000tik gora profesional elkartuko dira eta ehunaka nobedade aurkeztuko dira.
Letra iberoamerikarretako izen nabariez gain –António Lobo Antunes, Leila Guerriero, Gioconda Belli, Laura Restrepo, Raúl Zurita, besteak beste- beste literatura batzuetako egile asko hurbilduko da Guadalajarara eta egungo panoramako ahots esanguratsuak ere bertaratuko dira, Orhan Pamuk (literatura), George F. Smoot (fisika) eta Mario Molina (kimika) Nobel saridunak, Ida Vitale poeta - FIL Literatura Saria jasoko du- eta Mircea Cărtărescu idazlea, besteak beste. Aurten Portugalek hartuko du Madrilen lekukotza ohorezko gonbidatu bezala.