June Crespo artista Veneziako Biennale Arte 2022n

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-04-20

Veneziako Biurtekoaren 59. edizioan June Crespok (Iruñea, 1982) hartuko du parte antolakuntzaren gonbidapena jaso eta gero. Pabilioi Nagusian (Gli Giardini) ‘Helmets IV’, ‘Helmets IX’ eta ‘Helmets X’ artelanak erakutsiko ditu. Aurtengo erakusketa, pandemia dela eta urtebete atzeratu dena, ‘The Milk of Dreams’ (‘Ametsen esnea’) lelopean egingo da, Leonora Carrington artista surrealistaren liburu baten izenburuari erreferentzia eginez. Bertan, Carringtonek mundu magiko bat deskribatzen du, bizitza irudimenaren prismatik birplanteatuz. Ideia hau Cecilia Alemaniren zuzendaritza artistikoaren baitan sortu da.

Cresporen obra mundu osoko 213 artistaren lanekin osatutako ibilbide berezi baten parte izango da, ikuslea gonbidatuko duena gizatasunaren eta ez-gizatasunaren inguruan hausnartzera, bizitzari buruz pentsaraziz, eta planetarekin, pertsonekin eta beste bizimodu batzuekiko ditugun erantzukizunei buruz ere hausnartzera gonbidatuz.

Testuinguru horretan kokatzen da, era berean, June Cresporen lana. Bere piezetan, gorputzak arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du, eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpena aipatzeko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk. Eskulturak eta irudiak lantzen ditu, beti prekarietate materialetik, baliabideen ekonomiatik, fokua jarriz egite horretan, saiakeraren garrantzian.

Beira-zuntza, erretxina, zeramika, eta brontzetik hasita, elementuak eta materialak moztu, zatikatu, handitu eta konbinatzen ditu, ikusle bakoitzari irakurketa ezberdina egiteko aukera eskaintzen dioten forma intuitibo berriak sortuz.

Bere lanak armadura bihurtzen dira, aldi berean gogora ekarriz eraikitako ingurunea zein giza gorputza. Cresporen instalazioek etorkizuneko hiri-paisaia distopikoak eta izaki cyborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute.

Pasa den urtean Artium Museoak (Vitoria-Gasteiz) antolatutako ‘June Crespo. Helmets’ erakusketak orain Venezian aurkezten duen sail bereko obrak bildu zituen, bere ibilbideko une desberdinetako lanekin batera. Venezian, Pabilioi Nagusian, Crespok ‘Helmets IX’ (2022) eta ‘Helmets X’ (2022) lanak –Eibarko Alfa Arten Biurtekorako espreski sortuak- eta ‘Helmets IV’ (2018) erakutsiko ditu.

‘Helmets’ asoziazio libre bat da eta Henry Moore-en ‘The Helmet Heads’ serieari egiten dio erreferentzia, Crespok bere lehenbiziko zeramika lanak egiten zituen bitartean deskubritu zuena. Argizariei metal industrialeko profilak erantsiz, aluminiozko leihoetakoak bezalakoak, argizari galduaren urtze prozesua proban jartzen zuen, ustekabeko istripuak sortuz. Horrela, artistaren hitzetan, zoriak, kontrol faltak eta materialen jokaeraren tankerako faktoreek pisu handiagoa hartzen zuten. Mota horretako elementu estruktural eta funtzionalek izaera anatomikoko osagaiak zeharkatzen dituzte, eta materialki fusionatuta, hibrido organiko eta mekanikoa osatzen dute, eskuzkoa eta industriala.

Sortutako artelanen izenburuek iradokitzen dute gertuago daudela armadura edo karkasa izatetik, janzteko edo babesteko zerbait izatetik, gorputzetik bertatik baino.

June Crespok hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Mª José Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNE-ren Ojo Crítico Saria (2018), Botin Fundazioaren Arte Plastikoen beka (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013). Bere lanak Museo Reina Sofía eta Artium Museoko bildumen parte dira, besteak beste.

Etxepare Euskal Institutuaren babesa

June Crespok Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du Veneziako Biurtekoan parte hartzeko. Pabiloi Nagusiko erakusketarako aukeratutako estatuko artista bakarra da, Teresa Solarrekin batera. Biennale Arte 2022-k berak antolatutako erakusketaz gain, edizio honetan 79 herrialdek pabiloi propioak izango dituzte beren arte garaikidearen alderdi nabarmenenak erakusteko.

Babes hori hurbiletik adierazteko asmoz, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak ´The Milk of Dreams´ erakusketa bisitatu du gaur goizean, artistak berak lagunduta, eta hainbat topaketa profesional eta instituzionaletan parte hartzea du aurreikusita.

ZABAL egitasmoaren lehen fruituak

Veneziako Biurtekoan June Cresporen parte hartzea Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da. Honen helburua da euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu eta euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak egitea, baita Institutuak nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatu eta harreman iraunkorrak ezartzea ere.

Egitasmo honen bidez, Cecilia Alemani Veneziako Biurtekoko komisarioak hainbat euskal sortzaileren lana gertutik ezagutzeko aukera izan zuen, eta horren ondotik dator June Crespok erakusketan parte hartzeko jasotako gonbitea.

2019. urtean jarri zuen martxan Etxeparek ZABAL egitasmoa, sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea helburu duena. Horretarako, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Institutuak Euskal Herrira, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko.

Proiektua aurrera eramateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumekin egiten du lan Institutuak, Lourdes Fernández buru duen arte bulegoarena, hain zuzen.

2019ko azaroan etorri zen lehen gonbidatua: Ruth Estévez São Pauloko biurtekoko komisarioa. 2020ko otsailean Ruangrupa kolektiboko kideak bertaratu ziren Euskal Herrira, Documenta Fifteen-eko zuzendari artistikoak. Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, Marina Otero Shangaiko Biurtekoko komisarioaren bisitarekin eman zitzaion jarraipena egitasmoari, iaz.

Ekimenak emandako lehen fruituen artean daude Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independentearen parte hartzea 2022ko ekainean Kassel-en (Alemania) inauguratuko den Documenta Fifteen nazioarteko erakusketan eta June Cresporen lanak Venezian ikusgai egotea.

Biennale Arte 2022: ‘The Milk of Dreams’

Aurtengo erakusketa, pandemia dela eta urtebete atzeratu dena, ‘The Milk of Dreams’ lelopean egingo da, Leonora Carrington (1917-2011) idazle eta margolari surrealistaren liburu baten omenez. Izen bereko liburu horretan, Carringtonek mundu magiko bat deskribatzen du, eta bertan, bizitza irudimenaren prismatik birplanteatzen du.

Nola hari da aldatzen gizakiaren definizioa? Zerk osatzen du bizitza eta zerk ezberdintzen ditu landareak animalietatik, zerk gizakia, gizakia ez denetik? Zein dira planetarekiko, beste pertsonekiko, beste bizimoduekiko gure ardurak? Zein itxura izango luke bizitzak gu gabe? Cecilia Alemani erakusketako komisarioaren hitzetan horiek dira bienalaren edizio hau gidatuko duten galderak, hiru arlo tematikotan zentratuz: gorputzaren errepresentazioa eta bere metamorfosiak, norbanakoen eta teknologiaren arteko harremanak, eta gorputzen eta Lurraren arteko konexioak.

Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan 58 herrialdetako 213 artistak hartuko dute parte, eta 1400dik gora artelan egongo dira ikusgai. Gainera, 79 herrialdetako lanak erakutsiko dira pabilioi desberdinetan, Gli Giardinin eta hiri osoan zehar. Halaber, 21 ekitaldi antolatu dira erakusketaren bueltan, eta apirilaren 23an Biennale Arteko Urrezko Lehoia sariak ere banatuko dira.

Argazkiak: Etxepare Euskal Institutua (Michele Agostinis) eta CarrerasMugica (Ander Sagastiberri)

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu