Eskoziako Institutu Frantsesa: Kimuak
Euskara. Kultura. Mundura.
-
18Eka 202125Eka 2021Edinburgo
Malagako zinema jaialdian bi sari irabazi ostean, Eskoziara bidaiatuko dute ostiral honetan, ekainaren 18an, Kimuak 2020 katalogoko lanek. Eskoziako Institutu Frantsesean, Edinburgon, proiektatuko dituzte. Gainera, lehenengoz, Kimuaken aukeraketa online ikusi ahal izango da, ekainaren 18tik 25era, Erresuma Batuko edozein hiritan. Horrela, Belfast, Leeds, Birmingham, Cardiff, Londres, Manchester, Dundee eta Erresuma Batuko beste hamaika lekutan euskal kultura gustuko dutenek gure zinema online ikusteko aukera izango dute FesthomeTV plataformaren bitartez.
Horrela, Eskoziak eta Euskal Herriak -bi nazio senidetu eta sarritan konparatuek- harremanak estutuko dituzte proiekzio horien bitartez. Kimuak Etxepare Euskal Institutuaren programa da, Euskadiko Filmategiak kudeatzen duena Zineuskadiren laguntzaz. Hala, ostiralean, 18:45ean hasiko den proiekzioan, honako laburrak izango dira ikusgai: `Barbudos´ (Larry Mankuso, Tucker Dávila Wood), `Dar-dar´ (Paul Urkijo), `Ehiza´ (Hauazkena Taldea), `Interior Taxi Noche´ (Silvia Rey, Iban del Campo), `Quebrantos´ (Koldo Almandoz, Maria Elorza), `El ruido solar´ (Pablo Hernando) eta `Ya no duermo´ (Marina Palacio). Azken bi hauek izan dira sarituak Malagako Zinemaldian.
CinemaAttic-ek antolatu ditu Kimuak programaren jarduerak Eskozian barrena. Erakunde horrek 10 urtetik gora daramatza Eskozian zinema iberoamerikarra sustatzen, eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean aritzen da nazioarteko programazioetan euskal sorkuntzari leihoak irekitzeko estrategian lanean. Alde horretatik, CinemaAttic-etik azpimarratu dutenez, duela hamar urte hasi zen Kimuak programarekin duten “maitasun-harremana”. Azaldu dute geroztik “errespetua eta mirespena” areagotu baino ez direla egin.
“Urtero, Kimuak programak harritu egiten gaitu hizkuntza eta joera berrietara egokitzeko duen gaitasunagatik, zinema zoragarria sustatzeko eta euskal zinemagileen belaunaldi berriak babesteko lan egiten duena. Kimuak altxorra da, kasu aitzindaria Espainian, eta Erresuma Batuko programa beste urte askoan sustatzen jarraitzea espero dugu”.