Kimuak: “Nazioartean badakite euskal film laburrak kalitatezkoak direla”
Euskara. Kultura. Mundura.
20 urte bete ditu Kimuak egitasmoak. Euskal film laburren zabalkunderako sare bat eraikitzeko asmoz jaio zen, eta bi hamarkada beranduago nazioarteko prestigioa duen proiektu honi esker euskal ekoizpenak mundu osoko 1000 jaialdi baino gehiagotan ikus daitezke. Euskadiko Filmategiak kudeatuta, eta Etxepare Euskal Institutuak babestuta, programak 2018ko aukeraketa iragarri berri du. Egitasmoaren jaiotza, bilakaera eta erronken inguruan hitz egiteko, Kimuakeko arduradun eta koordinatzaile Txema Muñoz eta Esther Caberorekin elkartu gara:
20 urte bete ditu Kimuak egitasmoak. Euskal film laburren zabalkunderako sare bat eraikitzeko asmoz jaio zen, eta bi hamarkada beranduago nazioarteko prestigioa duen proiektu honi esker euskal ekoizpenak mundu osoko 1000 jaialdi baino gehiagotan ikus daitezke. Euskadiko Filmategiak kudeatuta, eta Etxepare Euskal Institutuak babestuta, programak 2018ko aukeraketa iragarri berri du. Egitasmoaren jaiotza, bilakaera eta erronken inguruan hitz egiteko, Kimuakeko arduradun eta koordinatzaile Txema Muñoz eta Esther Caberorekin elkartu gara:
- Nola definituko zenukete Kimuak egitasmoa?
TM: Kimuak tresna bat da: euskal film laburren egileentzat pentsatutako tresna, beren filmak mundura zabaltzeko; promozionatzeko eta banatzeko.
- 20 urte bete berri ditu proiektuak, eta besteak beste, Eskozian astebete iraun duen omenaldia egin diote. Nolako ibilbidea eta bilakaera izan du Kimuak-ek sortu zenetik?
TM: Hasierako urteetan lehen esperientzia zen guretzat, ez genuen bestelako erreferentziarik ondo edo gaizki gindoazen jakiteko. Bidea egitearekin batera bidea zabaltzen joan ginen, programa aitzindaria zen. Hasiera zaila izan zen baina 2003 urtetik aurrera beste dimentsio bat hartu zuen Kimuak-ek, eta gaur egun den programaren itsura hartu zuen nazioarteko mailan. Hortik aurrera bilakaera izugarria izan da. 2001ean 200-300 festibaletara joaten ginen, egun 1000tik gora jaialditara bidaltzen dira laburrak.
EC: Gaur egun erronka berriak bilatzen ditugu publiko berriak sortzeko, laburren kontsumoa beste modu batekoa izan dadin bilatzeko. Baina industria mailan Kimuak-ek badu bere lekua eta ezaguna da jada.
- Badago horrelako formaturik beste herrialderen batean?
EC: Hasieran ez, gaur egun bai. Estatuko beste komunitate batzuetan badituzte antzeko programak nahiz eta batzuk ezberdin egiten duten lan, ez duten banaketa lana egiten… Bakoitzak bere eredua du. Beste herrialde batzuetan ere badaude antzeko egitasmoak. Kolonbian egiten duten programa, esaterako, Kimuak-etik eratorri zen.
TM: Hastapenetan bi esperientzia bakarrik ezagutzen genituen. Alde batetik UniFrance (Frantzia): frantziarrak beti izan dira aurretik ikus-entzunezko mailan. Eta bestalde, New Zealand Film Commission (Zelanda Berria): programa berezia zuten, haiek dira benetako aitzindariak. Baina Estatu mailan lehenak izan ginen, eta gure eredua ezberdina zen. Beste esperientziek ez zuten aukeraketa bat egiten, produkzio osoa hartu eta bideratu egiten zuten; guk aukeraketa egiten genuen.
- Zein da Kimuak-en lekua euskal zinemagintzaren nazioartekotzean? Zein paper jokatzen du eta zein leku lortu du?
EC: Glasgowen egin dioten astebeteko omenaldia adierazkorra da. Han zazpi urte daramatzate urtero gure laburrak programatzen. Eta antzeko beste leku askotan ere. Azkenean, batetik jaialdietatik jasotzen dugu urtero eskaera euskal film laburrak bidaltzeko; nazioartean jakina da Basque Short Films onak direla. Eta bestalde, instituzioetatik zein elkarteetatik ere jasotzen ditugu eskaerak.
TM: Ohion, Cleveland-en…. Jaialdiez gain hainbat lekutan urtero-urtero ematen dituzte gure laburrak.
EC: Eta leku horietan argi dute euskal lanak direla, euskal ikus-entzunezkoa dela. Nolabait, euskal kultura leku horietara iristeko baliabide ona da Kimuak.
- Sortzaile berriei euren lanak zabaltzeko aukera ematen die egitasmoak. Horietako askoren izenak ezagunak ditugu gaur egungo zinemagintzan. Zein aukera eskaintzen die Kimuak-ek zinegileei?
TM: Ikusgarritasuna ematen die, batez ere. Kimuak-en sartuz gero badakite euren lanak mundu guztian ikusiko direla. Beren aurkezpen txartela da. Luiso Berdejok, esaterako, bere lehen film luzea Kevin Costner aktore ezagunarekin egin zuen. Eta kontatzen zuen harea joan zala Kimuak-eko kilometro eta erdi ibilita, hori izan zela bere aurkezteko modua. Guk bermatzen duguna zirkuito horretan sartzea da, eta zuzendariek lanak ikusiak izango direla jakite hori.
- Zein da Kimuak-en funtzionamendua, eta nola aurkeztu dezake sortzaile batek bere lana? Zein faktore izaten dira kontuan lanak hautatzerakoan?
EC: Prozesua zinemaldi batenaren atzekoa da. Urte hasieran deialdi irekia egiten da obrak jasotzeko. Euskal egile edo ekoizleak aurkeztu daitezke, eta deialdia ixten denean epaimahai batek (guk ez dugu parte hartzen) hautaketa egiten du. Epaimahai hori ikus-entzunezko profesionalez dago osatua, bi kanpokoak dira eta hiru hemengoak. Kalitate globala da baloratzen dutena, ez dago puntuazio espezifikorik. Aukeraketa hori hartu eta berehala hasten gara jaialdietara bidaltzen. Pentsa, astelehenean izan zen hautaketa eta dagoeneko hasi gara jaialdi batzutara bidaltzen…. Materiala prestatu, zazpi hizkuntzatara itzuli, eta jaialdietako ibilbidea hasten da.
- Zer azpimarratuko zenukete 20 urte hauetatik? Eta nola ikusten dituzue hurrengo 20ak?
TC: Kimuak-ek lortu duena, guretzat garrantzizkoa dena, hurbiltasuna da. Gu ez gara instituzio bat, tresna bat gara. Eta oso gertu gaude egileengandik eta baita jaialdiengandik ere. Nolabaiteko elkargunea aurkitu eta sortu dugu. Niretzat hori da garrantzitsuena, horrek lagundu baitu zuntz hau sortzen. Kimuak-ek horretarako egin du lan eta horretan lagundu du. Aipatzekoa da zenbat ekoiztetxe jaio diren honen harira. Lehenago labur bat egiteko sortzen ziren eta gero desagertu. Gaur egun mantentzen dira, eta hori oso garrantzitsua da guretzat.
EC: Industria horrenbeste aldatzen da, bide horretan jarraitzea dela helburua, horren paralelo joaten jakitea. Eta ea nora eramaten gaituen.
TX: Lan egiteko eremua badago, badago merkatua eta gauza asko egin daitezke. Nik uste dut sortu daitekela laburmetraia agentzia moduko bat (Frantziako ereduari jarraiki), batez ere hasten ari direnei laguntzeko: formazio mailan, aholkularitza mailan... Azkenean Kimuak ez da egile gazteentzat pentsatutako programa, kalitatea goraipatzekoa baizik. Eta kanpoan geratzen dira lan asko ere, hemen ere zabalkundea behar dutenak.
EC: Labur ekoizpena ez da soilik Kimuak-en sartzen den hori, ekoizpena osoa handia da, eta hori nolabait bideratu beharko litzake.