Kimuak programako hainbat film labur Tunisian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-04-01

Tunisiako La Marsa hirian dagoen Zinema eta Ikus-entzunezko Goi-mailako Eskolan (Ecole Supérieure de l´Audiovisuel et du Cinema, ESAC) film laburrei eskainitako jardunaldi bat antolatu du Cervantes Institutuak apirilaren 2an. Bertara, Kimuak programa gonbidatuko dute, 2018. urtean bete zuen 20. urteurrena aprobetxatu eta atzera-begirako bat egiteko.

Tunisiako La Marsa hirian dagoen Zinema eta Ikus-entzunezko Goi-mailako Eskolan (Ecole Supérieure de l´Audiovisuel et du Cinema, ESAC) film laburrei eskainitako jardunaldi bat antolatu du Cervantes Institutuak apirilaren 2an. Bertara, Kimuak programa gonbidatuko dute, 2018. urtean bete zuen 20. urteurrena aprobetxatu eta atzera-begirako bat egiteko.

Jardunaldia goizez izango da, 8:00etatik 12:00ak bitarte, eta Kimuak programako koordinatzaile Txema Muñoz bertan izango da. Ikasle eta irakasleei programaren sorrera eta ibilbidearen nondik-norakoak azaldu ostean, programak eman dituen film entzutetsuen artean institutuko kideek aukeratutako batzuk eskainiko dituzte, solasaldi batekin amaitzeko. “Egitasmoaren sorrera, aurreko urtean Marseillako CineHorizontes zinema espainiarraren jaialdira egin nuen bisitatik dator”, dio Muñozek. “Bertan, Kimuak programaren aurkezpena egin eta gero, Tunisiako Cervantes Institutuko kide bat interes handiz etorri zitzaidan, eta berak proposatu zidan aurten ESAC zine eskolan egitasmo hau egitea”.

Jardunaldian film labur hauek eskainiko dira: Areka (2017), Atxur Animazio Taldea; Aprieta pero raramente ahoga (Estutu egiten zaitu, baina ez itotzeraino, 2017), David P. Sañudo; Beti bezperako koplak (2016), Ageda Kopla Taldea; Democracia (2013), Borja Cobeaga; Cólera (2013), Aritz Moreno; Hileta (2016), Kepa Sojo; eta Renovable (Berriztagarria, 2016), Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño.

Tunisiak ikus-entzunezko tradizio aberatsa du, euren kulturan eta bertako gai sozialen salaketan oinarritutakoa. Frantziarekin harreman estua duenez, gainera, Europako zinemagintzara sarbide erraza izan du, eta Canneskoa bezalako zinema jaialdietan entzutetsuak izan dira bertako zuzendarien lanak. “Kimuak bezalako egitasmo bat Tunisiako eskola batera iristea gauza onuragarria eta oso interesgarria da euskal kulturaren zabalkunderako”, gehitu du Muñozek.

Kimuak programak 21. edizio daramatza, udaberri bakoitzean, Euskal Herriko zinemagintzak ematen dituen film laburretatik onenak hautatu eta urteko katalogo bat sortzen. Katalogo hori, ostera, nazioarteko jaialdi eta topaketa profesionaletan aurkeztu ohi du. Etxepare Euskal Institutua egitasmo honen sustatzaileetako bat da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu