Kimuak programari omenaldia egingo diote Eskozian

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-05-22

Edinburgo eta Glasgow hirietan euskal zinemagintzaren inguruko bost eguneko atzera begirakoa antolatu dute, euskal film laburren nazioarteko zabalkunde lanean 20 urte bete dituen Euskadiko Filmategiko Kimuak programa aitzindaria omenduko duena. “Kimuak: 20 years of Basque short films”  (“Kimuak: euskal film laburren 20 urte”) izenburupean, programak ekintza ezberdinak jasoko ditu: Kimuak katalogoko klasikoen proiekzioak, hitzaldiak, mahai-inguruak, masterclass-ak eta bestelakoak.

Edinburgo eta Glasgow hirietan euskal zinemagintzaren inguruko bost eguneko atzera begirakoa antolatu dute, euskal film laburren nazioarteko zabalkunde lanean 20 urte bete dituen Euskadiko Filmategiko Kimuak programa aitzindaria omenduko duena. “Kimuak: 20 years of Basque short films”  (“Kimuak: euskal film laburren 20 urte”) izenburupean, programak ekintza ezberdinak jasoko ditu: Kimuak katalogoko klasikoen proiekzioak, hitzaldiak, mahai-inguruak, masterclass-ak eta bestelakoak.

Eskozian izango dira “Kimuak belaunaldiari” lotutako zuzendari esanguratsuak, hala nola Asier Altuna edota Isabel Herguera, baita euskal zinemagintzaren ahots berriak, hala nola Maider Fernandez IriarteTxema Muñoz, Kimuak programaren arduraduna ere bertan izango da. Miren Manias Edinburgoko Unibertsitateko euskal zinemagintzan adituak ere hartuko du parte maiatzaren 24tik 31ra Edinburgh College of Art eta Glasgowko Arte Garaikidearen Zentroan burutuko den programa honetan.

Duela 10 urtetik hona Iberoamerikako zinema Eskozian ezagutzera ematen aritu den Cinemaattic kolektiboak antolatu du atzera begirakoa, eta Etxepare Euskal Institutuaren babesa jaso du, nazioarteko programazioetan euskal sorkuntzari leihoak irekitzeko helburuari jarraiki.

Alberto Valverde Cinemaattic-eko programatzailearentzat “Kimuak artistarekiko errespetuaren adibide argia da, kulturan ondo inbertitutako politika publikoen eredua, emaitza bezala Goya sarietan zein nazioartean arrakasta handia lortu duen euskal sortzaile belaunaldi berri bat eman duena”.

Bestalde, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak Cinemaattic-ek  Eskozian euskal zinemagintzaren zabalkundean egindako ekarpena azpimarratu du. “Institutuaren misioa euskal sorkuntza zabaldu eta ikustaraztea da, baita zinemagintza ere. Cinemaattic bidelagun du zeregin horretan; urteak daramatzate geure zinemagintzari zabalkundea emateko tresna eraginkorrenetakoa den Kimuak katalogoa programatzen, eta 20. urteurrenak aukera bikaina eskaini digu programazio berezia antolatzeko Eskozian”.

“Kimuak: 20 years of Basque short films” atzera begirakoak ekintzaz jositako agenda dakar. Horien artean aipatzekoak dira Asier Altunak eta Isabel Herguerak Edinburgh College of Art-en emango dituzten masterclass-ak, edota ‘Making short films geat again’ (Film laburrak berriro handi egiten) omenaldia Glasgowko Arte Garaikidearen Zentroan. Asier Altuna zuzendariak omenaldi propioa izango du bere ibilbide profesionala berrikusiko duen gau berezian, Txotx bere lehen film laburretik hasita, bere azken lanera arte: Amama.

Omenaldi horretarako berreskuratutako lanen artean daude 7:35 de la mañana (Nacho Vigalondo); Traumatología (Daniel Sánchez Arevalo),  Txotx (Asier Altuna eta Telmo Esnal), Deus et Machina (Koldo Almandoz), Minerita (Raúl de la Fuente), Amor de madre (Koldo Serra eta Gorka Vázquez), Éramos Pocos (Borja Cobeaga), Sintonia (Jose Mari Goenaga), Topeka (Asier Altuna), El tren de la bruja (Koldo Serra)...Eta Kimuak programako beste hogei klasikotik gora dira atzera begirakoaren parte.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu