Kirmen Uribe idazleak Auschwitz eta Gernikako esperientziez hitz egin du Polonian antolatutako mahai-inguru batean

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-04-20

Kirmen Uribe idazlea Poloniako Oświęcim hirian antolatutako mahai-inguruan izan da, gaur arratsaldean, eta Gernika eta Auschwitzeko esperientzien ostean Europak bizi izandako egoeraz hitz egin du. 500 bat ikasle euskaldun eta poloniar izan dira ‘Europa Gernika eta Auschwitzeko esperientzien ostean’ izenpean antolatutako ekitaldi honetan.

Kirmen Uribe idazlea Poloniako Oświęcim hirian antolatutako mahai-inguruan izan da, gaur arratsaldean, eta Gernika eta Auschwitzeko esperientzien ostean Europak bizi izandako egoeraz hitz egin du. 500 bat ikasle euskaldun eta poloniar izan dira ‘Europa Gernika eta Auschwitzeko esperientzien ostean’ izenpean antolatutako ekitaldi honetan.

Oświęcimgo Udalak, APTCE Europako Tradizio eta Kulturaren Aldeko Elkarteak eta Auschwitz-Birkenau Fundazioak antolatu dute ekimena, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentearen bisitarekin bat eginik. Euskal ordezkarien bidaia honek Gernikako arbolaren kimu bat Auschwitzen landatzea zuen helburu.

Kirmen Uribe idazlearekin batera, APTCE elkarteko ordezkariak zein bestelako adituak izan dira mahai-inguruan. Idazle ondarrutarrak lotura argia ikusten du Auschwitzen eta Gernikan bizi izandako esperientzien artean: “Auschwitz eta Gernikaren arteko loturak oso garbiak dira. Gernikako bonbardaketa, beranduago naziek Varsovian egin zuten triskantzaren entsegua izan zen. Gerra Zibila II. Mundu Gerraren atarikoa da. Ezin ditugu ahaztu orduan hildakoak, ezta totalitarismoen aurka borrokatu ziren poloniar eta euskaldunak ere”.

Memoria historikoaz eta giza eskubideez ere mintzatu da idazle ondarrutarra: “Memoria denon artean eraiki behar dugun zerbait da, egunero. Oraindik diktadura garaiko milaka biktimen gorpuak ez dakigu non dauden ere. Oraindik egiteke dugu oroimena. Gaur egun, Europan hor daude arriskuak: ultraeskuindarren indarra gero eta handiagoa, eta giza eskubideen urraketak ere hortxe bertan ditugu. Ez dakit nahikoa egiten dugun gerratik eta pobreziatik ihesi datozen errefuxiatuen alde. Gure ateak ixten dizkiegu. Eta lan asko dugu egiteko, baita ere, gutxiengoen eskubideen alde: emakumeak, etorkinak, LGTBQ kolektiboen kideak, hizkuntza gutxituak...”.

Idazle bizkaitarrak Szymborska idazle poloniarra aipatuz amaitu du bere hitzaldia: “Wislawa Szymborska literatura Nobel saridun poloniarrak irudi bat erabiltzen zuen zoriontasuna azaltzeko: zelai batean etzanda zerura begira dagoen pertsona bat. Baina zoriontsu izateko pertsonak behar du duintasuna, behar du lana eta etxea, behar du begirunea”.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu