Klasikoen XII Irakurraldia Bilbon: Otto Pette
Euskara. Kultura. Mundura.
Aurten ere, Bilbo Zaharra euskaltegiak deituta, Klasikoen Etenik Gabeko Irakurraldia egingo da Bilboko Arriaga antzokian. XII edizioa izango da, ekainaren 6an burutuko da 12 orduz jarraian goizeko 8:00etatik hasita, eta aurtengo irakurketa egiteko, Anjel Lertxundiren Otto Pette eleberria aukeratu dute, argitaratu zenetik 25 urte igaro direla aintzat hartuta.
Aurten ere, Bilbo Zaharra euskaltegiak deituta, Klasikoen Etenik Gabeko Irakurraldia egingo da Bilboko Arriaga antzokian. XII edizioa izango da, ekainaren 6an burutuko da 12 orduz jarraian goizeko 8:00etatik hasita, eta aurtengo irakurketa egiteko, Anjel Lertxundiren Otto Pette eleberria aukeratu dute, argitaratu zenetik 25 urte igaro direla aintzat hartuta.
400 inguru lagunek hartuko dute parte irakurraldian; horien artean, euskal kulturarekin, gizartearekin, ekonomiarekin eta politikarekin zerikusia duten herritarrek. Halaber, aurreko urteetan bezala, Etxepare Euskal Institutuak munduan zehar koordinatzen duen “Euskara Munduan” sareko Euskal Etxeetako ikasleak ere pasarte batzuk irakurtzen agertuko dira, aurrez grabatutako bideoen bitartez. 30 inguru Euskal Etxek hartuko dute parte guztira, 16 pasarte irakurriz (gehienak bi Euskal Etxetako kideen artean tartekatuz). Modu honetan, ekimen honek nazioartean ere oihartzuna izango du.
Erakunde antolatzaileak dioen bezala, “klasikoen XII Irakurraldiak Anjel Lertxundik euskal prosari egindako ekarpena aintzat hartu eta merezitako omenaldia eskaini nahi dio, Otto Pette irakurriz”. Lertxundi euskal idazle oparoenetarikoa da, eta bere obra esanguratsuena den hau 1994. urtean argitaratu zuen. Otto Pette eleberriaren inguruan esan da, besteak beste, miresgarria dela nola idazleak errealitatetik erreferentziarik hartu gabeko mundu berri bat islatzen duen, edota Ipar Euskal herriko literatura tradizioa gogorarazten duela.
Irakurketa hau Euskara Ikasleen Jaiaren barruan kokatzen da, eta eguna erromeria batekin amaituko dute arrats-gauean. Ekimena, hala ere, ez da egun horretara soilik mugatuko. Ikasturtean zehar, Bilbo Zaharra forumek antolatuta, Euskaltzaindiaren egoitzan, maila goreneko adituak arituko dira aukeratutako liburuaren inguruko hitzaldiak edota mahai-inguruak eskaintzen; besteak beste, Anjel Lertxundi bera, Bernardo Atxaga, Jorge Gimenez, Itxaro Borda edota Danele Sarriugarte.
Aurreko edizioetan, Klasikoen Etenik Gabeko Irakurketan honako testuak irakurri dira hurrenez hurren: Axularren Gero; Juan Antonio Mogelen Peru Abarka; Jon Miranderen Haur besoetakoa; Ramon Saizarbitoriaren Hamaika Pauso; Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox; Bernardo Atxagaren Obabakoak; Gabriel Arestiren Harri eta Herri; Joseba Sarrionandiaren Narrazio Guztiak; Franz Kafkaren Metamorfosia; Itxaro Bordaren 100% Basque eta azkenik, aurreko urtean, Txomin Agirreren Kresala.