Koreografia-sorkuntza egonaldia Montrealen

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-05-28

Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek osatzen duten Kanpai dantza-konpainiak bi hilabeteko sorkuntza-egonaldia egingo du 2019ko udazkenean Montrealen, No Trace proiektua garatzen. Quebec eta Gipuzkoako hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker martxan jarritako proiektu baten bigarren edizioaren barruan egingo dute egonaldia.

Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek osatzen duten Kanpai dantza-konpainiak bi hilabeteko sorkuntza-egonaldia egingo du 2019ko udazkenean MontrealenNo Trace proiektua garatzen. Quebec eta Gipuzkoako hainbat erakunderen arteko lankidetzari esker martxan jarritako proiektu baten bigarren edizioaren barruan egingo dute egonaldia.

Quebec eta Gipuzkoaren arteko lankidetza-hitzarmen horrek sormenaren garapena indartzea eta koreografoen ikuspegi artistikoa zabaltzea ditu helburu, eta bertan erakunde hauek hartzen dute parte: Quebeceko Ecole de Danse Contemporaine (EDCM), Conseil des arts et des Lettres (CALQ), Tabakalerak (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa), Gipuzkoako Foru Aldundiko dantza zerbitzua den Gipuzkoako Dantzaguneak, Dantzaz Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroak eta Etxepare Euskal Institutuak.

2019ko otsailean, aipatutako erakundeek bertako koreografoei bideratutako deialdi batetik hautatu dituzte de Miguel eta Jauregi. Hauek No Trace pieza prestatuko dute Montrealgo EDCMn dantzari garaikide profesional izateko ikasketak amaitzen ari diren ikasleekin, eta 2019ko abenduaren 11tik 14ra egingo den Les danses de la Mi-chemin jaialdian aurkeztuko dute. Guztira, bi hilabete egingo dituzte bizkaitar koreografoek Quebeceko hiriburuan, ordu erdi inguruko iraupena izango duen ikuskizuna prestatzen.

Quebec eta Gipuzkoa lotzen dituen bi norabideko proiektua izanik, 2019aren hasieran Louise Bedard koreografoa bi hilabetez aritu zen lanean Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean, Dantzaz zentroko dantzariekin. Lan horren emaitza Errenteriako Niessen Auditorioan erakutsi zuten, eta udazkenean Dantzaz konpainiak egingo duen ikuskizun oso baten parte izango da. Elkartruke programa honek iaz ikusi zuen argia lehen aldiz; bertan Iker Arrue donostiarra izan zen Quebecen, eta John Gerena koreografoa izan zen Quebecetik Gipuzkoara etorritako koreografoa.

Egonaldi-programaren helburu nagusiak ondorengoak dira: artisten garapen profesionala sustatzea, eta beren lana hedatzea; artistei kultur garapenerako tresna berriak ematea; Gipuzkoako eta beste kulturetako sortzaileen arteko elkartrukea sustatzea; Gipuzkoar artistak eta beren lana nazioartean sustatzea eta sormen eta produkzio artistikorako sareak garatzea.

Etxepare Euskal Institutuak dantza garaikideko euskal sortzaileen lana nazioartean hedatzeko bidean lan egiten du, hala tokiko koreografoen lanen dibulgazioan, nola sorkuntza-prozesuak zuzenean laguntzeari dagokionean. Datorren urteari begira, programa hau indartuko du Institutuak, Euskadi eta Quebec-en arteko Elkar Ulertzeko Memorandumaren (MOU) testuinguruan Quebecen garatzen ari den euskal kultur programaren lan-ildo gisa.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.