Lehendakaria Patronatuaren bileran izan da

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-07-14

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan da gaur goizean Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileran, Lehendakaritzaren egoitzan. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak ere parte hartu dute ekitaldian. Larrazak Etxepare Euskal Institutuan azken urtean egindako jardueren berri eman du, baita datozen hilabeteetako jarduera-ildo nagusien berri ere. Zalantzarik gabe, COVID-19tik eratorritako osasun-egoerak baldintzatu ditu Etxepare Institutuaren azken 12 hilabeteak.

Lehendakariaren agurraren ondoren, eta aurreko bileraren akta jakinarazi ondoren, Institutuko zuzendariak urteko kontuak eta 2020ko kudeaketa-txostena azaldu dizkie patronatuko kideei. Era berean, 2021-2024 Ildo Estrategikoak eta aurten gauzatzen ari diren eta 2021eko bigarren seihilekoan jarraituko duten lan-ildoak ere aurkeztu dira.

Alde batetik, Larraza zuzendariak 2020ko txostena aurkeztu die patronatu kideei, eta horren harira nabarmendu du iazkoa ez zela “urte samurra izan, baina asko ikasteko” balio izan diela. Larrazak adierazi duenez, “COVID-19a dela eta munduan zehar aurrez aurre egin izan ez genituen jarduerak, bai irakaskuntzakoak bai kulturaren sustapenekoak, online bideratu genituen edo atzeratu, betiere gure helburuari eutsita: jarduerak baldintza beretan mantentzea, etorkizunean egin ahal izan ditzagun”.

Egoera sanitarioak baldintzatu ditu bai euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa, bai irakaskuntza eremua, eta Etxepare Euskal Institututik euskara eta euskal kultura mundu osoan ikasten duten ikasleei online alternatibak eskaintzeko apustua egin da. Institutuak bi irakaskuntza sare ditu: mundu osoko unibertsitateen bidez eskainitakoa eta euskara eskolak euskal etxeetan eskaintzen dituen Euskara Munduan programa. COVID-19k eragindako egoera gorabehera, eta Institutuaren ahaleginari esker, bi irakaskuntza-sare horietako ikasleek beren prestakuntza jaso ahal izan dute.

Bestalde, Larrazak Institutuaren 2021- 2024 bide-orriaren ildo estrategikoen berri eman die Patronatuko kideei:

  • Koordinazioa eta lankidetza nazioarteko jarduera duten gobernu-organo eta -sailekin, bai eta kultura-erakundeekin eta kultura-sektoreko eragileekin ere.
  • Eraldaketa digitala
  • Hazkunde kualitatiboa
  • Kultura-diplomazia

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu