Linguae Vasconum Primitiae: euskarazko lehen liburuaren isil-gordeak
Euskara. Kultura. Mundura.

XVI. mende hasieran, europar kontinenteak kultur-, giza- eta lengoaia-eraldaketa sakonak bizi izan zituen. 1440. hamarkadan Gutenbergek inprenta sortzeak ezagutzaren zabalkundea irauli zuen, eta Berpizkundearen testuinguruan, hizkuntza erromantzeek berebiziko garrantzia eskuratu zuten latinarekiko, zeina ordura arte literaturan eta erlijio-testuetan erabilia baitzen. Une hartara arte ahozko eremura murriztua, euskara fenomeno horren baitan kokatzen da, eta testuinguru horretan gainerako hizkuntzen pareko indarraldia eta prestigioa aldarrikatzeko saiakerak azaltzen dira. Halaxe, 1545an Bordelen argitaratu zen ´Linguae Vasconum Primitiae´, Bernat Etxeparek idatzitako lehen liburu inprimatua. Ekintza hura mugarri izan zen euskal kulturarentzat, ordura arte ahoz baino transmititu ez zena.
Linguae Vasconum Primitiae
Latinez izkiriatutako ´Linguae Vasconum Primitiae´ tituluak “Euskarazko lehen hasikinak” adierazten du. Hitzaurreak euskaraz inprimitutako lehen obra ontzeko idazlearen bete-beteko kontzientzia erakusten du, eta bertan euskal hizkuntza idatzia izateko gainontzeko mintzairak bezain gauza dela aldarrikatzen du.
1545. urtean argitaratua, hamabost poemez osaturiko bilduma da liburua. Lehen biek erlijio-gaiak dituzte ardatz. Amodioari buruzko 10 poema ditu ondoren, amoranteen arteko bertsoak eta xextrak biltzen dituena, besteak beste, bai eta emakumeen aldeko aldarri bat ere. Hamahirugarrena autobiografikoa kontsidera daiteke, idazleak kartzelan bizitakoak jasotzen baititu. Azken bi poemetan, “Kontrapas” eta “Sautrela”, Etxeparek euskara goresten du, zeina kanpora, kalera, plazara, mundura jalgitzera gonbidatzen duen, gainerako hizkuntzak bezain gai, oparo eta eder dela erakutsi asmoz.
Erabilitako hizkera Ipar Euskal Herriko Donibane Garazi eremuko nafarrera beherea da, eta, lexikoari eta sintaxiari dagokionez arkaikoa izanagatik ere, morfologikoki ez da gaur egungo euskara estandarretik urrunegi kokatzen. Ortografiak, aldiz, garaiko hizkuntza erromantzeen eragina islatzen du, beçala (bezala) eta heuscara (euskara) gisako grafiei erreparatuta.
Bernat Etxepare
´Linguae Vasconum Primitiae´ liburuaren idazlea Bernat Etxepare dugu, elizgizon eta poeta, ustez Duzunaritze-Sarasketan jaioa, Nafarroa Beherean. Haren bizitzako datu gutxi iritsi da guregana, apaiz erretorea, letragizona, eta izen onekoa zela gorabehera. Bizitzaren gehientsuena Donibane-Garazin igaro zuen, are Nafarroako Erresuma independentea zenean.
Bere lanari euskal kulturarekiko eta euskararekiko sentiberatasun sakona dario. Euskarak ez zuen batere estatus ofizialik izan bizi zen garaian, eta bere lanak euskara zaindu eta duin egiteko kultur aldarrikapen-ekintza suposatu zuen.
Bere balio literarioaz gain, Etxeparek ideia goren eta unibertsalak komunikatzeko erabilia izan zedin bilatzen zuen, ez soilik eguneroko herri-mintzaira gisa. Euskal literatura modernoaren aitzindari bilakatu zen hala.
Literatur eta kultur esanahia eta garrantzi historikoa
´Linguae Vasconum Primitiae´ euskal nortasunaren ikurretako bat da. Argitalpen hura azaldu baino lehen, euskara ahozko mintzaira baino ez zen, idatzizko testurik apenas zuena. Edizio hori kaleratu baino lehen, glosa laburrak agertu dira (X., XI. mendeetakoak), kantu batzuetako pasarteak, iruzkinak, adierazpen solteak eta beste hizkuntza batzuetan idatziriko testuetan sarturiko hiztegiak.
Bestalde, gauza jakina da garaiko idazle ugarik, protestanteek kasu, apaiz eta fraide katolikoen bizimodu eta idazgai lizunak salatu zituztela. Eskandalu horiek erantzun asmoz, Eliza katolikoak neurri zorrotzak hartu behar izan zituen, zeina Etxepareren liburua heda zedin oztopo larria zatekeena, eta bada uste duenik, zentsura haren baitan, lehen edizioaren aleak sutara bidali izan zirela.
Etxepareren lanari buruzko iritzi ezberdinak jaso izan dira. Kritikari batzuek bere balio artistikoa testigantza linguistikora murriztu dute, eta beste batzuek, aldiz, haren jardun sortzaile eta poetikoa goretsi dute. ´Linguae Vasconum Primitiae´-ren bitartez, kultuzko poesia eta literaturarako medio izateaz landa, etorkizuneko belaunaldiek beren hizkuntza eta kultura propioen alde egitea ere sustatu zuen Etxeparek.
Liburuaren aleak
Gaur egun, ´Linguae Vasconum Primitiae´ lanaren ale bakarra Frantziako Liburutegia Nazionalean dago, Parisen. Biziraun duen faksimile-edizioa azterlan askoren ikerketa-gai izan da, eta euskal kulturaren eta euskal literaturaren historiaren balio handiko altxortzat jotzen da.
Lotutako edukia
-
Euskara
Euskarari buruz gehiago jakin nahi? Deskargatu doan liburu hau. (Euskara – Frantsesa). Euskara - Gaztelania eta Euskara - Ingelesa bertsioak eskuragarri dituzu webgunean gaztelaniaz eta ingelesez nabigatuta.
-
Euskara ikasi
Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketak sustatzen ditu nazioarteko unibertsitate, goi mailako zentro eta Euskal Etxeetan. Ikusi atal honetan non eta nola ikas dezakezun euskara.
-
Ten things to know about Basque culture
Ez da erraza herrialde bateko kultura hain liburuxka txikian biltzea. Honako hau zertzelada batzuk eskaintzeko saiakera da, jakin-mina pizteko eta euskara, euskal kultura eta euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera animatzeko.