Amaia Molinetek eta Iratxe Jaiok ‘Lo que nos queda por hablar’ talde erakusketan parte hartuko dute
Euskara. Kultura. Mundura.
Amaia Molinet eta Iratxe Jaio artisten lanak Txileko Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoko ‘Lo que nos queda por hablar’ (Hitz egiteko geratzen zaiguna) ‘erakusketa kolektiboan parte hartuko dute. Lanak 2024ko apirilaren 7ra arte ikusgai egongo dira.
‘Zirrikutua’ lana (Amaia Molinet eta Eriz Moreno) aurkeztuko da talde erakusketan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Bestalde, Iratxe Jaioren eta Klass van Gorkumen ‘Bandera Falsa’ lanak ere parte hartuko du erakustetan.
Erakusketak 19 artista garaikideren lanak biltzen ditu, eta Espainiako Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren memoria historikoaren azterketa gogoetatsua proposatzen du, Txilen diktadura zibil-militarra jorratu duten artista txiletarren lanekin elkarrizketa bat sortuz. Erakusketak hainbat ikuspegi aurkezten ditu, instalazioen, bideoen, argazkien eta pinturen bidez iragan hauen alderdi batzuk zalantzan jartzen dituztenak. Gainera, Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoko bildumetako piezak ere hartzen ditu.
‘Zirrikutua’ lanak (Amaia Molinet eta Eriz Moreno, 2023) zeharkako ikuspegi historiko batean oinarritutako proiektu artistiko baten berri ematen du, Gerra Zibilak Larrabetzun utzitako aztarnak ezagutaraziz.
Obra honetan gatazka hau ez da soilik gertakari historiko sorta gisa ulertzen, analisiak zonaldeko ikuspegia eta baita egileen ikuspegi pertsonala ere hartzen duelarik aintzat. Zehatzago esanda, protagonisten ikuspegia, belaunaldiz belaunaldi ahoz aho igarotzen joan den memoria, Molineten eta Morenoren ikuspegiarekin ere uztartzen da. Proiektuaren emaitza argitalpen bat da, bisita gidatu batekin osatu daitekeena, hain zuzen ere.
Bestalde, Iratxe Jaio artistak ‘Bandera Falsa’ (Iratxe Jaio eta Klass van Gorkum, 2023) lanarekin parte hartuko du erakusketan. Instalazioaren abiapuntua Magritteren ‘Le Drapeau Noir’ koadroaren berrinterpretazio bat da, zeinarekin artistek topo egin zuten Gerra Zibilari buruzko ikerketa batean.
‘Hitz egiteko geratzen zaiguna’ erakusketa 2024ko apirilaren 7ra arte egongo da zabalik Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoan (Santiago, Txile), sarrera librearekin. Erakusketa kolektiboan parte hartzen duten artistek lanen bisita gidatua eskainiko dute azaroaren 25ean.
Etxepare Euskal Institutuaren laguntza
Institutuak euskal sortzaileen mugikortasunerako laguntzen programaren baitan diruz lagundu du Amaia Molitenen eta Eriz Morenoren ‘Zirrikituak’ lanaren partaidetza Txileko Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoko talde erakusketan.
Etxepare Euskal Institutuaren lan-ildo nagusietako bat da euskal sortzaile eta artisten nazioarteko presentzia sustatzea. Euskal sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzak funtsezko tresna dira atzerrian gure kultur eta sormen sektorearen posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu, eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzeko.