Locarnoko Jaialdiak ‘Negu hurbilak’ filma aukeratu du ‘Cineasti del Presente’ sailean lehiatzeko.

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-07-13

Abuztuaren 2tik 12ra gauzatuko den Locarnoko Zinemaldiak aurtengo Cineasti del Presente sailean parte hartuko duten lanak iragarri ditu, eta aukeratuen artean ‘Negu Hurbilak´ filma dago. Locarno Film Festival Europa mailako jaialdi handienetarikoa da. A klaseko jaialdi honen 76. Edizio honetan filmak mundu mailako estreinaldia izango du.  Jaialdian hamaika sail daude, eta horien artean bi dira lehiaketakoak: Sail Ofiziala eta Cineasti del Presente. Azken hau zinemagile hasiberriei zuzendutako saila da eta honetan hartuko du parte filmak.  

Ekain Albitek, Adrià Rocak, Nicolau Mallofrék eta Mikel Ibargurenek osatutako Colectivo Neguk zuzendutako filma da eta Maluta films eta Cornelius Films dira ekoizleak. Filma euskara hutsean egin da. 2010 urtean Zubietako herrian euskal gatazkaren testuinguruan kokatzen den ihesaldi baten istorioa da. Bakardadeari buruz diharduen film iluna eta pausatua da. Jazarpenak bultzatuta, ziurgabetasunean murgilduta dagoen neska gazte bat da protagonista. Orain arte beren bizipenaren mina kontatu ezin izan duten eta, beraz, entzun ez dituzten pertsona horiei leiho bat, ahots bat, ematea da filmaren helburua. Aktore protagonista Jone Laspiur da, baina beste guztiak herritarrak dira, ez dira profesionalak. Filmaren prozesuari dagokionez, gidoiarekin egin dute lan, baina inprobisazioa ere presente egon da, bestalde analogikoan eta 16mm-tan grabatuta dago. 

‘Erroitz’, ‘Uhara’ eta ‘Rabassa morta’ film laburren ondoren ‘Negu Hurbilak’ da Negu kolektiboaren lehen film luzea. Locarnoko jaialdira iritsi aurretik ‘Negu Hurbilak’ filma WIP (Work In Progress - produkzioa sustatzea eta postprodukzio-fasean dauden filmak amaitzen laguntzea helburu duten jaialdiak) ezberdinetan egon da. Pasa den uztailean lehen mozketa erakutsi zuten Atlàntida Mallorca Film Festen, Talent Labeko WiP atalean. Ondoren, L´Alternativa Fest - 29è Festival de Cinema Independent de Barcelonan Cinema Pendent (WiP) sailean aurkeztu zuten. Festival Internacional de Cine de Xixón-en ere egon ziren Semilleru Lab (WiP) atalean, baita REC Festival Internacional de Cinema de Tarragonan eta azkenik Festival Internacional de Cinema d´Autor de Barcelonan, D’A Film Lab (WiP) atalean.  

Zineuskadik Mikel Ibargureni, ‘Negu Hurbilak’ lanaren zuzendarietako bati egindako elkarrizketa batean, Negu kolektiboaren helburua filma ezagutaraztea dela azaldu du, eta horretarako jaialdietan parte hartzea aukera paregabea dute lana ezagutzera emateko, jendeak ikus dezan eta oihartzuna izan dezan. Ibargurenek dio aurrera begira, Estatuko jaialdi garrantzitsu batean estreinatu nahi dutela lana, eta Katalunian ere estreinaldi bat egingo dutela. Halaber, zinema aretoetara iristea ere gustatuko litzaieke.  

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu