Mario Paniego eta Amaia Vicente: euskal artistak Wroclawn

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-12-05

Euskal Herriak Poloniarekin duen elkarlan artistikoa 2014. urtean hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016. urterako Kultur Hiriburu izendatu zituztenetik. 2016. urtea igaro ondoren, elkarlanak bete horretan jarraitu zuen, eta jada 11 euskal artistak egin dute egonaldia Poloniako hirian, AIR WRO (Artists In Residence programme Wroclaw) programari esker. Horietatik azkenak izan dira Mario Paniego eta Amaia Vicente (aurrerantzean M eta A), eta, jada egonaldia amaituta, haiekin hitz egin dugu bertan egin dutenaren inguruan.

Euskal Herriak Poloniarekin duen elkarlan artistikoa 2014. urtean hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016. urterako Kultur Hiriburu izendatu zituztenetik. 2016. urtea igaro ondoren, elkarlanak bete horretan jarraitu zuen, eta jada 11 euskal artistak egin dute egonaldia Poloniako hirian, AIR WRO (Artists In Residence programme Wroclaw) programari esker. Horietatik azkenak izan dira Mario Paniego eta Amaia Vicente (aurrerantzean M eta A), eta, jada egonaldia amaituta, haiekin hitz egin dugu bertan egin dutenaren inguruan.

Ezagutzen al zenuten AIR WRO programa? Nola izan zenuten haren berri?

M: Bai, ezaguna nuen. 2016. urtean, Donostiako Kultur Hiriburutzarekin bat eginez, egonaldi artistikoa egin nuen Kroaziako Rijeka hirian, 2020. urtean Kultur Hiriburu izango dena. Itzuli nintzenean, Tabakaleran erakusketa bateratu batean parte hartu nuen beste hainbat artistarekin, eta horietako batzuk AIR WROn egonak ziren. Kontatu zidatena gustatu zitzaidan, eta ordudanik deialdiei adi egon naiz.

A: Programa Etxepare Euskal Institutuaren webgunearen bitartez ezagutu nuen, baita bertan lehenagotik egon direnen ahotik ere.

Programaren zein ezaugarrik erakarri zintuen bereziki?

M: Atzerrian, epe mugatu batean, aurrekontu zehatz batekin eta ekoizpen-laguntzarekin proiektu bat garatzea oso erronka erakargarria da niretzako. Bereziki, deialdiak jadanik lantzen ari zaren gai batekin bat egiten duenean; izan ere, publizitatearen erabilera irudi-jokoen bidez kuestionatzen zuen lan bat egin berri nuen Bilbon. Deialdiaren oinarriek, jendearen pentsamendua aktibatuko zuten eta hiriek zein zentzutan aldatu behar duten galdetzera eramango zuten proiektuak eskatzen zituen. Eta, apur bat ikertu ostean, Wroclawn publizitatearen erabilerarekin arazo handia dutela jakin nuen.

A: Polonia bezalako leku batean egonaldia egiteak erakarri ninduen, batetik, ez nuelako ezagutzen, eta bestetik, bere historia garaikidea, kultura eta Europar Batasunera 2004. urtean sartu izana oso faktore interesgarriak iruditzen zaizkidalako. Bestalde, bertan lehenagotik egondako hainbat artistaren erreferentzia onek ere izena ematera eraman ninduten.

Zertan zetzaten zuen proiektuek eta zein helburu zuten?

M: Nire proiektuak Wroclawko hirigunean hiru publizitate-euskarri ezberdin ezartzean zetzan. Bata, lorategi-gune batean jarritako city lights bat (kalean ipinitako euskarri argiztatu bat); bigarrena, eraikin baten fatxadan zintzilikatutako bost metroko garaierako billboard-a; eta, azkena, espaloi baten erdian jarritako mushroom bat (euskarri zilindrikoa). Hiru eremuetan, euskarriaren atzean dagoenari, publizitateak gero estaliko duen horri, argazkia ateratzea izan da nire eginkizuna, gero irudia euskarrian bertan itsatsi eta benetako fondoaren eta irudiaren arteko jarraitutasun-ilusioa sortzeko asmoz. Honen helburua, ikuslea hirietan eta gure bizitzetan publizitateak duen eraginaren inguruan hausnartzen jartzea izan da, joko optiko erakargarri baten bidez.

A: Nire proiektuaren helburua bi mikrofonoren bitartez soinu binaurala grabatzea izan da, hiriaren soinu-paisaia sortzeko. Horretarako, hainbat musikarik eta artistek parte hartu dute lan honetan. Bestalde, nire lanaren aurkezpen-tailer bat egin dut, eta bertan mikrofono binaural bat nola egin azaldu dut.

Nolakoa izan da proiektuen prestaketa-prozesua Wroclawn egindako egonaldian?

M: Oso nekeza izan da. Hiriko publizitatearen arazoarekin aritzen diren hainbat erakunde eta aktibistekin elkarrizketak eginez hasi nuen prestaketa. Gero, nire esku-hartzea egiteko leku egokiak bilatu nituen, horien erabilgarritasuna aztertu, aurre-kontua zehaztu, argi egokiarekin argazkiak atera, inprimatzeko tonu egokiak aukeratu, prozesu guztia dokumentatu, etab. Epeekin ere arazoak eduki ditut, noski.

A: Eskerrak eman nahi dizkiet programaren antolatzaileei, lehen egunetik galdetu baitzidaten zer behar nuen proiektua aurrera ateratzeko, eta behar nuen bermea eman eta behar nuen jendearekin kontaktuan jarri nindutelako. Nire kasuan, lehenengo kontaktua hiriko musika estilo ezberdinetako taldeekin egin nuen, euren lokaletako edota musika eskoletako entseguak eta aretoetako kontzertuak grabatuz. Horrez gain, hainbat hiritarrekin ere kontaktuan jarri naute, eta horiekin egindako lana ere oso interesgarria izan da proiektuarentzako: haien ahotsaren eta hitzen bitartez testuinguru sozial, ekonomiko eta politiko batean kokatu ditzakegu, baita bakoitzak Europarekin duten erlazioa jakin ere.

Nolakoa izan da zuen proiektuen harrera?

M: Proiektuaren harrera oso ona izan da, eta emaitzak pozik utzi nau. Asko mugitu da antolakuntzaren sare sozialetan, baita euskarriei argazkiak ateratzen zizkieten pertsonei esker ere. Poloniako TV3 telebista-katea ere gurekin jarri zen kontaktuan, elkarrizketa bat egiteko eta goizeko saio batean emateko, “Imajina ezazu publizitaterik gabeko hiri bat” esaldia publikoari igorriz. Proiektuaren aurkezpenera ere jende asko etorri zen, baita ekimen hauetan parte hartu ohi ez duen jendea ere. Publizitaterik gabeko hiri bat, are gehiago, mundu bat imajinatzeko proposamenak eztabaida interesgarria piztu zuen.

A: Publikoak nahiko ondo jaso du lana. Kontuan hartu behar da, batetik, proiektua WRO Art Center kulturgunean erakutsi zela, artearen eta soinuaren gaiak lantzen dituen leku batean, alegia; eta bestetik, Polish Soundscape izeneko erakusketa baten barnean aurkeztu zela, zeinak soinu-paisaien eraikuntzan zuen oinarria. Ikuspuntu honetatik, bertaratu zen publikoa soinuaren artetik gertu dagoen jendea izan da, eta gehiengoari interesgarria iruditu zaio euren hiriaren soinu-paisaia ezagutzea.

Zer azpimarratu nahiko zenukete zuen egonalditik?

M: Batez ere, proiektuaren hastapenetan egindako ikerketa eta elkarrizketen lan hori. Zatirik ikusezinena da, baina oso aberasgarria egin zait, ikuspuntu eta sentsibilitate ezberdinetatik publizitatearen arazoari ekiten dion jendearekin hitz egin ahal izan dudalako, nire kezkak partekatuz eta haienak ere ulertuz.

A: AIR WRO-ren bidez ezagutu dudan jendea, izan dudan harrera eta hiria bera. Polonian oso ondo egiten dute lan, eta horrek eragina izan du nire lanaren emaitzan; izan ere, nire lana behar bezala egin ahal izateko, harremana eta kontaktuak edukitzea ezinbestekoa zen.

Eman al dizu egonaldiak irakaspen pertsonal, sozial edo artistikoren bat, Euskal Herriko gizartean islatu nahiko zenukeena?

M: Ziurrenik, orain asimilatu dezakedana baino arrasto handiagoa utzi dit, denboraren gertutasuna dela eta. Azpimarratu nahiko nukeen zerbait, bertan espazio publikoan egiten den publizitatearen erabilerarekiko garatzen ari diren sentsibilizazioa da. Iraganean izan duten gehiegikeriaren ondorioz, orain horri buelta ematen ari dira eta, adibidez, Kultur Parkea izeneko lege bat dute martxan, etorkizun batean hiriguneko publizitate euskarri guztiak desagerrarazteko helburua duena. Hemen, ostera (Bilbo dut buruan, gehien ezagutzen dudan hiria baita), espazio publikoan dagoen iragarki kopurua gero eta handiagoa da. Azken urteotan, lehen nire aburuz garraio ederrak ziren metroa eta tranbia espazio itogarriak bihurtzen ari dira. Pertsonak eramateko garraio izatetik, publizitate euskarri soil izatera igaro dira. Espero dut etorkizun batean arazo honekiko kontzientzia handitzea, eta agintaritzak ere sentsibilitate handiagoa garatzea.

A: Maila artistikoan, programa honek beste pertsonekiko kolaborazioaren menpe dagoen lan bati aurre egiten lagundu dit, eta AIR WRO-k jakin du nire beharrak ulertzen eta zentzu horretan laguntzen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.